Egitarau oparoa prestatu dute Ekainberriren 10. urtemugarako

Gaur, astelehena, aurkeztu dute hainbat erakundek Ekainberriren 10. urtemugarako prestatu duten egitaraua. Urte osoan zehar izango da zer egin Zestoan dagoen Ekain haitzuloaren erreplikan.

Ekainberri 10 urte

Datorren irailaren 11n beteko ditu Zestoako Ekainberri museoak hamar urte. Hain zuzen ere, 2008ko irailaren 11n zabaldu zituen ateak Ekain haitzulotik gertu, Sastarrain bailaran, dagoen erreplikak. Hamar urte beteko ditu, beraz, aurten, eta urtemuga ospatzeko, urte osorako hainbat ekitaldi antolatu dute. Atzo aurkeztu zuten egitaraua Araziko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Zestoako Udaleko eta Aranzadiko ordezkariek.

Ekitaldi zerrendari hasiera aste honetan bertan emango diote Ekainberriko ordezkariek; izan ere, Morellan (Herrialde Katalanak) izango dira museoko ordezkariak labar arteari buruzko biltzar batean. Dena den, urte osoan zehar hainbat egitasmo izango da Zestoan bertan nahiz handik kanpo. Otsailaren 18an, esaterako, Kobaz Koba Trail proba izango da Zestoan, eta harekin bat egingo du museoak –probarako izen-ematea zabalik dago–. Martxoan, berriz, tailer bereziak eskainiko dituzte Ekainberrin; izan ere, Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea izango da. Martxoaren 18an, berriz, Lurpea IX. Koben Eguna ospatuko dute Ekain kobaren erreplika biltzen duen azpiegituran. Bestalde, maiatzaren 18an Ekainberrik bat egingo du Nazioarteko Museoen Egunarekin, eta programazio berezia prestatuko dute egun horretarako. Ekainean, berriz, berrikuntza bat erantsiko diote museoari: aurreko zelaian historiaurreko kanpalekua ezarriko dute. Gainera, ekainean bertan –ez dute data zehaztu–, IX. Ekainfest jaialdia izango da. Bestalde, uztailaren 20an, EHUko ikastaroen barruan eta Ekainberrik eta Gordailuak antolatuta, labar artea duten haitzuloen errepliken ordezkariekin saio bat egingo dute Donostian.

Udako oporren ostean ere izango da ekitaldirik; irailaren 11n, Ekainberri ireki zuten hamargarren urtemugan, programazio berezia eskainiko dute museoan, eta azaroaren 16an, Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunean, ospakizun berezia egingo dute.

Urteurrena dela eta, Bainuetxetik Arozena hotelara arteko bidean eta Zestoako herrigunean zapi apaingarriak jarriko dituzte. Zapi horietan Ekain haitzuloaren barruan dauden margoak eta Lili jauregiaren irudiak ikusi ahal izango dira.

280.000 bisitari

Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek 1969ko ekainaren 8an aurkitu zituzten Ekainen labar margoak. Madelein aldiko 70 animalia irudi daude bertan; horietako asko margotuak dira eta batzuk grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia.

Ekain kobazuloaren eta hango margoen erreplikak jasota dauden Ekainberri museoa Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sortutako Ekain fundazioak zabaldu zuten. Atzoko agerraldian jakinarazi zutenez, zabaldu zutenetik hona 280.000 bisitari izan ditu.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend