“Ongizatean eta eskubideetan eragiteko” aurrekontu proposamena aurkeztu du Azpeitiko Udal Gobernuak

Udalak 19.300.000 euro inguruko aurrekontua izango du datorren urtean. Gizarte Zerbitzuak eta Ekonomia eta Formazioa dira dirutan gehien haziko diren sailak.
Eneko Etxeberria alkatea eta Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga zinegotziak. (Azpeitiko Udala)

Eneko Etxeberria alkatea eta Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga zinegotziak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak 19.300.000 euro inguruko aurrekontua izango du datorren urtean, Udal Gobernuak egin duen proposamenaren arabera. Kopuru horretatik 2.500.000 euro inbertsioetara bideratuko ditu. Udalak adierazi duenez, aurrekontuak egiterakoan azken urteetako “irizpide eta lehentasunak” izan ditu kontuan, eta, horrenbestez, “herritarrekin egindako zenbait azterketaren emaitzak ikusita, ongizatean eta eskubideetan eragiteko” aurrekontuak osatu dituzte. Gainera, udalak adierazi du pauso guztiak Azpeitia 2025 Plan Estrategikoaren barruan ezarritako norabidean egingo dituztela.

Udal aurrekontu proposamenaren arabera, “orokorrean” sail guztiek igoera izango dute. Igoera nagusiena, baina, Gizarte Zerbitzuek zein Ekonomia eta Formazio sailek izango dute; izan ere, Gizarte Zerbitzuen aurrekontua %70 igotzea proposatu du Udal Gobernuak: “Igoera ikaragarria da hori, baina orain artean Gipuzkoako Foru Aldundiarengan zegoen eguneko zentroaren kostua udalak bere gain hartu du, eta horrek eragiten du igoera nabarmena. Hori aparte lagata ere, %14’5eko igoera proposatu dugu”, adierazi du Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. Ekonomia eta Formazio sailari dagokionez, Sustapen Ekonomikorako laguntzak ematen jarraituko du Udalak. Gainera, ekonomia “suspertzen segitzeko” konpromisoari eutsiko diola adierazi du, eta esan du lanpostuen kalitatean eragitea dela beren apustu nagusia. Horrez gain, formazio eskaintza indartuko duela ere aurreratu du: “Formazio zentroa izango dugu 2018an, Basazabalen. UEUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin dugun elkarlanari eutsiko diogu. Emaitza onak jasotzen ari gara, eta lanean jarraituko dugu. Baina eskaintza zabaltzeko bidean hitzarmen berriak egingo ditugu epe motzean”.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera, “herriaren erronkei aurre egiteko” aurrekontu proposamena aurkeztu dute: “Azpiegiturei dagokienez, ditugun eta aurreikusita genituen pausoak ematen segitzen dugu. Babes sozialean pauso berri bat emango dugu hirugarren adinean larrien pasatzen ari direnentzat ireki nahi dugun diru laguntza lerro berriarekin. Azpeitian udal laguntzen bidez ireki dugun babes sozialerako neurrietan sakontzen jarraitzen dugu, eta uste dugu laguntza hori ere ezinbesteko bihurtuko dela”.

Bestalde, Esklabetako eraikinaren alde batean egingo dituzten alokairu sozialeko etxebizitzekin hasitako bidean jarraitzeko aurrekontuak izango direla ere esan du Etxeberriak. “Etxebizitza politika berri bat egiten ari gara pixkanaka, pausoak eman ditugu, eta datozen hilabeteotan urrats garrantzitsuak emango ditugu herritarren etxebizitza eskubidea bermatzeko. Gure asmoa da 2018an datozen 8-10 urteetarako plana osatzea”.

Azpiegiturei dagokienez, obra handiak egingo dituztela azaldu du alkateak. “Hor daude Soreasuko Sormen Gunea egokitzeko proiektua, Basazabal bukatzea eta Urrestilla eta Azpeitia arteko bidegorria”. Goenagaren arabera, horiek izango dira lanik garrantzitsuenak, baina azaldu du Hirigintza saileko aurrekontua %11 jaitsiko dutela.

Diru-laguntza linea berria, adinekoen beharrei erantzuteko

2017an, 80 urtetik gorakoen egoeraren berri izateko azterketa egin du udalak, eta 2018an 65 urtetik gorakoen artean egingo du antzeko ikerketa. Lehen azterketaren emaitzak ikusita, adineko pertsonen artean behar gehien dutenei zuzenduriko diru laguntza lerro berri bat jartzea aurreikusten dute: “80 urtetik gorakoen artean eginiko ikerketak berretsi digu batez ere emakumeek pentsio txikiak izaten dituztela, eta etxeko ekonomia asko okertzen da alargunen kasuan, adibidez. 65 urtetik 80 urte bitarteko biztanleen ikerketa datozen hilabeteotan egingo dugu, eta emaitza guztiak aztertuta zehaztuko ditugu laguntza horren oinarriak”, azaldu du Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend