Aimar Irigoien nagusitu da Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan

Aimar Irigoien harri-jasotzaileak bederatzigarrenez jantzi du Euskal Herriko Harri Handien txapela. Aise nagusitu zen errezildarra, 73 jasoaldi emanda. Eskualdeko sei harri-jasotzaile aritu ziren atzo arratsaldean nor baino nor, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan.
Aimar Irigoien nagusitu zen atzo, Asteasuko pilotalekuan jokatu zuten Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan. (Argazkia: Josu Artutxa/Tolosaldeko Ataria)

Aimar Irigoien nagusitu zen atzo, Asteasuko pilotalekuan jokatu zuten Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan. (Argazkia: Josu Artutxa/Tolosaldeko Ataria),

Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak bederatzigarrenez jantzi du Euskal Herriko Harri Handien txapela. Eskualdeko sei harri-jasotzaile aritu ziren atzo arratsaldean nor baino nor, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Aimar Irigoien erraz nagusitu zen, 73 altxaldi eginda. Eskualdeko sei lagun aritu ziren atzo Asteasun Euskadiko Harri Handien Txapelketako txapelaren bila: Aimar Galarraga oriotarra, Aimar Irigoien errezildarra, Imanol Illarramendi aiarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra.

Azken emaitza jakin aurretik, honako lan hauek egin behar izan zituzten seiek, hiru minutuko lau saioetan: 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola. Aimar Irigoien zen faborito nagusia, eta iazko txapeldunak, emaitza errepikatzea lortu du, beste behin. Guztira, 8.225 kilo jasotzea lortu du errezildarrak. Eizmendi zarauztarra izan da bigarren, 7.125 kiloko azken emaitzarekin. Haien atzetik sailkatu dira, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna 5.100 kilorekin, laugarrenari, soilik 25 kilotako aldea aterata. Podiumetik kanpo geratu ziren, hurrenez hurren, Azkoitiko Unanue Goenatxo III.a  (5.075 kg), Aimar Galarraga oriotarra (5.025 kg) eta Imanol Illarramendi aiarra (4.850 kg).

Ikuskizun polita eskaini zuten harri-jasotzaile guztiek atzo Asteasun. Lehen eta bigarren postuetarako lehia txikia bazen ere, ondoren sailkatu ziren hiru kirolarien arteko borroka azken altxaldira arte luzatu zen. Ordu eta erdi inguruko iraupena izan zuen jaialdiak, eta ondoren, Euskal Herriko 18 urtez azpikoen Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatu zen. Hodei Ezpeletak eta Xuban Kañamaresek neurtu zituzten indarrak, 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko ebakita.

Honakoa hemen Euskadiko Harri Handien Txapelketako sailkapena:

1) Aimar Irigoien: 8.225 KG

2) Jokin Eizmendi: 7.125 KG

3) Xabier Aranburu: 5.100 KG

4) Jon Unanue: 5.075 KG

5) Aimar Galarraga: 5.025 KG

6) Imanol Ilarramendi: 4.850 KG

Hona hemen atzo Asteasun jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako hainbat irudi: (Argazkiak: Josu Artutxa/Tolosaldeko Ataria)

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend