Panel informatiboak jarri dituzte Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren ibilbidean

Hainbat jarduera egiteko asmoa du udaleko Agenda 21ek urtearen hasiera aldean; esaterako, Eraztun Berde Urdinari buruzko webgunea, herritarren ekapenak jasotzeko parte hartze prozesua eta EBU kluba nahiz eguna.
Eraztun Berde Urdinaren ibilbidean jarritako karteletako bat (Zarauzko Udala).

Eraztun Berde Urdinaren ibilbidean jarritako karteletako bat (Zarauzko Udala).

Udalerria inguratzen duen 11,7 kilometroko ibilbide batek osatzen du Eraztun Berde Urdina, eta ibilbideak hainbat interesgune lotzen ditu: besteak beste, Iturritzako biotopoa, Asti eta Iritako hezeguneak, Tejeriako haltzadia, Vista Alegre eta Igerain parkeak, Mutxio eta Santa Barbara, Zingira basoa nahiz hondartza eta bere ingurunea. Aipatu “natura altxorren” inguruko informazioa emateko, Zarauzko Udaleko Agenda 21 Saila informazio panelak jartzen ari da ibilbidean zehar; oraindik ez dituztela panel guztiak jarri jakinarazi dute.

Eraztun Berde Urdina egitasmoaren helburua nagusiena da biodibertsitatearen eta balio handiko naturguneen kontserbazioa, baina baditu beste xede batzuk ere; hau da, periferiako paisaia guneak nahiz naturguneak eta baloreak berreskuratzea, aldaketa klimatikoa eteteko hondar alea jartzea edota udalerria garapen iraunkorraren bidean jartzea.

Ingurumenaz haratago, “zeharkako egitasmo bat” ere badela azpimarratu du Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquezek: “Argi utzi nahi dut helburu nagusia biodibertsitatearen kontserbazioa dela, baina asmo eta proiekzio handiko proiektu baten aurrean gauden heinean, jakin badakigu bestelako eremuetara zabaltzea onuragarria dela. Zentzu honetan, udaleko beste departamentuak zein udalerriko eragile sozialak Eraztun Berde Urdinera gerturatu nahi ditugu, egitasmoari ahalik eta dinamismo gehien emateko”, adierazi du zinegotziak. Izan ere, “Zarautzentzat estrategikoa izango den proiektu baten aurrean gaude”.

Orain arteko lanak eta datozenak

Orain arte egindako lanen artean, batez ere, Natura Sarea 2000 osatzen duten bi gunetan eginikoak nabarmendu ditu Vazquezek: bata, Mutxio parkearen eta Santa Barbara ermitarako igoeraren egokitzapen lanak, eta, bestetik, Torreoia Bizirik elkartearekin elkarlanean, hastear giren Vista Alegre parkeko birsortze lanak. Horrez gain, Zingira parkean laster ekingo diotela leheneratze prozesuari azaldu du. Baita Aranzadirekin batera biotopora egindako bisita gidatuak, Asti-Tecnaliarekin batera hondartzako arroketan eginiko azterketak eta Eusko Jaurlaritzarekin batera Asti zein Iritako hezeguneak babesteko egindako lanak ere.

Epe laburrean, berriz, hainbat jarduera garatzeko asmoa iragarri du. Hala nola, urtarrila amaierako prest izango den Eraztun Berde Urdinari buruzko webgunea; eskola komunitatea erakartzeko EBU Kluba, eta otsailean ikastetxeetan banatuko den aldizkaria; egitasmoa aberasteko asmoz, martxoan eta apirilean burutuko den herritarren parte hartze prozesua; eta ekainean ospatuko den eta udalerrian erreferente bihurtu nahi duen EBU Eguna.

Vazquezen esanetan, “Eraztun Berde Urdina espazio bizia bihurtu nahi dugu, zarauztarrek eta bisitariek aisialdiaz gozatzeko gune dinamikoa. Aisialdian, eta naturarekin bat, aire librean gozatzeko aukera emango duen gunea eskaini nahi dugu. Horretarako ezinbestekoa izango da bertara herritarren gustuko jarduerak eramatea, eta zer hobe helburu hori herritarrekin eta herriko eragileekin elkarlanean lortzen badugu. Eraztunaren parte direla sentitu behar dute”.

Parte hartze prozesu bat abiatzea aurreikusita egonagatik ere, herritarren iradokizunak jasotzeko agenda21@zarautz.eus posta elektronikoa zabaldu dutel, eta herritarrak animatu nahi dituzte beraien iradokizunak bidaltzera. “Abiatu berriak gara, baina hau bizirik dagoen egitasmoa da. Hortaz, Eraztun Berde Urdina etengabe joango da moldatzen, berritzen, aldatzen… Proiekzio handiko egitasmo baten aurrean gaude, eta herritarrekin batera hazten joatea nahiko genuke”, gaineratu du zinegotziak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend