Gari Uranga: “Beste klub batetik deitu banindute, ez dakit onartuko nukeen”

Azken zazpi urteetan Hondarribian arraun egin ondoren, etxeko taldera itzuli da Gari Uranga. Oraingoan, ordea, ZAEko entrenatzaile gisa. Beretzat erronka berri bat dela dio, lehen aldia duelako ardura horretan.
 Gari Uranga, ZAEren egoitzan (Aritz Mutiozabal).

Gari Uranga, ZAEren egoitzan (Aritz Mutiozabal).

“Horko argazkiari begira nago. Zumaiako Bandera irabazi genuenekoa da”. Zortzi urte geroago, Zarautz Arraun Elkarteak Aiako Ubegun industrialdean duen egoitzara itzuli da Gari Uranga (Zarautz, 1982). Oraingo honetan entrenatzaile izatearen erantzukizunarekin. Ibilbide berriak ilusioa egiten diola dio,eta arraunlariei ilusio hori igortzeko asmoz heldu dio erronkari.

Nola suertatu da etxeko taldea entrenatzeko aukera?
Anjel Larrañagak Zarauzko entrenatzaile izateari utzi diolako sortu da. Gauzak ez dira etortzen norberak nahi dituenean, suertatzen direnean baizik, eta halaxe etorri zait aukera. Hondarribian zazpi urte egin ditut, eta pixka bat nire zikloa beteta zegoela ikusten nuen. Zazpi urte on izan dira, baina eskaintzeko nuena jada eskainita neukan. ZAEtik deitu ninduten, eta entrenatzaile izateko aukera komentatu zidaten. Erronka eta ilusio berri bat izan da niretzat, eta, gainera, Zarautzen. Inguruko guztiak nirekin arraunean egindakoak dira, lagunak dira.

Ezustekoa izan al da zuretzat ala espero zenuen deia?
Ezustekoa izan da. Orain arte ez nuen planteatu ere egin entrenatzaile izatea, eta, agian, beste klub batetik deitu banindute, ez dakit onartuko nukeen ala ez. Azken finean, erantzukizun handia da, eta oraindik nahiko gaztea naiz… Zarautzen, ordea, lagunak dira eta laguntzeko prest daude. Beraiei ere ilusioa egin die ni prest egotea.

Nahiko azkarra izan da dena?
Bai, hala izan da. Baina kontuan izan behar da abian jartzeko datak gainean direla. Hemendik pare bat astera entrenatzen hasiko gara, eta nik guztia prestatu behar dut ordurako. Beraz, erabakia ere ezin zen ge­hiago luzatu. Alde horretatik, ahalik eta azkarren lotu behar da guztia, eta astebetean edo hamar egunean zehaztu genuen guztia. Nahikoa denbora izan nuen pentsatzeko.

Erronka bikoitza da, nolabait ere.  Batetik, lehen aldia duzu entrenatzaile lanetan, eta, bestetik, TKE liga KAE ligatik ordezkatu duzu.
Aldaketa handiena da entrenatzaile izango naizela. Aldaketa izugarria da niretzat. Orain arte besteek esandakoa egiten nuen eta etxera joaten nintzen. Orain, ordea, erantzukizun handiagoa izango dut mutilengan. Gainera, mutil gazteak izango dira, eta iruditzen zait haien geroari begira eragin handia izan dezakedala. Bestalde, liga batetik bestera jaisteko kontuari ez diot aparteko garrantziarik ematen. Azken batean, arrauna arrauna da, eta lau baliza eta hiru ziaboga daude guztiontzat. Kontua da gu ohituta gaudela estropadetan helikopteroa eta telebista egotera, baina, funtsean, berdina da.

Entrenatzaile lanetara mugatuko zara ala arraunean ere egiteko asmoa duzu?
Entrenatzaile eta arraunlari funtzioak beteko ditut. Hori oso garbi daukat. Ontzi barrutik edo ontzi kanpotik oso ezberdin ikusten dira gauzak. Ez da futbola bezala… Arraunean ontzia sentitu egin behar duzu, eta horretarako ontzi barruan joan behar da. Goian dauden entrenatzaile ia gehienek bi funtzioak uztartu dituzte: Mikel Orbañanos arraunlaria eta entrenatzailea da, bere garaian Jon Salsamendi eta Jose Luis Korta ere bai, edo Iñaki Errasti, Jon Iriondo, Mikel Arostegi… Normalean bi paperak betetzen dira, traineru barruan joatea oso inportantea delako, eta are gehiago mutil gazteak baldin badituzu taldean. Niri behintzat zaila egingo litzaidake kanpotik jakitea ontzia nola doan edota zer behar duen. Ontzi barruan joanda errazago igartzen diozula uste dut.

Hainbat entrenatzaile izan da zure ibilbidean, baina horien artean bi izen nabarmendu behar dira: Jose Ramon Mendizabal Mendi eta Mikel Orbañanos. Zer ikasi duzu haiengandik?
Oso oroitzapen onak ditut Mendirekin. Sekulako ilusioa eta grina zeukan, eta gai zen hori guztia transmititzeko. Ikaragarria zen. Izan ere, entrenamendu gogorrenetan, gorputzarekin gehiago ezin zenuenean ere, gai zen arraunlaria gehiago zukutzeko, eta zuk zeuk ere sentitzeko hala egin behar zenuela. Hark asko bizi zuen arrauna, eta hori garaiko arraunlari gazteontzat egundokoa izan zen. Fisikoki oso ongi ibili ginen sasoi hartan.
Orbañanos oso entrenatzaile ona da. Berehala igartzen du ontziak zer behar duen eta zer ez momentu bakoitzean. Nik harekin oso erlazio ona eduki dut. Oso ongi bereizten du, nahiz eta zaila izan, arraunlari eta entrenatzaile papera. Bi funtzioak bereizten dakizki, eta harremanetarako pertsona erraza da. Beti laguntzeko prest dago, gainera.

Haiengandik ikasitakoa helaraziko diezu orain Zarauzko arraunlariei. Baina zuk zeuk ere izango duzu ikuspuntu propioa, ezta?
Hori da, bai. Nire nortasuna ere helarazi beharko diet. Izan ditudan entrenatzaileetatik pixka bat hartuko dudan arren, nirea ere egin beharko dut. Zer nahi dudan argi dut, baina ilusioa eta lanerako gogoa dira Zarauzko klubari orain eskatuko dizkiodan gauzak. Gero, joango gara beste gauzak zehazten… Nik ere badut zer ikasia. Iruditzen zait irakasteko badudala, baina baita ikasteko ere.

KAE 1 mailan dago Zarautz; aurten 7. postuan bukatu du liga. Zeintzuk dira datorren denboraldiko helburuak?
Kirol helbururik ez dugu finkatu oraindik. Horretaz ez dugu hitz egin. Baja batzuk ditugu taldean, eta, jakina, gustatuko litzaidake taldea goraka eramatea, baina zaila izango da. Zarautz bezalako klub batean hiruzpalau arraunlari falta baldin bazaizkizu, nekeza da gorago begiratzea. Aurten, KAE 1en ikusi dut oso gutxi behar zela bai goiko multzoan sartzeko bai beheko multzoan sartzeko, eta joera horretan, taldeak pixka bat aurrera egitea nahiko nuke. Baina hori udan ikusi beharko da: non gauden eta zer lor dezakegun. Oraindik oso goiz da.

Enbataren bolada onenean arraunlari izan zinen. Multzo hartatik hainbat irten zineten, ondoren goi mailan banderak irabazi dituzuenak. Sasoi hura errepikatzea posible dela uste al duzu?
Garai hartan beste talde mota bat zegoen Zarautzen, eta sekulako lana egin zen ilusio eta gogo handiarekin. Talde ona zen, baina arraunlari oso gazteak ziren, eta Mendik igortzen zuen grinarekin, eta lana gogotik eginda, mailaz igotzea lortu zen etxeko jendearekin. Ondoren, kanpoko bospasei arraunlari on etorri ziren, eta pixka bat bi gauzak nahastu ziren. Izan ere, jende ona zegoen herrian: Gorka Aranberri, Bersaitz Azkue, Hegoi Intxauspe eta Mikel Zapirain, esaterako. Horrela, talde indartsua eratzea lortu zen. Gustatuko litzaidake hemendik urte batzuetara errepikatuko balitz, baina horretarako faktore askok egon behar dute. Nik uste dut Zarautz beste zerbait dela egun, eta helburua da gazteak trebatzea eta ilusioa piztea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend