Irudietan: Puxikak aireratuz ospatu dute Azkoitiko ehunka ikaslek Euskararen Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, baina Azkoitiko ikastetxeetako umeek eta gazteek gaur egin dituzte horren inguruko ekitaldiak. Beste urte batez, ehunka haur elkartu dira eguerdian herriko plazan, eta han egin dute euskararen aldeko aldarria. Javier Zubizarreta alkateak hartu du lehendabizi hitza, eta adierazi du guztion ardura dela euskara indartzea. Era berean, urteko egun guztietan euskaraz bizi daitezen dei egin die han bildutakoei. Aurten, lehenengo aldiz, ideia lehiaketa antolatu du Euskara Mahaiak, eta lehen hiru irabazleek sariak jaso dituzte ondoren. Ideia sarituetako bat izan da ikasleek euskararen testuak sortzea, eta, beraz, hainbat lagunek euskararen inguruko irakurketak egin dituzte. Puxikak aireratuz amaitu dute eguerdiko ekitaldia, eta udaletxeko balkoitik Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskarararen herrian pankarta zintzilikatu dute.

Arratsaldean jarraituko dute Euskara Mahaiak antolatutako ekitaldiek. 19:00etan, herriko eragileak eta taldeak igoko dira oholtzara, eta Zer da zuretzat euskara? galderari erantzunez, mezu bat irakurriko du bakoitzak. Ondoren, Azkoittixek euskeraz bizi nahi du leloarekin mural bat osatuko dute. Ekitaldia amaitzeko, Erniarraitzeko bertsolariek sortutako honako bertsoa abestuko dute: Batzuentzat arrotza / besteen arnasa / dabil kalerik kale / dabil plazaz plaza / izan daiteke testu, / solasa, jolasa, / izan aurrez aurreko / edo mezu jasa / zuk nahi duzun moduan / hartu eta pasa!

Arratsaldeko ekitaldia “jendetsua” izatea nahi dute antolatzaileek, eta herritar guztiak animatu dituzte bertaratu daitezen.

Ikusi goizeko argazki guztiak, hemen:

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend