2018ko udal aurrekontuak onartu dituzte Zarautzen, Udal Gobernuaren babesarekin

EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek hamar zuzenketa partzial aurkeztu zituzten, baina ez ziren aurrera atera. 36 milioi euroko aurrekontua izango du Zarauzko Udalak datorren urtean.
 Udal aurrekontuak onartu zituzten unea (Aritz Mutiozabal).

Udal aurrekontuak onartu zituzten unea (Aritz Mutiozabal).

2018ko udal aurrekontu orokorra onartu zuten astelehenean eginiko ezohiko bilkuran. Hala, datorren urterako kontu bateratua 36.044.885,12 eurokoa izango da. Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) iaz aurkeztu zituen Agintaldirako Plana eta Etxebizitza Plana izan ditu ardatz aurrekontu berriak osatzeko garaian, Ogasun zinegotzi Jesus Aranak aditzera eman zuenez. «Aurreko urteetan bezala, herritarrengan pentsatutako eta herri hobeago bat egiteko tresna potentea izango da».

2018tik aurrera hondakinen bilketa Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko duenez, desagertu egingo dira aurrekontuetatik, eta horrek eragina izango du diru sarreretan eta gastuetan, bi kasuetan jaitsiz. Guztira, gastuetan 1.775.000 euro inguruko eragina izango duela jakitera eman zuen Ogasun zinegotziak. Hori kontuan izanda, aurrekontuko beste partida guztiek %3,8­ko igoera izango dutela gaineratu zuen.

Era berean, udalaren aurrezki garbia 1.475.566 eurokoa dela jakitera eman zuen, eta udal zorra ere beherantz doala. Hain zuzen ere, 2018an lau mailegu ordaintzen amaituko dute. «Horrek udaleko zor bizia %30 inguruan dabilela suposatzen du, eta  2018­ko abenduaren 31n banketxeekin izango duen zorra 6.984.000 euro ingurukoa izango dela».

Sarrerak eta gastuak

Diru sarrerei dagokionez, Foru Funtsatik 15.219.530 euro jasoko dute. Astelehenean bertan be­hin betikoz onartutako Ordenantza Fiskalek orokorrean %1,4ko igoera izango dute, Gizarte Zerbitzuekin zerikusia duten zergak salbu, eta hortik eskuratuko dituzte gainerako sarrerak. Aurrekontuak berdintzeko, mailegu bat jasotzea aurreikusi dute: 2017an 2 milioi pasatxokoa aurreikuisi zuten, eta datorren urterako 1,8 milioi ingurukoa.

Gastuak hainbat ataletan banatuta daude. Pertsonal gastuak 11 milioi eurokoak izango dira, eta udalak ematen dituen zerbitzuak  15 milioi pasatxokoa. «Herritarren ongizatera eta zerbitzuetara bideratzen dira, baina behar gehien duten herritarrak ahaztu gabe. Guretzat funtsezkoa da Zarautz orekatu bat eraikitzeko», zehaztu zuen Aranak.

Transferentzietan, udal elkarteari ekarpenak –enplegua sustatzeko 1,8 milioi bideratuko ditu UKUEk, eta Zarautzek kopuru horren %53a ipiniko du– eta hainbat diru laguntza aurreikusten dira. Atal honetara 1.825.000 euro bideratuko dituzte, iaz baino ia 100.000 euro gehiago. Inbertsioetarako ere iaz baino 500.000 euro gehiago txertatu dituzte, eta, hala, 2.800.000 euro bideratuko dituzte.

Auzoz auzo eginiko parte hartze bileretan 156 herritarrekin biltzeko aukera izan dute Gobernuko kideek. Horrez gain, postontzien bidez nahiz posta elektronikoz ere hamaika proposamen jaso dituzte. «Herritarrek eskatutakoaren ehuneko handi bat aurrera eramateko moduan izango» direla esan zuen Aranak.

2018ko ordenantza fiskalei behin betiko onespena emanez ekin zioten bilkurari. Udal Gobernuko alderdien aldeko botoekin aurrera atera zen; urriaren 5ean behin-behinean onartu zituztenean erakutsitako jarrerari eutsiz, EH Bildu eta Irabazi Zarautz aurka agertu ziren oraingoan ere. Ordenantzak onartuta, Gobernuak aurkeztutako datorren urterako aurrekontu proposamenari hasierako onespena eman zioten; EAJk eta PSE-EEk baiezkoa eman zioten, eta EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, aldiz, ezezkoa.

Oposizioaren zuzenketak

Oposizioko udal taldeek hamar zuzenketa partzial aurkeztu zituzten aurrekontu proposamena bozkatu aurretik; EH Bilduk sei, eta Irabazi Zarautzek, berriz, lau. Oro har, zuzenketetan proposatzen ziren gauzekin ados egonagatik, Udal Gobernuak ez zituen babestu, horietako batzuk egitea aurreikusten duelako eta beste batzuen kasuan horien finantziazio modua egokia iruditzen ez zaielako. Ondorioz, ez zituzten onartu.

Bozkatu aurreko hitz hartzeetan, Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benitok esan zuen uste dutela aurrekontuen prestakuntzarako herritarren parte hartzeak «haratago» joan beharko lukeela, baina Gobernuaren aldetik horretarako konpromisoa dagoela jakiteak pozgarria dela. Inbertsio askorekin ados dauden arren, ez direla beren aurrekontuak azaldu zuen.

EH Bilduko kide Iñaki Eizagirrek ere onartu zuen herriarentzat «onuragarriak» izan daitezken proiektuak jasotzen dituela aurrekontuak. Hala ere, «gabezi batzuk» badituela, eta horregatik aurkeztu zituztela emendakinak Halaber, «iruditzen zaigu herriko eragileekin daukazuen enpatia  falta esanguratsua dela, eta horrek elkarlanerako aukera gutxi uzten duela», egotzi zien Udal Gobernuko ordezkariei: «Azkenaldian daramazuen dinamika kontuan izanda, ezezkoa emango diegu aurrekontu hauei».

PSE-EEren bozeramaile Gloria Vazquezen esanetan, «alderdi sozialistaren lehentasuna pertsonak eta haien ongizatea da, eta aurrekontu hauek hori islatzen dute». Behar gehien dutenen alde lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen, baita ingurumen babesteko lanean ere.

«Udal Gobernuak herritarren eta udaleko departamentu ezberdinen esku ipintzen dituen aurrekontuak dira, eta Zarautz dinamizatzen jarraituko dutenak», azpimarratu zuen Jesus Aranak, EAJren izenean. Xabier Txurruka alkateak, bere aldetik, gaineratu zuen Zarautz «eguneratzen» ari direla, «urte askotako atzerapena nolabait aurreratuz», eta 2018kokontuak horretarako baliagarriak izatea espero du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend