Artxibatu ezin diren testigantzak, argitara
Pantaila handira iritsiko da gaur, urriak 24, Pasaiako Badia dokumentala. 1984ko martxoaren 22an Pasaian gertatutakoa jasotzen du Yuri Agirrek, Xabier Otamendik eta Erik Aznalek ekoiztutako ikus-entzunezkoak. Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zitun Pasaiako badian.
Duela 33 urte jazotakoaz dokumentala egiteko ideia “aspaldi” piztu zitzaiela kontatu dute egileek. Yuri Agirre hasi zen proiektuarekin lanean, eta hark dio Pasaiako segadan hildakoen senideek dokumentala egitearen ideia buruan zutela ordurako. Geroxeago batu zen proiektura Xabier Otamendi, eta Agirrek eta biek Oinatzak Produkzioak ekoiztetxea jarri zuten martxan. Ondoren batu zen taldera Erik Aznal.
1984ko martxoaren 22 hartan Pasaian jazo zena “fikziozko istorioa gainditzen duen gertakaria” da Agirreren arabera: “Elementu narratibo asko ditu, eta dokumentala osatzeko aproposa izan zitekeela pentsatu genuen. Gainera, ezagutzen genuen gaia, herrian entzunda. Gertatutakoak duen larritasuna ikusita, Pasaian jazotakoa gizarteratzea zen gure helbura, kazetaritzatik eta ikus-entzunezkoetatik, gure arlotik, ekarpena eginda”.
Proiektu “potolo” bat egiten duten aurreneko aldia izan da, eta “finantzazio, komunikazio eta produkzio lanen konplexutasunaren ondorioz”, urratsak “poliki-poliki” egin dituzte. “Gauzak nola egin ikus-entzunezkoa egiten ari ginen bitartean ikasi dugu. Esperientzia duen jendearekin bilerak egin ditugu, eta edozein pauso eman aurretik, gaiaz jakintza zuten lagunekin hitz egin dugu. Jende asko izan dugu bidelagun, tartean Patxi Azpillaga azpeitiarra. Ibon Toledoren eta Idoia Sanchezen lana ere ezinbestekoa izan da, eta Koldo Eizagirrek ere lagundu digu”, kontatu dute egileek.
Prozesu luzea, eduki mamitsua
Guztira, bi urte baino gehiago behar izan dituzte gaur argia ikusiko duen dokumentala ontzeko. “Prozesu luzea, eta une askotan, gogorra” izan dela esan du Otamendik: “Ez gara talde profesionala. Gu ere ikasten jardun gara etengabe, teknikoki akatsak egin ditugu eta nekeak ere eragin du, baina lortu dugu aurrera ateratzea”. Horri lotuta, egileek diote grabaketa egunak “gogorrak bezain ederrak” izan zirela.
Erreportajea osorik, uztarria.eus-en.