Itzaltzear zen festa piztu dute

Bihar 19:00etan aterako da kaldereroen konpartsa Errebaletik. Urteak dira lagun kuadrilla bat bazkaria egin eta kalejiran ateratzen hasi zela. Festa indartu egin da.
Kaldereroetan_ateratzen_de

Lagun kuadrilla bat kaldereroen konpartsan ateratzeko prest, Bustinzuriko Errebalean. (Hitza)

Kaldereroen konpartsa 1986an atera zen aurreneko aldiz herrian, Imanol Eliasen efemerideen liburuan jasota dagoenez. 32 urteotan egin egin dira kaldereroak, baina urte guztietako parte hartzaile kopurua ez da bera izan; gorabeherak izan ditu konpartsak, baina azken urteetan gero eta jende gehiago ateratzen da kalera, trapu zaharrak soinean, zartaginak astintzera.

Duela urte batzuetatik elkarrekin ateratzen dira kalejiran Miriam Arregi (Azpeitia, 1985), Gorka Ibarguren (Azpeitia, 1975), Igor Zabala (Azpeitia, 1995), Asier Goenaga (Azpeitia, 1975) eta haien senideak eta lagunak.

Zabala eta haren bikotekide Itsaso Rodriguez duela zortzi urte hasi ziren lagun batzuekin kaldereroen kalejiran parte hartzen. “Lagunartean hasi ginen aterako al ginen-eta hitz egiten, eta horrelaxe egin genuen urratsa”. Ordutik, batak edo besteak huts egin arren, “urtero” ateratzen dira kalejiran, eta, gainera, lagun kuadrilla hazi egin da: “Haurdun egonda ere atera izan gara, pentsa”, azaldu du Arregik. Izan ere, gaur egun, haur eta heldu, hogei bat lagun elkartzen bazkaltzeko, eta, ondoren, denek elkarrekin irteten dute konpartsan.

2007an, Ardozaleek antolakuntza utzi eta udalak hartu zuenean, bilera bat deitu zuen erakundeak. “Bilera hartara Itsaso eta Festa zinegotzia soilik azaldu ziren”, diote barre artean. “Bileratik bueltan hala esan zigun Itsasok: ‘Inor ez da agertu, eta hau badoa haizea hartzera! Ezin da festa hori galdu…'”, azaldu du Ibargurenek. Zabalak esan duenez, taldetxoa nola osatu hitz egiten hasi ziren: “50 bat lagun-edo elkartzen saiatu ginen, Itsasok lagun batzuei-eta esan zien, eta ordutik, pixkanaka-pixkanaka, indartzen joan da festa”. Arregik uste du gero eta jende gehiago animatzen dela umeekin kalejiran ateratzera. Lehen aldiz atera ziren urte hartako irudia gogoan du Goenagak: “Jende gutxi ginen, baina ondo pasatu genuen. Izugarria da azken urteotan zenbat jende animatu den ikustea”.

Aurretik ere kaldereroen kalejiran irtendakoak dira gehienak: “Urte batean, Irrintzi elkarteko kideak atera ginen, buruan ezpainzapiak jarrita eta kortxoarekin aurpegia zikinduta”, azaldu du Zabalak. Gurasoak Ardozaleakeko kideak ditu Arregik, eta haiek festa antolatzen zuten urteetan atera izan zen kalejiran. “Guk janzten genituen arropak gure umeek janzten dituzte orain”.

Lagun taldeko kideek uste dute  “umeekin ateratzeko aitzakia polita” dela kaldereroena. Eta aitzakia polita ez ezik, bazkaria egiteko aitzakia ere badituzte kaldereroak. “Zokoa elkartean bazkaltzen dugu, eta bertan janzten gara eta margotzen dugu aurpegia”. Une hori “polita” izaten dela dio Ibargurenek: “Soziedadean juntatzen da trapu zahar pila”. Dena den, Ibargurenek zehaztapena egin du: “Bazkalostean, urte batzuetan, arrastaka irten izan dut, batere gogorik gabe, nahiz eta gero oso ondo pasatu”. Zabalak eta Goenagak, berriz, beraiek “gustura” ateratzen direla esan dute.

Zabalaren alaba Malenek urteetan irten du konpartsan, baina koxkortzen ari da, eta orain ez dio “grazia handirik” egiten kalderero janzteak. Hodei semeak, berriz, iaz “oso ondo” pasatu zuela esan du. Ibargurenen eta Arregiren seme Peruk, kalejiran irtetea gustatzen al zaion galdetuta, baietz erantzun du. “Iaz lehenengo ilaran joan ziren denak, elkarri lekua kendu nahian, gustura”, azaldu du Arregik. Astoaren karroan ere joan izan direla gogorarazi du Ibargurenek: “Gu oinez eta zuek karroan; euria egiten badu, gu aterkiarekin eta zuek aterpean. Zeuek onenak, txapeldun!”, esan die Ibargurenek haurrei.

Taldean atera diren urteotan pilatu zaie anekdotarik: “Bi asto ateratzen dituzte kalejiran, eta horietako bat eraman izan duenak ezin izan zuen irten urte hartan. Etxe Zuri tabernaren parera iritsi ginen, eta astoak ez zuela aurrera egingo! Azenario bat eskuratu genuen tabernaren batean, eta harekin xaxatzen ibili ginen, aurrera egin zezan. Zer egin ez genekiela ibili ginen, eta, halako batean, kaldereroen konpartsa guztia Eguzkitza parean zegoela, okurritu zitzaion asto hari mugitzen hastea”.

Karnabalen astebururako go­go pizgarri ere badira kaldereroak kuadrillarentzat. Hala dio Zabalak: “Kalejira bukatzean, bandak Hementxe dala jotzen du kalean behera, eta hori ederra izaten da. Niri eragiten dit horrek”. Hori entzunda, “behar ere gutxi”, erantzun dio Ibargurenek barrez.

Kaldereroen asteburua:
-Bihar, zapatua
19:00. Kaldereroen konpartsa Bustinzuriko Errebaletik abiatuko da, eta plazan bukatuko dute ibilbidea.
23:00. Gora Herria taldearen kontzertua, Sanagustinen.
-Etzi, igandea
13:00. Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak Inauterietako kanten kontzertua eskainiko dute, Sanagustin kulturgunean. Argazki Elkartekoen Irudien proiekzioa ere emango dute.
16:30. Sokamuturra hasiko da Erdikalean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend