Jon Unanue: “Urdaibai bezalako talde batean egotea pribilegio bat da”

Jon Unanue, erdian, ligako garaikurrarekin. (Eusko Label Liga)

Jon Unanue, erdian, ligako garaikurrarekin. (Eusko Label Liga)

Urdaibai arraun taldeak bere seigarren TKE liga irabazi zuen joan den igandean Portugaleten, azken jardunaldian. Jon Unanuerentzat (Azkoitia, 1988) bigarren txapela izan da. Astebete lehenago Kontxako banderak ihes egin izanaren “kolpe gogorra” samurtzeko balio izan dio ligako garaipenak azkoitiar arraunlariari.

Ondo ospatuta gelditu al da Eusko Label Ligaren txapela?

Bai, ospatu dugu, bai. Arraunean ez dakit baina, beste horretan ez dugu akats handirik. Bermeon harrera egin ziguten eta polita izan zen.

Azken jardunaldira arte ez da erabaki txapelketa. Bereziki estua izan al da aurtengoa?

Uda osoan oso berdinduta egon da kontua. Hondarribiak ez digu arnasarik hartzen utzi, geuk ere edukin ditugu momentu txarrak, baina azkenean lortu dugu garaikurra Bermeora ekartzea, eta gustura.

Kontxako arantza kentzeko balio izan al dizue ligako garaipenak?

Kontxan kolpe gogorra jaso genuen. Lehenengo igandean halako lana egin, halako errekorra ezarri… Baina aldeak estu gelditu ziren, eta bigarren igandean atera zen denboralearekin, oriotarrak hobeto egokitu ziren baldintza txarretara. Gertatzen diren gauzak dira, hau kirola da. Ligan, aldiz, garaipena gure aldera ekartzea lortu dugu eta horrekin, behintzat, gustura gaude.

Taldeari dagokionez, nola baloratzen duzu bukatu berri duzuen denboraldia?

Balorazioa oso-oso positiboa da. Egia da, Kontxan gertatutakoarekin, hamarrekoa izan zitekeenak disdira puntu bat galdu duela; baina ligaz gain, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak irabazi ditugu, eta denboraldi oso ona osatu dugu. Are gehiago talde erdia baino gehiago berritu dugula kontuan hartuta, entrenatzailea eta patroia tartean.

Eta zeure burua, nola ikusi duzu?

Oso gustura ibili naiz. Estropada guztietan ez bada, gehienetan parte hartu dut. Horrelako talde batean egotea pribilegio bat da, bete-beteko uda bota dugu. Neure buruarekin konforme gelditu naiz, urte hasieran eskuak tarteko trabak izan nituen arren.

Zer arazo izan duzu eskuetan?

Atzamar batean ebakuntza egin zidaten joan den neguan, eta kostatu egin zait errekuperatzea. Egia esan, orain ere ez daukat ondo, oraindik arazoak emango dizkidala ematen du, eta ikusi egin beharko dut zer egin; eskalatzaileek izan ohi duten lesio mota bat da, itxura denez. Ebakuntzaren ondorioz, hilabete beranduago hasi nintzen uretan entrenatzen eta pixka bat atzetik ibili nintzen hasieran.

Joseba Fernandez zuen entrenatzaileari taldeko arraunlari bakoitza motzean definitzeko eskatu zioten Berrian. Zu “animalia bat” zarela erantzun zuen.

Kar, kar, kar! Nahi izanez gero, hementxe doa txofer eta galdetu berari, ea zer esan nahi zuen [telefonoz erantzun dizkio Unanuek HITZAri galderak, Fernandezekin batera kotxean zihoala]. Gidatzen dihoala eta ezin duela erantzun esaten du… Zentzu onean esango zuela espero dut, noski. Zeozer esan beharko zuen eta, horixe.

Datorren denboraldian, zer? Urdaibain jarraituko al duzu?

Orain hilabete eta erdi edo bi hilabeteko eten bat izango dugu, atseden hartzeko. Oporrak lasai disfrutatu nahi ditut, eta gero, gerokoak. Ezeren okerrik edo ezer arrarorik ez bada, taldean jarraitzea da nire asmoa.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend