‘Arria V’.a: “Apustua irabazteko esperantza guztia daukat”

Xabier Orbegozo 'Arria V'.ak eta Xabier Zalduak apustua jokatuko dute igandean, Azpeitiko zezen plazan. Hamar kanaerdiko ebaki eta hamar kilometro egingo dituzte korrika, 12:00etan hasita. 4.000 euro jarri ditu alde bakoitzak.
Xabier_Orbegozo_Arria_V_ak

Xabier Orbegozo ‘Arria V’.a. (Ainitze Agirrezabala)

Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak eta Xabier Zaldua zumarragarrak (Gipuzkoa) apustua jokatuko dute igandean, Azpeitiko zezen plazan. 12:00etan hasiko da norgehiagoka; aizkoran hamar kanaerdiko moztu beharko dituzte, eta, gero, hamar kilometro egingo dituzte korrika –zezen plazari ehun buelta–. Bakoitzak 4.000 euro jarri ditu jokoan.

Arria V.ak “azken egunetako tentsioa” sumatzen duen arren, “gogotsu” dago iganderako. Prestatzerakoan “ohiko gorabeherak” izan baditu ere, azken boladan ondo sentitzen dela dio. “Uste dut egunera ondo iritsiko naizela, oso ondo”. Azaldu duenez, askotan egin du igandeko proba osorik, eta “emaitza onak” lortu ditu. “20 kanaerdiko moztu eta 20 kilometro korrika egindakoa naiz, baina horrek ez du ezer esan nahi, 10 kanaerdiko eta 10 kilometro ere nahikoa apustu bada, eta azkar egin behar da, gainera”.

Aurkaria ez du aspaldi ikusi Arriak, baina jendeak esan dioenez, “ondo” dago hura ere. “Onenak irabaz dezala” erantsi du Arriak. Hori bai, irabaztera doala nabarmendu du: “Lan ona egin eta irabazteko ilusioa daukat. Apustuko egunean mila gauza pasatu daitezke, baina irabazteko esperantza guztia daukat”.

Faboritoa zein den galdetuta, gauza horiek ez zaizkiola “asko gustatzen” dio Arriak. “Dirudienez, neu naiz faboritoa, baina gauza horiei ez diet batere kasurik egiten. Faborito izateak egunean bertan ez du ezertarako balio izaten, lan ona egitea da garrantzitsuena”.

Zalduak jarriko ditu aizkorarako egurrak, eta proba amaitzeko beharko duen denbora egurren araberakoa izango dela dio Arriak. “Korrikarako beharko dudan denboraren kalkuluak egin ditut, baina egurrak mozten beharko dudana ez daukat kalkulatzerik. Egurren arabera, 20 minutu bezalaxe 30 pasatu ditzaket aizkoran”.

Uztailaren 28an itxi zuten apustua bi aldeek, Azpeitiko Mendizabal jatetxean. Erronka ikusi nahi dutenek, igandean bertan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, zezen plazako leihatilan.

3 iruzkin albistean

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Mikel
    29 azaroa 2017 at 14:52 - Reply

    Iep,
    Sarrerak nun erosi ditzazket?
    Eskerrikasko.

    • Urola Kostako Hitza
      29 azaroa 2017 at 16:20 - Reply

      Kaixo, Mikel.

      Egunean bertan, igandean, zezen-plazako leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak.

      Urola Kostako Hitza

    • Urola Kostako Hitza
      29 azaroa 2017 at 16:20 - Reply

      Kaixo, Mikel.

      Egunean bertan, igandean, zezen-plazako lehiatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak.

      Urola Kostako Hitza

    Send this to friend