Iñaki Segurola PUNTUKA: ‘Hausturatxo soziala’

Badira gai minbera batzuk elkarrekin ozpintzeraino garamatzatenak. Bat haserretu zitzaidan behin IruñaVeleia asuntoagatik; beste batekin gehitxo berotzen naiz beti homeopatia aitatzen dugun bakoitzean; eta, oraindik orain, txapelketako bertsoei buruz hitzegiteari utzi egin behar izan diogu bi lagunek elkarrekin takartzen ari ginelako.

Txapelketan puntuak irabazteko botatzen diren bertso horiekin, kasik esango nuke hausturatxo soziala dagoela gure artean; ezin dugu elkar ulertu: ikaragarri desberdin ulertzen edo hartzen ditugu zorioneko bertso-funtziyo horiek. Adibidetxo bat, oso nabarmena: atzo-zortzi Irungo txapelketako saioan oraindainoko bertsolari puntutsuenak botatako kartzelako bertsoak “antologikoak” izan omen ziren eta inoizko onenak dira batzuentzat, eta nere moduko askorentzat ia kontra-kontrakoa dira; bai: inoizko eskasenetakoak, eta pretentsio gehiegiak izugarri itsustuak. (Oharra, aurrera baino lehen: hola jarduteak hausturatxo pertsonala dakarkit; asko estimatzen dudan pertsona batek egindakoaz ez nuke hola hitzegin nahi, baina egia esatea ere asko estimatzen dut.)

Haustura edo etena nabarmena da oso: batzuek liluratu egin dituzte bertso horiek beren osoan, eta beste batzuk aurreneko bertsoa bukatzerako asperturik gaude. Neri bertso horiek ez zaizkit sartzen, besterik gabe, baina beste askotxori atzerakada garbia eta trixtura ematen diete, eta sufrikario bihurtzen dira ia. Nere ezagunen artean bertso horiek maite dituen bakarrak esaten dit guk ez dugula ulertzen gaurko bertsolaritza, eta aitatutako bertso horietan bertsolariak egiten duena dela zeoze “performatibizatu” eta “esanahi bat transmititu”, eta horretan ondo ari da: ez ditugu gauza horiek ulertzen eta ez gara iristen. Dena dela, beste alderdiko lagun bizkaitar batek idatzi dit esanez bertso-performari hauek egiten dutena dela “asto joan eta mando etorri”; hau da: estereotipo batzuetatik ihesi, beste estereotipo haundiagoetan amildu, eta, bidez batez, hizkuntza betiko “pirritxporrotxtuten” digutela. Bestela esanda, eta Xenpelarren hitzez esanda, “eskola ona” erakusten duenak irabazten duela hemen; eskola edo jarrera on-eguneratuenari neurriak eta oinak jartzen dizkionak eramaten dituela puntuak txapelketan, eta eraman izan dituela beti; garai batean “relijiyua”, gero “eusko gudariak” eta orain “transgorputzak” gehiena eta ondoena goresten dituen huraxe txapeldungai sendoena: idealizazio aingerutarrak beti ere, garaian garaikoak. Eta komunio performatzaile hori zoragarria iruditzen zaigu, baina ez da guretzat egiten dena; horretarako, nolabait esanda, itzalik gabeko eguzki betea maitatu behar da gauza guztien gainetik, eta guretzat ezinezko maitasun bat da hori.

Eta bestalde, baina ez oso bestalde, ezinezko maitasuna da belarritik inola ere sartzen ez den maitasun bat. Indarka eta derriorrean sartzen dira bertso horietako puntu gehienak gure belarrietan, eta batzuk ez dira inolako moduz sartzen; adibidez, puntu hauxe, gehitxo esan nahiak ezer pulamentuz ez esatera ekarri duena: “nere gerripe zintzilikako / desira ari da puzten”. Harrapazazue performagunetik! Ez dugu ulertzen transeuskara hori, eta ez dakigu ze trantsiziotan harrapatzen dugun ere: edo euskara izateko bidean den edo bidetik bueltan datorren. (Badakigu epaileek zer egiten duten potoekin, baina ez zer egiten duten holako “petoekin”.)

Guk ez dakigu zer den “performatibizatu”, baina hola hitzegitera jar gintezke, esanez, adibidez, bertso-meza horietara joaten direnek egiten dutena dela, gure ustez, «hiperbentilatu», eta asko gainera. Eta hori beti gertatu izan da era guztietako meza-gauzetan; sermoiak ere txar-txarrak izan ohi ziren gehienak, baina elizako argiak, intsentsuak, organoak, apaizaren seriotasunak eta oroz gain fedeak izugarri edertzen zituzten. Bertso horiek eta horien tankerakoak artea omen dira, eta bai, litekeena da, zeren horixe baita arte garaikideenarekin gertatzen dena ere: erakustoki edo performagunetik kanpora ezer gutxi edo batereza dela.

Nik ez dakit “haustura soziala” zer den, baina agintariek horren arriskua atera ohi dute mugimendu kolektibo bizigarriak zapuzteko. Dakidana da hausturatxoak eta etentxoak bederen, txapel-bertsoei edo beste zernahiri buruzkoak, oso direla beharrezkoak eta osasungarriak, zeren penagarria bailitzateke “herri hau sortzen segitzea”… aho batetik eta aho batez; txalo batetik eta txalo batez.

3 iruzkin albistean

Utzi iruzkin bat

*

*

  • gorka setien
    9 azaroa 2017 at 11:53 - Reply

    Ya Iñaki. Baina mendez mende euskara berdaderoan jarduten zenuten horiexek lasaixeago bizi ote zineten zenbait gorputz izkutatuta eta oso izkutatuta zeuden bitartean pentsatzen hasia naiz.Eta haustura baino etsia sortzen dit susmo horrek

    • Aloña
      9 azaroa 2017 at 18:48 - Reply

      Hori da ezinegona, GIZONA!

  • Isidro Sasemorena
    16 azaroa 2017 at 0:15 - Reply

    Azken urteotan, bertsolaritzak egundoko aurrerapena izan du, eta zeresanik ez, jendartean inoizko osperik handiena lortu du. Horrek lehen heltzen ez zen eremuetara heltzea ekarri du, baita kantatzeko estilo, modu eta adierazpide berriak ere, zuk aipatutako “hizkera trans” hori barne.
    Horraino helduta ez nuke esango horrek pobrezia dakarrenik, bai ostera aberastasuna, eta kolorea, ezen ohiko bertso-estiloari haize berri bat gehiyu ahal zaio. Bere egunean Bizkaian Frediren “gibel tiranoak” haize berriak ekarri zizkigun, eta oraingoan Euskal Herrian zergatik ez Maialenenak?
    Bestetik, egia da sarri estereotipoem arabera jokatzen dogula, sasoian sasoiko etiketak tarteko (kronologiaren arabera, erlijiozale, abertzale, sozialista eta oraingo denboretan feminista), eta horrek bihurtzen gaituela besteen aurrean pro, baina ez dut uste hori bakarrik bertso-munduko gaitza denik, ezpada beste arlo askotakoa. Hori euskaldunon gaitz endemikoa da ( edo agian ez euskaldunona bakarrik), eta egia da, larregi mugatzen gaitu. Neu ere sumintzen naiz halako pentsamendu itxiekin, horien ondorioz sortzen diren jokabide taldekeroekin.
    Neuri dagokidanez, ez diot bertsolaritzaren betiko freskotasunari uko egingo, eskileran egiten dugun jardunaldiak, plaza txikietako saio jatorrak, botila ardoaren inguruko saio eder bezain antologikoak…. Eta horiekin batera, zergatik ez, txapelketa meza horietako saio gogoangarri eta aberatsak ( denborak esango du antologikoak izango diren ala ez).
    Txapelketa noizbait bukatuko da, eta herri mailan gabiltzanok bertso-kantua kale arteko jiran bideratu beharko dugu, eta genero honi dagokion gen-eroa erantsiko diogu, hitz batean, gen-ero ikuspegia nagusituz, Fernandoren sasoietatik eta lehenagotik egin dan legez.

  • Send this to friend