IRUDIETAN. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek ‘Oroitzapenak’ obra taularatu dute Soreasun

Soreasu antzokiko oholtzara igo dira gaur, asteartea, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH1 eta DBH3ko hainbat ikasle. Atzotik XXXV. Euskal Antzerki Topaketen barruko eskola antzerkiaren astean murgilduta daude herriko ikastetxeetako gaztetxoak, eta gaur arratsaldean Ikasberriko aktore gazteen Oroitzapenak obra ikusteko aukera izan dute DBH1etik DBH4ra bitarteko ikasleek nahiz eguneko zentroko lagunek.

Ikasberriko artistek, urteetan zehar bizitako momentuak gogora ekarri dituzte antzezlanean, eta oholtzara igo diren sei neskek hainbat pertsonaia hezurmamitu dituzte. Soreasura bertaratu diren ikus-entzuleen txalo zaparrada artean amaitu dute antzezlana. Gurutze Eizmendik idazleak idatzi du Oroitzapenak obra, eta haren gidaritzapean aritu dira Ikasberriko ikasleak.

Bihar, asteazkena, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko LH5eko eta LH6ko ikasleen txanda izango da. Horiek Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua antzezlana eskainiko dute, 15:30ean hasita. Ikusleak, berriz, HH4ko eta HH5eko ikasleak izango dira.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend