LABen prekarietatearen kontrako ekimen ibiltaria Urola Kostara iritsiko da ostegunean eta ostiralean

Ostegunean, sindikatuko delegatuek batzarra egingo dute Zestoan, eta, ondoren, elkarretaratzea izango da, udala argiteria pribatizatzeko hartutako neurriaren aurka. Ostiralean, Azpeitira iritsiko da ekimen ibiltaria

Ostegunean eta ostiralean Lan duina, bizi duina izenburupean, prekarietatearen aurkako ekimena egingo du LABek Urola Kostan. Sindikatuak azaldu duenez, bizitzaren iraunkortasuna “erdigunean” jartzeko garaia iritsi da. Hori dela eta, prekarizazioari aurre egiteko eta bizitza duinerako aldarrikapena zabalduko dute LABeko kideek eskualdean. “Informazio guneak jarriko dituzte tokian-tokian, eta bizitza duinerako lan guztien aitortza eta defentsa behar-beharrezkoak direla adierazten saiatuko gara. Langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo guztiei eskaintza egitea da gure erronka, eta horretarako kontzientzia hartzea da lehen urratsa”, azaldu dute.

Ostegunean, azaroaren 16an, LABeko delegatuek batzarra egingo dute 09:30ean hasita, Zestoan. Bertan, Birpentsatzen prozesuaren ondorioez eta 9. kongresuan hartutako erabakiez eztabaidatuko dute. 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Zestoako plazan, eta udalak hartutako erabaki bat salatuko dute; hain zuzen ere, argiteria pribatizatzea. Ondoren, 16:00etatik 19:00etara, Zumaian jarriko dute informazio gunea, Saregileen plazan. “Lan ororen errekonozimendutik prekarietatearen aurka daramagun borroka irudikatuko dugu, eta batez ere, etxeetako zaintza lana ikusaraziko dugu”.

Ostiralean, berriz, Azpeitira iritsiko da ekimen ibiltatia, Prekarietatea hiltzailea lelopean. 16:00etan jarriko dute informazio gunea plazan. LABeko ordezkariek lan istripuak gai hartuta hainbat azalpen emango dituzte. “Azpeitiak ere gogor bizi izan du lakra hori azken aldia”, azaldu dute sindikatuko kideek. Sindikatuak azaldu du “apustu handia” egin dutela bizitza erdigunean jarriko duen lan eredu berri baterantz borroka egingo dutela esatean. “Bizitza erdigunean jartzeko lehenengo pauso bezala, lan osasuna hartu behar dugu kontuan. Euskal Herrian dagoeneko 51 langilek galdu dute bizitza lanean edo lanerako joan-etorrian. Horietatik bederatzi gure eskualdekoak ziren, eta bost heriotz istripu izan ditugu”. LABen arabera, “egoera jasangaitza” da, eta “erailketa horiek icebergaren punta” baino ez dira.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend