Elurrak eta txingorrak kostaldea zuritu dute, eta hainbat arazo eragin dute errepideetan

Auto ilara luzeak sortu dira A-8an, Zarautz eta Usurbil artean, bi noranzkoetan

Kostaldean elurtuta esnatu dira goizean, eta txingorra ere egin du han-hemenka. Zarauzko eta Orioko kaleak eta errepideak zurituta daude, eta horrek hainbat arazo eragin du zirkulazioan. Hain zuzen, txingorraren eraginez, A-8 autobidean auto ilara luzeak daude une honetan (10:00), Zarautz eta Usurbil artean. Ertzaintzaren arabera, zazpi kilometroko ilarak daude Irunera bidean, eta sei kilometrokoak Bilborako norantzan. Horrez gain, txapa istripua izan da autobidean, Orio parean. Ez da zauriturik izan.

Mendateei dagokienez, berriz, Urrakin, Mandubian eta Bidanian kontuz gidatzeko ohartarazi du Segurtasun Sailak, elurra ari duelako. Horrez gain, La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, Azpeitia eta Beizama lotzen dituen UK04 autobus lineak arazoak ditu ohiko bidea egiteko, eta ezin du Santa Ageda eta Santutxu auzoetara iritsi.

Tenperatura epeltzea aurreikusten da eguerditik aurrera, eta elur maila 500 metrora igoko dela iragarri du Euskalmetek.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend