Itziar Elias: “Urte osoan egiten den lanaren loraldia dira Antzerki Topaketak”

Euskal antzerkigintzan "erreferente" dira Azpeitiko Antzerki Topaketak, Eliasen arabera. Euskarazko antzerkia "osasuntsu eta oparo" sumatzen du, baina uste du badagoela zer hobetu.
Itziar Elias. (Ihintza Elustondo)

Itziar Elias. (Ihintza Elustondo)

Antzerkizalea eta antzerkilaria da Itziar Elias (Azkoitia, 1980). Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen antolaketan bere alea jarri du, eta gertutik ari da jarraitzen saioak. Orain gutxi arte EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko koordinatzailea izan da, baina postu hori utzi egin behar izan du. Orain, militante gisa jarraitzen du lanean.

EHAZEk une honetan ez du langilerik. Zer gertatu da?

Antzerkizale elkarteak erabakiak hartzeko larrialdi talde bat dauka une honetan. Langile bat ordaintzeko modua galdu zuen, eta, agian, surrealista dirudi, ze euskal antzerkia oparotasun handia ari da bizitzen; gero eta lan gehiago egiten dira. Aldiz, euskarazko antzerkia bultzatzeko dagoen elkarte bakarrak oztopoak besterik ez ditu, eta laguntza gutxi. Baina, orokorrean, euskalgintzan ari garen guztioi gertatzen zaigu gauza bera. EHAZE ere ukitu du horrek, eta berreraikitzeko lanean ari da elkartea.

Euskal antzerkigintzari bultzada emateko, zer garrantzia dute Antzerki Topaketek?

Erreferente dira, batez ere, euskara hutsean direlako. Programatzaile batzuek uste dute euskara hutsean antzerki topaketak egitea ezinezkoa dela, nahikoa euskarazko antzezlan ekoizten ez direlako. Eta topaketek balio dute jende horri erakusteko posible dela. Badaude euskarazko antzezlanak, eta, zorionez, asko; gainera, onak eta kalitatezkoak dira. Oparo eta osasuntsu dago une honetan euskal antzerkia.

Helduentzako antzerki laborategiarekin zabaldu nahi zenuten aurtengo Antzerki Topaketetako egitaraua, baina saioa ez zen aurrera atera, jende nahikoa apuntatu ez zelako. Zer balorazio egiten duzu?

Bost urtez antolatu dugu Antzerki Eskolen Eguna, eta, orain arte, joera handiagoa izan dugu haurrei zuzendutako gauzak antolatzeko. Helduentzat oso gutxitan egin izan dugu deialdia, haiengana iristea oso zaila da. Lan handia egin behar da, eta, askotan, asmatzen jakin behar da. Tailerrak horrela dira: sekula ez da jakiten zer gertatuko den. Pena izan da saioa bertan behera uztea, baina gertatzen diren gauzak dira, eta nik uste dut garrantzia kendu behar zaiola.

Hiru obra ikusteko aukera izan da dagoeneko topaketetan. Zer moduzkoa da aurtengo programazioa?

Oso gustura nago, iruditzen zait denontzako gauzak daudela. Ez gara betikotasunean erori, eta askotariko egitaraua prestatu dugu. Finean, horrek egiten ditu ezberdin aurtengo topaketak. Oso gauza bereziak ekarri ditugu; betiko merkatuan asko funtzionatzen duten eta barre egingo dugun antzerki horiek badaude, eta alternatiboak deitzen ditugun edo gauzak modu ezberdin batean jorratzen dituzten horiek ere bai. Azken horiek garrantzitsuak dira antzerkian gabiltzanontzat, ausartak direlako eta bide berriak jorratzen dituztelako. Udal batek apustu hori egitea esanguratsua eta eskertzekoa da.

Ba al dago ikusteko desiratzen zauden obrarik egitarauan?

Bai, datorren ostiralekoa: Hau da nire ametsen kolorea, Compagnie Rouge Elearena. Gustuko dut konpainia; egiten dituzten lanak oso poetikoak eta bereziak izaten dira. Gauza asko uztartzen dituzte –zirkua, musika, poesia…–, eta dena era oso naturalean eta goxoan. Berritzailea da beraiek egiten dutena, eta sekulako gogoa daukat ikusteko.

Zu zeu ere ari zara zerbait egosten: Biziminak proiektuarekin sormen egonaldia egitekoa zara Soreasu antzokian.

Penatan gaude ez digulako astirik eman obra topaketetan estreinatzeko, baina, beno, beranduago izan beharko du. Otsailaren amaieran estreinatuko dugu, eta abendutik otsailera egongo gara Azpeitian, egonaldia egiten. Azpimarratuko nukeena da Azpeitia apustu nabarmena egiten ari dela euskal antzerkia bultzatzeko, eta urte osoan egiten den lanaren loraldia direla topaketak. Antzerkia ez da soilik emaitza, sormen prozesuak ere hor daude, eta zaila da gaur egun Azpeitian bezala zainduko zaituzten leku bat topatzea.

Zerbait konta al dezakezu Biziminak obrari buruz?

Minei buruz hitz egiten du. Tamalez, herri txiki honetan min handia dago, azken 30 urte baino gehiagotan bizi izan dugun gatazka soziopolitikoak eraginda. Jon Maiaren Kantu bat gara poesia hartu dugu oinarri, eta antzerkirako egokitu dugu, kultur esparru ezberdinak uztartuta. Guk ez dugu nahi erantzun bat ematerik, ez dugu esan nahi zer egin zen ondo eta zer gaizki, eta ezta etorkizunean zer egin behar den ere. Gure memoria kontatu nahi dugu, guk bizi izandako horretatik, eta erakutsi nahi dugu ez garela ez gorrak, ez itsuak eta ez mutuak. Gutako bakoitzak geure mina daukagu, baina besteena ere ikus dezakegu. Oholtzan momentutxo bat eskaini nahi dugu denok aukera izan dezagun norberaren mina eta besteena sentitzeko.

Nola ikusten duzu antzerkizaletasuna, gaur egun?

Azpeitian oso ondo, oso bizirik egon da beti, nahiz eta gorabehera batzuk izan. Uste dut azken urte hauetan euskal antzerkiak aldaketa bat bizi izan duela: guk kontatzeko dugun beharretik abiatuta hasi gara antzerkia sortzen. Oso ondo dago Shakespeare egitea edo Katalunian ez dakit zer egin dutela eta, guk hori kopiatzea. Baina hori ez da gurea. Zentzu horretan, aldaketa egon da antzerkiarekiko, eta hori eskertu egin du ikusleak. Aldaketa horrek belaunaldi berri bati antzerkira joateko gogoa piztu dio.

Inoiz baino ‘geureagoa’ da euskal antzerkigintza?

Bai, zalantzarik gabe. Une honetan, euskarazko eskaintzari erreparatzen badiogu, gehienak bertan eta euskaraz sortutako lanak dira. Alde batera lagatzen ari gara lehen egiten zena: erdaraz sortu eta gero itzuli euskarara. Denok dakigu erdarazko txiste bat euskarara itzultzean, grazia galtzen duela, ezberdinak garelako eta hori ez delako gurea. Orain, gehiena bertan sortzen da. Dena den, oraindik ere asko dago egiteko; oraindik ere antzerkiak ez dauka musikak edo bertsolaritzak duen oihartzuna, baina ari gara pixkanaka bide bat jorratzen. Dena den, badugu zer hobetu, batez ere, jarrera kontuan.

Zer esan nahi duzu?

Ez dakit errespetu falta edo ezjakintasuna den, baina gure lanaz ari garenean, beti entzuten dugu: “Zer ondo pasatzen duzuen!”. Badirudi beti lanik egin gabe gaudela. Niri askotan esaten didate: “Hik ez dun lanik egiten!”. Ez, noski, nik ondo pasatu bakarrik egiten dut. Atzeko prozesu hori nolakoa den ez du ikusten jendeak, ezjakintasun hori badago. Eta hortik dator publikoaren jarrera, gure lanarekiko oso errespetuzkoa ez dena.

Nolako jarrera du publikoak, bada?

Gozokiak debekatuta daudela dioten kartelak daude, eta guraso pila bat ikusten dut, haurrak patata zorro handi bat hartuta aldamenean dituztela. Oholtza gainean dagoenari kris, kris, kris zarata horrek molestatu egiten dio. Aktorea sekulako esfortzua egiten ari da ahotsa ateratzeko eta jendearen arreta mantentzeko, eta errespetu falta handia da hori. Zinemara horrela joaten gara, baina zinemakoa grabatuta dago, eta ez da ari pertsona bat zuzenean zuri hizketan. Azkenean, heziketa kontua da. Ez gaude hezita antzerkirako, eta orain heztea tokatzen zaigu, erakustea gauza batzuk ez daudela ondo: ez dagoela ondo antzerkian argazkiak ateratzea, ez dagoela ondo antzerkian eskuko telefonoa piztuta edukitzea eta ez dagoela ondo gozokiak jatea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend