Orioko sanikolasak, hastear

Festen hasierako deiadarra izango da 20:00etan. Mikel Amilibia eskubaloi jokalaria omenduko dute bertan. Danbolinek, Salatxo abesbatzak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute
SAN_NIKOLAS_JAIAK_2015

Pello eta Nikolasarekin kalejira egingo dute arratsaldean. (Argazkia: Aiora Larrañaga)

Bezperatik hasiko dituzte San Nikolas jaiak. Bost egunez luzatuko den egitarau zabala prestatu du jaietako batzordeak.

Gaur goizean goiz, jubilatuek hamaiketakoa izango dute Zaharren Babeslekuan. Arratsaldean jarraituko du festak, eta 19:00etan, haurrentzako ohiko kalejira izango da, kalez kale, Pello eta Nikolasarekin. Buruhandi eta txistulariak ere bertan izango dira, herriko gaztetxoenen jaia alaitzen.

Nolanahi ere, festen hasierako deiadarrarekin abiatuko da jaia gaur ofizialki. 20:00etan izango da, eta Salatxo abesbatzak, Harribil dantza taldeak eta Danbolin musika eskolak parte hartuko dute. Mikel Amilibia Zarauzko Amenabar eskubaloi taldeko jokalaria omenduko dute aurten. Ondoren, Giranice eta Ibai Marinen kontzertuak izango dira herriko plazan.

Larunbatera arte, jai giroan murgilduko da Orio. Bihar, San Nikolas egunean, Kamel Ziani gaztetxoen krosa jokatuko da lehenbizikoz. Arratsaldean, ohiko pilota jaialdia izango da pilotalekuan, eta eskuzko hiru partida jokatuko dira, 17:00etatik aurrera. Aukeran dantza taldearen Fusioa emanaldiaz gozatu ahal izango da plazan, eta biharko jai eguna bukatzeko, bertso-jaialdia antolatu dute Karela kiroldegian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend