Jose Luis Korta: “Dirua erabiltzen dutenek izorratu dute arrauna”

'Berria'-n elkarrizketa egin diote Kaikuren entrenatzaile oriotarrari, Kontxako Banderaren jardunaldi erabakiorraren bezperan.
Jose Luis Korta. (Hitza)

Jose Luis Korta. (Hitza)

Zintzo asko dago zain Castro Urdialesko sarreran (Espainia), esandako lekuan. Askotan jotzen dio telefonoak: “Denekin hitz egiten dut eta”, esan du Jose Luis Kortak. Entzuten ere badakiela erakutsi du, eta solasaldi jatorra izan du Berriarekin. Hasi, Kontxako Banderarekin hasi da jarduna, eta arraunaren mamiari heldu dio bide horretan. Gero azaldu dira beste gai batzuk solasaldian, ez hain gozoak. Ohi duen bezala, garbi mintzatu da.

Zergatik ez du Kaikuk aukerarik Kontxa irabazteko?

Talde berria daukat, arraunlari bat hangoa, bestea hemengoa, eta, esaten dudan bezala, Nazio Batuen Erakundea ematen dugu [barrezka]. Azkeneko unean batetik eta bestetik lapurreta eginez osatu genuen taldea, eta uste baino hobea atera zaigu urtea. Ez dago gehiago eskatzerik taldeari. Bakarra bagenu aurretik, baina hiru taldek batera huts egitea zaila da; gure arriskua atzetik dago, laugarren lekuari eusteko. Ba al dakizu zer gertatzen den? Ohitu egin gara uda osoan hiru handien atzetik ibiltzen. Irteera jo orduko azkar asko alde egiten dute, ez dira gure zain egoten, eta berriz ere azkar ibiliko dira. Ahalik eta azkarren ibiltzen saiatuko gara, eta ea lehengo igandean bezala asmatzen dugun berriz.

Zertan asmatu zenuten?

Arraunak luzatu, pala txikitu… hor ibili nintzen larunbatean. Igandeko beroketan antzeman nion traineruari erritmo biziagoan genbiltzala. Trainerua goraka doa gurea, neguan egin gabekoa udan landu eta gero. Fresko ez gaude, baina ari gara blokea egiten. Txispa handirik ez daukagu, oinarria udan landu behar izan dugulako, estropadetan; neguan taldea osatu ezinda ibili ginen entrenatzeko. Kezka neukan Kontxan sartuko ote ginen ere, baina, behin hori lortuta, denboraldia salbatu dugu. Kontxan Kaikuk egindako denbora azkarrena egin genuen igandean, eta pozik egotekoa da. Izan ditut talde hobeak Kaikun, 2009an eta 2010ean, baina tokatu ez aurreko jaiko giroa.

Non jartzen duzu markaren muga?

Orion egindako azkeneko urteetan esaten nuen 18.40 egin zitekeela Kontxan. 1996an eta 1997an zen. Giro ona behar da, eta olatu pixka bat, kanpora eta barrura hartzeko modukoa, baina parean ez tokatzea halakorik. Lehengo igandean bezain giro hoberik ez dut Kontxan ikusi 40 urtean; akaso, San Pedrok errekorra jarri izan zuenean [19.23koa egin zuen 1993an]. Uhartean nengoen haitzen kontra, eta Libia izena traineruan bezain garbi islatzen zen uretan, oso-osorik. Gogoan daukat irudi hura, eta ederki azaltzen du nola zegoen itsasoa, bare-bare. Hala ere, baga pixka bat behar du, eta lehen igandean haize pixka bat gehiago izan bazen bigarren txandan, hamar segundo hobea izango zen marka.

Irakurri elkarrizketa osoa Berriaren webgunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend