Zestoan jazotako indarkeria matxista kasu batean udalak izandako jarrera salatu du herritar talde batek udalbatzarrean

Kasuaren "kudeaketa onartezina" izan dela diote eta "kezka" agertu dute, udalak "emakumeenganako indarkeria kasuetan eskaintzeko duen zerbitzuaren inguruan".

Bi herritarrek hitza hartu zuten atzo Zestoako udalbatzarraren galdera eta erreguen tartean, udalak herrian jazotako indarkeria matxista kasu baten aurrean izan duen jarrera salatzeko eta beren kezka azaltzeko. Kasu horretan erasotutako emakumearen eta haren haurraren babes taldearen izenean, kasua udalera iritsi zenetik jarraitutako prozedura xehetasunez azaltzen duen idatzia irakurri zuten.

“Azaroak 25, martxoak 8 edo bestelako egun seinalatuak medio, udal honek emakumeenganako indarkeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko hainbat hitzarmen, protokolo, adierazpen eta mozio sinatu eta onartzen ditu. Larria deritzogu gai eta garai hauetan, udal honen eskuhartzea, konpromisoak paperean jaso eta irudi zein logoak ipintzera mugatzea”, diote aipatutako herritarrek idatziaren sarreran, iruditzen zaielako herrian “aktibo dagoen indarkeria matxista kasu batean Gizare Zerbitzuek zein udaleko beste organo batzuek egindako kudeaketa onartezina” izan dela.

“Herritar talde batek oso gertutik bizi dugu erasotua den emakumeak eta bere haurrak sufritu duten eta sufritzen duten egoera gogorra. Ez dugu dudarik, sinisten diogulako eta ez dugu dudarik, geure begiekin ikusi, entzun eta bizi izan dugunean oinarritzen garelako: emakumearen aurkako indarkeri kasu baten aurrean gaude”, adierazi zuten. Erasotuari horrelako kasuetan laguntza emateko dauden hainbat “profesional eta administrazioetara lagundu” diotela azaldu zuten, eta “denek ondorio bera atera” dutela baieztatu zuten, “emakumea genero indarkeriaren biktima da eta kasu hauetan ohikoa den bezala, aitak adin txikikoa den haurra erabiltzen jarraitzen du amari min emateko”.

Emakumeak eta bere babeserako taldeak jo duten ateetako bat izan da Zestoako Udalarena. “Behin eta berriz, Gizarte Zerbitzuei eta udaleko erantzukizun politiko gorenari, emakumeen indarkeria kasuetan beharrezkoa den laguntza eta babes neurriak artikulatzeko eta eskuhartzeko eskatu diegu. Urtebete inguru pasatu da erasotuak udal honetako Gizarte Zerbitzuetara aurrenekoz jo zuenetik”, kontatu zuten, udalean indarkeria kasu horren gainean egindako urratsak eta jarraitutako prozedura xehe azaldu aurretik. Atzo arteko bidean aurretik ere gaiaren kudeaketan “hainbat irregulartasun eta akats salatu” dituztela dio herritar taldeak. Aipatu zuten uztailaren 14an, herritarrek eskatuta, Ongizate Batzordearen bilera egin zela eta han “garbi” gelditu zela, beren ustez, “erasotua ez babesteaz gain, adin txikikoaren beharrei begiratuta ez dela inolako neurririk hartu”. Adin txikikoaren zaintza neurriak erabakitzeko martxan dagoen prozedura judizialera udalak igorritako txostenak ere gogor kritikatu zituzten atzo, bereziki gizarte langileak egindakoa: “Genero perspektibarik gabe eginda dago eta erabilitako termino zein edukiek erasotzailea estaltzen dute, profesional batzuen ustez, intentzionalitate osoarekin estali ere”.

Uztailaren 14ko bileran bi dokumentuen “akatsak agerian geratu” zirela dio herritar taldeak, “baina udalak ez du ezer egin akatsok zuzentzeko”. Kasu honetan udalak izan dituen “jarrerak zein akatsek erreparatu ezineko kaltea eragin” dutela uste dute atzo idatzia plazaratu zutenek: “Udal honen erantzuna, borondatea hori izan ez bada ere, erasotzailearen jarrerak estali eta erasotua babesik gabe uztea izan dela uste dugu”, berretsi zuten, eta udalaren jarrera hori berriro salatu, “inolako babesik ez dietela eman erasotuari eta adin txikikoari, horretarako nahikoa datu, lekukotza eta txosten edukita. Denboran bidegabe luzatu da, eta etengabe egindako akatsen zuzenketa eta oinarrizko tramite zein herritarron eskaerei erantzun egokirik ez zaigu eman, ezta erasotuari ere. Modu berean, salatu nahi dugu, adin txikikoaren ongizatea arriskuan egonik, erasotzailea babestera bideratu diren txosten zein agiriak bakarrik helarazi direla epaitegira, jakinda gainera, egin diren bilera eta informazio trukaketengatik, garrantzitsuak diren elementu asko ezkutatu direla eta errealitatera egokitzen ez den informazioa helarazi duzuela epaitegira”.

Gertatutako guztia “oso larria” dela uste dute. Atzo gogoratu zuten emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzeko “egun seinalatuetan mozio zein konpromisoak hartzearekin ez dela nahikoa”; eta “kezka” agertu zuten, udalak “emakumeenganako indarkeria kasuetan eskaintzeko duen zerbitzuaren inguruan”.

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Igone Rezabal
    2 abendua 2017 at 20:03 - Reply

    Gabon!!!! idatzi onen ausnartu ondoren gure alkatearen erantzuna ONARTEZINA izan da orain ere . Gu beti gure lagunarekin maitasun osoarekin

  • Send this to friend