Igandean Kros Txikia jokatuko da Zaragueta Herri Eskolak antolatuta

2 urtetik 11-12 urtera bitarteko haurrek parte hartzeko aukera izango dute. 12:00etan hasiko da lehen lasterketa, eta egunean bertan eman ahalko da izena.
ORIOKO_VIII_KROS_TXIKIA

Iazko Kros Txikiaren une bat. (Argazkia: Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Iganderako IX. Kros Txikia antolatu du Zaragueta Herri Eskolak, Eman indarra zure seme-alabei lelo hartuta. Haur Hezkuntzako 2. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko haurrei zuzendutako lasterketak egingo dituzte; hau da, 2 urtetik 11-12 urte bitarteko haur eta gaztetxoei bideratuak. 12:00etan hasiko da lehen proba Zaragueta Herri Eskolaren ondotik, hondartza ingurutik, eta mailaka aterako dira neska-mutilak. Urtez urte beren adinera egokitutako distantzia eta ibilbidea egingo dute. Irteten aurrenak txikienak izango dira, 2 urtekoak, alegia.

Urtero bezala, festa eta kirola uztartuko dituzte igandeko krosean. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez izena emateko aukera dute Zaragueta Herri Eskolan bertan. “Aiako, Getariako eta Zarauzko Eskola Kiroleko koordinatzaileei haurrek parte hartzeko dortsalak banatzen dizkiegu, baina egunean bertan ere parte hartu nahi dutenek izena eman eta dortsala eskuratzeko aukera izango dute, 11:30ean irteera gunean”, azaldu du Joseba Agirre Zaragueta Herri Eskolako Kiroleko koordinatzaileak. Kostako herrietako haurrez gainera, beste herri batzutakoek ere parte hartu izan dute Orioko Kros Txikian: “Orioko, Aiako, Zarauzko, Getariako, Zumaiako haurren parte hartzea izaten da batik bat, baina Azpeititik, Azkoititik eta beste herri batzutatik ere etorri izan dira”.

Orioko Kros Txikia hondartza eremuan jokatuko da, eta igandean, goiz eguerdi partean, gune horretan zirkulazioan aldaketak egongo dira lasterketak jokatu bitartean. Alde batetik, Abaromendi 1-26 zenbakien arteko kale tartea trafikoari itxita egongo da. Era berean, eremu horretan aparkatzea debekatuta egongo da, 08:00etatik 14:00etara bitartean.

Bestetik, Hondartza bidean, Abaromendi kaleko bidegurutzetik kanpineko sarrera arte, debekatuta egongo da ibilgailuak aparkatzea.

Horrez gain, hondartzara eta Antilla kalera joan behar duten ibilgailuek txandaka igarotzeko aukera izango dute lasterketak jokatzen ari diren bitartean.
Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend