“Bertsoa ez da beti oholtza gaineko zerbait, askoz gehiago da”

Aurreneko aldiz helduen bertso eskola sortu dute Zumaian. Maialen Velardek eta Joanito Dorronsorok gidatuta, asteartero hamar bat lagun elkartzen dira Torreberrin
Zumaiako helduen bertso eskolako zenbait partaide. (Izaskun Urbieta)

Zumaiako helduen bertso eskolako zenbait partaide. (Izaskun Urbieta)

Aulkiez, sofaz, mahaiez, margoez eta beste hainbat elementuz osatutako Torreberriko gela atseginean biltzen dira asteartero helduen bertso eskolako kideak, 20:30ean. Maialen Velarde eta Joanito Dorronsoro dira bertso eskolako irakasleak, eta horien bueltan hamar bat lagun elkartzen dira.

Zumaiako bertso eskola 1982an sortu zuten, baina harrigarria badirudi ere, helduen bertso eskola sortu berria da. “Zumaian bertsozale asko dagoela badakigu. Adibidez, eskolan Dorronsororekin hasiak, eta gero ume eta gazteen bertso eskolan jarraitu dutenak. Beraz, ideia herrira zabaltzea pentsatu genuen”, azaldu du Velardek. “Bertsolaritzak eskolan funtzionatu du eta, ondoren, bertso eskolan. Baina orain bezala, tailer-eskola ireki gisa, herri guztiari zabalik, ez dut uste behin ere egon denik. Haur eta gaztetxoei zuzendutako bertso eskola beti egon da, eta adin horretan hasi direnek jarraitu egin dute, hori bai”, adierazi du Dorronsorok.

Hasiberria den honetan, Zumaiako helduen bertso eskola hamar bat kidek osatzen dute. Horietako batzuk lehenagotik ibilitakoak dira, eta beste batzuk, aldiz, hasiberriak. Bi zatitan dute antolatuta klasea. Lehenengo zatian Dorronsorok hartzen du gidaritza. “Klasearen lehenengo partean bertso zaharrak kantatzen ditugu. Xenpelarrekin hasi ginen; gero, Otañon bertsoak abesten jarraitu genuen eta, orain, Xalbadorrenak lantzen ari gara. Oso bertso aberatsak dira, iparraldeko doinu asko erabiltzen dira; horietako batzuk asko erabiltzen ez direnak, gainera”, aipatu du Dorronsorok.

Bertso zaharren bitartez, bertsolaritzaren historia ikasten dute, eta nola ez, baita doinuena ere. “Nire betiko saltsan nabil, oso gustura. Elkarrekin kantatzea, kuadrillan, oso sanoa eta ona da. Berritu egiten naiz, gainera. Bertso eskolaren aitzakiarekin gauzak lantzea tokatzen zait eta gustura etortzen naiz. Gainera, besteei erakusten ikasten dut gehien”, gaineratu du.

Eskolaren bigarren zatian Velardek hartzen du gidaritza. “Joanitok bertso zaharrak ekartzen dituen bezala, nik proposamenak ekartzen ditut, buruari eragiteko ariketak… Batzuk lehen aldia dute bertso eskola batean, eta hasieran saiatu ginen bertsoaren nondik norako pauso batzuk nola diren azaltzen: errimak, errima lehengusuak, neurriak… Azkenean, biltzen garen jendearen ezagutzak eta gogoak ezberdinak dira; beraz, jolaserako ariketak saiatzen gara ekartzen”, kontatu du Velardek.

Hasiberriak eta aurretik bertso eskolan ibilitakoak elkartzea polita iruditzen zaie bi irakasleei:”Huts-hutsetik ez dator inor. Oso jende ezberdina gaude, eta horrek aberastu egiten du”.

Freskoa eta lagunartekoa

Bertsozale izatetik, bertsolari izatera pasatzen direnean, bertso eskolan “konexio polita” gertatzen dela dio Velardek; “entzule izatetik, egile izatera pasatzea tentagarria da”.

Irailaren amaieran egin zuten helduen bertso eskolan izena emateko deialdia, bideo baten bidez.Gero, sortu dutena “lagunarteko zerbait” dela diote, “gure helburuak eta nondik norakoak taldearen arabera zehaztuko genituela adostu genuen, eta horrela gabiltza, taldearen beharrizanetara egokituz”.

Azken urteetan, agian, Zumaian ez da plazarako bertsolaririk atera. Velarderen iritziz, “boladak edo garaiak dira. Publikoaren aurrean kantatzeko gogoa zegoen garaian egin zen lan bertako bertsolariei plaza ematen. Gerora, igoal, beharrak eta nahiak aldatu egin ziren. Baina ez dut uste Zumaian bertsolaritzaren gainbehera gertatu denik. Bertsoa ez da beti oholtza gaineko zerbait. Gu hamar pertsona elkartzen gara, bertsotan egiten dugu, ongi pasatzen dugu eta honetan gelditzen da. Beraz, posible da horrekin asko gozatzea eta oholtzaren beharrik ez sentitzea”. Velarderen ustez, garrantzitsua da bertso eskolan sortzen den giroa eta harremanak, eta horiek gero mantentzea: “Gerora, plazarako pausoa emateko gogoa baldin badago, emango da”.

Finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan ariko da Jon Maia zumaiarra

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen itzuliko  azken saioa izango da igandean, 17:00etan, Durangoko Landako gunean; ateak 15:30ean zabalduko dituzte. Sarrera guztiak agortuta daude, eta ez dute lehiatilarik zabalduko.

Igandean bertsotan ariko dira, Jon Maia zumaiarraz gainera, Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran; Amaia Ugaldek gidatuko du saioa. Saioa irabazten duen bertsolariak, bigarren itzulirako zuzeneko txartela lortuko du.

Finalaurrekoen lehen itzuliko fase honetan parte hartu duten 24 bertsolarietatik hemezortzik egingo dute aurrera bigarren itzulian. Durangoko saioa bukatu ondoren jakingo da zeintzuk izango diren txapelketa nagusian aurrera egingo duten bertsolariak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend