Azpeitiko lan sozietateei aitortza egin diete erakunde publikoetako ordezkariek

Iseq enpresa bisitatu dute Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Azpeitiko Udaleko ordezkariek. Besteak beste, han izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose sailburuak, Ainhoa Aizpuru foru diputatua eta Eneko Etxeberria alkatea. Kimu Bat eta TecniCur Azpeitiko lan sozietateetako ordezkariak ere bertan izan dira. Lan sozietateen zeregina eta eredua goraipatu dituzte erakundeetako ordezkariek.
Jaurlaritzako, aldundiko eta udaleko ordezkariak, enpresetako kideekin batera, gaur. (Arantxa Tapia)

Jaurlaritzako, aldundiko eta udaleko ordezkariak, enpresetako kideekin batera, gaur. (Arantxa Tapia)

Lan sozietateen zereginaren garrantzia aitortzeko asmoz, Azpeitiko Iseq enpresan izan dira gaur Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Azpeitiko Udaleko hainbat ordezkari. Besteak beste, Landetako industrialdeko enpresan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburua, Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia, Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josetxo Hernandez Euskadiko Lan Sozietateen Taldeko lehendakaria.

Horiez gain, Iseqera egindako bisitan izan dira Azpeitiko Kimu Bat enpresako eta TecniCur lantegiko ordezkariak; izan ere, horiek ere lan sozietateak dira. Urkullu lehendakariak lan sozietateetan garrantzia azpimarratu du hitzartzean, eta hark esan du enpresa eredu horrek erakutsi duela Iseqen langileengan dagoela irtenbidea. Lan sozietateak “eredutzat” hartu ditu lehendakariak, “ekonomia soziala” aintzat hartzen dutelako, eta esan du gero eta enpresa gehiago direla kudeaketa eredu berrietara jotzen dutenak. Gainera, Innobideak estrategia goraipatu du Urkulluk: “Estrategia horrek pertsonak jartzen ditu enpresaren erdigunean, eta mezu argi bat du: ez dago enpresarik zu gabe”.

Eneko Etxeberria azpeitiko alkateak ere hartu du hitza Iseq altzari enpresara egindako bisitan. Hark Iseqek, Kimu Batek eta TecniCur enpresek egindako bidea txalortu du. “Zuen bideak gogorrak izan dira, krisiari aurre egiteko bideak. Egoera traumatikoetan aurrera egin duzue, zeuen baloreekin, zuen izaera sozialarekin, langilea eta pertsona erdigunean kokatuta egin duzue aurrera”. Etxeberriak esan du “miresgarria” dela lan sozietate horiek egin duten lana, eta esan du enpresa eredu horiek apustuak eta erronkak udalarenak ere badirela.

Azpeitiko alkateak esan du Azpeitiaren sekretua “industria” dela, eta gogorarazi du industria lanpostu bakoitzak beste arloetan “lanpostu asko” sortzen dituela: “Industriari eutsi diogu, eta horregatik dago Azpeitiko langabezia  tasa %8 inguruan. Herrian izan genuen %18ko langabezia tasa hartatik oso urruti dago egungoa, baina halare ezin konformatu: orain lanpostuen kalitatea dugu erronka”. Etxeberriak Azpeitiko Udalaren eta Iraurgi Berritzen garapen agentziaren konpromisoa berretsita eta lan sozietateei eskua luzatutabukatu du hitzartzea: “Etorkizunean ere aldamenean izango gaituzue, eta beste erakundeak ere bai, ez dut zalantzarik egiten; denon artean egin behar dugu aurrera”.

Hona hemen gaur goizean egin duten bisitako irudi batzuk (Irudiak: Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia):

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend