Unai Agirre: “Azpeitia oso garrantzitsua da sagardoaren munduan”

Erdi errezildarrak uste du aurtengo sagardoa izaeraduna izango dela. Añotako sagardo denboraldia irekitzeaz gain, Mahasti Jaun izendatuko dute Agirre asteazkenean, Getarian.
Unai Agirre bertsolaria. (Tolosaldeko Ataria)

Unai Agirre bertsolaria. (Tolosaldeko Ataria)

Gaur irekiko dute sagardo denboraldi berria Elosiaga auzoko Añota sagardotegian (20:30), eta Unai Agirre (Hernani, 1975) Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzailea eta bertsolariak zabalduko du txotxa.

Hernaniar bat Azpeitiko sagardo denboraldia zabaltzen…

Bai, hala da, baina aurretik izan dut Hernaniko sagardotegiren batean denboraldia irekitzeko aukera. Bertso eskolatik tokatu zitzaigun irekiera batean parte hartzea, eta irekiera ekitaldi dezente egiten dituztenez, gehiagotara ere joan naiz. Gainera, sagardoaren munduan egiten dut lan, eta askotan gonbidatu izan naute horrelako ekitaldietara.

Nola jaso zenuen Añotakoen gonbidapena?

Aurtengo ekitaldira bertsotara joango al nintzen galdetu zidaten, eta baietz esan nien. Gero esan zidaten nik irekiko nuela hango sagardo denboraldia, eta pozik hartu nuen gonbidapena. Izan ere, harreman handia daukat Añotako kideekin. Gogoz nago,sekula ez bainaiz izan Añotako denboraldiaren irekieran.

Nolakoak izaten dira zuretzat denboraldi irekiera egunak?

Giro oso polita eta berezia izaten da batean eta bestean; gainera, bertsoarekin lotutako giroa egoten da. Sagardoa ere lehen egun horretan dastatzen dugu, eta sagardogileentzat berezia izaten da, jendeak egiten dizkien komentarioengatik. Giro bikaina sortzen da guzti horren bueltan.

Nolakoa izango da aurtengo sagardoa?

Urtero orokortasun batzuk esaten ditugu sagardoaz, baina jakin behar dugu leku batetik bestera eta sagardotegi batetik bestera aldatu egiten dela, desberdina izaten dela. Orokorrean, aurtengo sagardoak alkohol gutxixeago izango du, eta, beharbada, gorputz gutxiago ere bai. Dena den, uste dut sagardo biribilak edango ditugula, eta, ziurrenik, txotxean bukatutakoak izango dira asko; izan ere, sagardoaren prozesua azkar bukatu da han eta hemen.

Eta Añotakoa, nolakoa izango da?

Aurten bertako sagar asko izan da, eta Añotan ekoiztutakoa Azpeitiko sagarrekin eginda da. Horrek izaera ematen dio, eta izango ditu berezitasun batzuk.

Ez da Hernani edo Astigarraga, baina Azpeitiak lotura handia du sagardoarekin.

Azpeitia oso garrantzitsua da sagardoaren munduan; batetik, sagardotegiak eta sagasti asko dituelako; eta, bestetik, sagardoa edateko kultura handia dagoelako. Ez dira herri asko izango sagardoaren bueltan Azpeitiak adinako kultura dutenak; sagardoaz badaki jendeak, eta hori da lehen sagardo asko ekoizten zelako baserrietan eta. Hori altxor bat da, beste toki batzuetara eraman beharreko altxorra. Azpeitia plaza garrantzitsua da sagardoarentzat.

Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzailea zara. Zer moduz doa proiektua?

Ondo doa, hor gabiltza buru-belarri lanean. Azken finean, jatorri izena proiektua sektoreak administrazioaren laguntzarekin  epe luzerako egin duen proiektua da. Ezin duguna pentsatu da dena lortuko dugula egun batetik bestera, baina jarri genituen helburuak ari gara lortzen poliki-poliki: batetik, nahi dugu bertako sagarra lehengai izango duen kalitatezko produktua merkaturatzea; eta, bestetik, sektorea bateratzea eta botilako sagardoa pixka bat goratzea. Horiek lortzea urteetako lana izango da, baina pausoak sendo ematen ari gara.

Sagardotegien irekiera eta bertsoak aipatu dituzu. Zu bertsolaria ere bazara, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean abestu zenuen abenduan. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso ona. Asko espero gabe pasatu nintzen finalera, azken unean. Esperientzia ona izan zen, zer galdu handirik gabe joan bainintzen. Egia esan, finala tentsioz betea eta oso zorrotza bada ere, bakoitzak jakin behar du zer mailatan dagoen, eta horren arabera, saiatu behar du bere maila ematen. Aho zapore ona gelditu zait.

BECeko harmailan honako pankarta hau irakur zitekeen: “Gure herrian pasatu dituk gaztetako hainbat garai, errezildarrok hirekin gaudek eta goza ezak Unai”.

Ilusio handia egin zidan, nik beti esaten dut nire erdia errezildarra dela, eta nire erdi hori oso errezildar sentitzen da. Lotura handia dut Errezilekin, eta bertso munduan ere oso presente izan dut. Orain askoz gutxiago joaten naiz Errezilera, baina ume aro erdia han pasatu nuen, eta oraindik ere han daukat familia.

Zuk ere egin zenien errezildarrei keinua agurrean.

Horrelako momentuak ez dira askotan izaten bertsotan, eta  Errezil aipatu beharra nuen. Ez zen pankartagatik izan, bestela ere aipatuko nukeen, oso garrantzitsua izan delako Errezilgo nire zati hori nire bertso ibilbidearen hasieran; eta geroxeago ere bai.

Errezilen sagardotarako lehengaia, sagarra, dute entzutetsua.

Ibarbi izeneko sagar ugari dute han, eta mahai sagarra izateaz gain, oso ona da sagardoa egiteko. Sagar oso berezia da, eta, gainera, izena jartzen dio sagar horri Errezilek. Hori oso garrantzitsua da, eta duen balioa eman behar zaie hango sagastiei, hango jakinduriari eta Errezil Sagarra izenari. Errezilek beste edozein herrik bezain besteko lotura du sagardoarekin; sagarraren bueltan dago kultura.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend