Alboko etxea erortzen ari dela salatu dute Kale Nagusia 2ko bizilagunek

Kale Nagusiko 4. zenbakiko eraikina erortzen ari da, eta kezka agertu dute 2. blokeko bizilagunek. Udalak ez duela "ezer egiten" salatu dute. Udalak dio ez dagoela arriskurik.
IMG_7879

Eraikin arrosa erortzen ari da, eta kezkatuta daude eraikin griseko bizilagunak. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Kale Nagusiko 4. zenbakiko eraikina erortzen ari da. Arrosa kolorekoa du fatxada, eta pixkanaka-pixkanaka, hasieran zuen itxura galtzen ari da: zulo nabarmenak daude fatxadan, pareta zatiak daude eraikinetik zintzilik, eta eroritako zati ugari daude pilatuta inguruan. Eraikin horren kontra-kontra dago beste eraikin gris bat, Kale Nagusiko 2. zenbakikoa, eta hango bizilagunak “oso kezkatuta” daude alboko eraikinak beraienean eragin ditzakeen kalteak direla eta.

Arrosa koloreko eraikinean ez da inor bizi egun, hustu egin baitzuten duela pare bat urte. Eraikin grisean, aldiz, bizi da jendea oraindik. Guztira, lau etxebizitza daude eraikin horretan; horietako bi hutsik daude, eta beste bietan bizi dira herritarrak. Azken pisuan bizi da Mailu Galarragaren familia, eta gerta daitekeenaren beldur dira. “Eraikina erortzen ari da, eta gure etxea hari itsatsita dago. Oso kezkatuta gaude bloke hori erortzen bada gure etxeari gerta dakiokeenarekin. Udalekoek esaten dute hori erorita ere gure etxeari ez zaiola ezer pasatuko, baina etxea ondoan daukazunean beste era batera ikusten dira gauzak”.

Galarragak esan bezala, udaleko arkitektoak dio “teknikoki” ez daukala “inolako arazorik” Kale Nagusia 2ko eraikinak. Haren arabera, 4. zenbakiko eraikinaren jabeek, etxearen egoera ikusita, “hondamendi egoeran” deklaratzeko prozedura jarri zuten martxan. Arkitektoak azaldu du Azkoitiko Alde Zaharreko eraikin gehienek “monumentu izaera” dutela, eta, ondorioz, “babes berezia”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da eraikin horietan edozein aldaketa egiteko baimenak ematea.

Arkitektoak adierazi du udala “jabeen eskutik” joan dela eraikina hondamendi egoeran deklaratzea lortzeko. “Jaurlaritzak  onartu du hondamendi egoera, eta hurrengo pausoa izango da eraikinak duen babes berezia kentzea. Jaurlaritzak baimen hori ematen duenean eraitsi ahal izango dute jabeek eraikina”. Datarik ez du zehaztu oraindik, dena den.

Kale_Nagusiko_4_zenbakiko_(1)

(A. Olaizola)

Aspaldiko eskaria
Galarragaren arabera, Kale Nagusia 2-ko bizilagunak “aspalditik” ari dira udalari eskatzen 4.zenbakiko eraikina botatzeko. “Ez dakit zenbat denbora ari garen kontu honi bueltaka. Duela urtebete edo udalak esan zigun paper bat falta zela botatzeko; gero, ez dakit zer; gero, ondare historikoa dela eta ezin dela bota… Nik ez dakit beraiek ere aklaratzen diren”.

Argia da Galarragaren eskaera: “Etxe hori bota egin beharko litzateke, bakarrik erortzen bada askoz ere handiagoa izango baita arriskua”. Gainera, eraikinaren ingurua “oso zikina” dagoela dio, eta garbitzeko eskaria egin du.

Haserre hitz egin du Ion Arenasek ere gaiaren inguruan. Harena da eraikinaren lehen pisuko etxebizitza, eta nahiz eta azken 4-5 urteotan ez den bertan bizi, gertutik jarraitu ditu eraikinaren inguruko kontuak. Gogor salatu du udalaren jarrera: “Etxe bat erortzen ari da, sekulako arriskua dago, eta ez dute ezer ere egiten: ez digute deitzen… Udalak eurorik ikusten ez badu, ez du ezer egiten”.

Eraikin horretan bizi ez denez, etxea alokatzea edo saltzea nahi du Arenasek. “Sukaldea eta komunak nahikoa berriak dauzka etxeak, baina nola alokatuko dut aldameneko etxea erortzen ari bada?”. Hark ere Galarragaren eskaera bera egin du: “Nahi duguna da ahalik eta azkarren etxe hori botatzea, gure eraikinari eragin ez diezaion”.

Hasiera, duela sei urte
Duela sei urte, sute bat izan zen Kale Nagusian, eta ezbehar horrek eraginda, bi etxebizitza bloke bota zituzten. Galarragaren arabera, orduan hasi zen guztia: “Eraikin horiek bota izanak 4. zenbakiko eraikinari ere kalteak eragin zizkion; kate bat izan da guztia”.

Udaleko teknikariaren ustez, ordea, ezin da esan sute hark eta ondorengo eraisketek eragin dutenik Kale Nagusia 4ko eraikinaren egungo egoera. “Sutea 14. zenbakian izan zen, eta, horren ondorioz, 6., 8., eta 10. zenbakietako eraikinetan kalteak izan ziren. Baina 4. zenbakiko eraikin hori nik uste berez ja nahikoa zahartuta zegoela”.

Kale Nagusia 2ko bizilagunen kezkaren berri “lehen aldiz” entzun duela azaldu du arkitektoak, eta esan du “udaletxeko ateak zabalik” daudela “norbaitek arazoren bat badu”.

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Ainhoa
    26 urtarrila 2018 at 14:31 - Reply

    Ez orain eta ezta orain dela 6 urte ere, iñoiz ezdu udalak ezer egin!

  • Send this to friend