Bada bizitzeko beste era bat

Tailandiatik Azkoitira bizikletaz etortzea zen Imanol Larrañagaren asmoa, baina, azkenean, ibilbidean aldaketa batzuk egin behar izan ditu. Uneotan, Madriletik etxera bidean da.
imanol1

Imanol Larrañaga, bidaiaren une batean. (I.L.)

Sorterria 20 bat urterekin utzi zuen Imanol Larrañagak (Azkoitia, 1985). Urtebeteko bidaia egin eta etxera itzultzea zen haren asmoa, baina ez zekien bidaia hark bizitza goitik behera aldatuko ziola. “Mundua ikusten hasi nintzen, konturatu nintzen ez zela Azkoitia-Azpeitia inguruan bukatzen. Begiak irekitzen hasi nintzen, eta bizitzeko mila era daudela ikusi nuen. Pentsatu nuen: ‘Orain bueltatu hadi ba Azkoitira!’”. Kanpoan bizi da aspaldian Larrañaga, eta tartean behin itzultzen da etxera. Uneotan, Azkoitira bueltan da beste behin: bizikletaz dator bidean, eta egun hauetakoren batean iritsiko da herrira.

Uztailaren hasieran abiatu zen Tailandiatik. Pedalkada bat aurrena eta gero bestea, Azkoitiraino iristea zen haren asmoa. “Aspalditik nuen buruan horrelako zerbait egitea, baina beti izaten nuen zerbait: lana dela, bestea dela… Arazo batzuk tarteko lana utzi nuen, eta bikotekidearekin nuen harremana ere amaitu egin zen. Orduan, ‘hauxe da momentua’, pentsatu nuen”.

Tailandia, Myanmar, Txina, Laos, Mongolia, Errusiaren zati bat, Kazakhstan, Arabiar Emirerri Batuak eta Iran. Herrialde horiek guztiak gurutzatu ditu Larrañagak. Handik Turkiara igaro eta Europa guztia zeharkatzea nahi zuen, baina moztu egin du ibilbidea azkenean. Urpekaria da afizioz eta ofizioz, eta interesatzen zaion lan bat aurkitu du Polinesian. Baleekin lan egingo du, eta martxoaren amaierarako han egon behar du. Hori dela eta, Irandik Madrilera hegazkin bat hartu du, eta atzo abiatu zen handik Azkoitira. Etxekoak bisitatu eta Polinesiara joango da.

Bidaia hasterako, ez zuen prestakuntza berezirik egin Larrañagak. “Keba, keba. Ni sekula ez naiz kiroletan ona izan. Hasieran, egunean 40 bat kilometro egiten nituen bizikletaren gainean, eta, pixkanaka, sasoian jartzen joan naiz”. Batez beste, egunean 100 kilometro inguru egitera iritsi da, baina ondo gogoan ditu bidaiaren lehen asteetan izaten zituen agujetak. “Leku denetako mina izaten nuen, baita belarri atzean ere!”.

Zazpi hilabete daramatza bidean Larrañagak, orain hemen eta orain han lo egiten. Halakoetan, gainean eraman behar bizitzeko behar den guztia: “Ez daukat sekulako ekipamendua, e! Decathloneko kanpin denda, lozaku on bat eta bizikleta normal-normal bat, bere garaian jaunartzean oparitu zidatenaren antzekoa”. Normalean, kanpin dendan egiten du lo, baina tarteka, ostatuetan ere pasatu izan ditu gauak.

imanol2

(I.L.)

Alde onak eta txarrak
“Zalantzarik gabe”, Oman herrialdea gustatu zaio gehien Larrañagari. “Ez nekien existitzen zenik ere, eta izugarri gustatu zait: jende oso ona aurkitu dut, eguraldi ezin hobea, paisaia politak…”. Horrez gain, onena “jendearekin egotea” izan dela uste du. “Leku askotan jendeak ez daki ondo ingelesa, eta harrigarria da ikustea nola lortzen duzun haiekin komunikatzea: marrazkiekin, barrearekin, keinuekin, begiradarekin… Harrigarria iruditu zait zer komunikatzeko gaitasun dugun, zer ondo ulertzen garen nahi dugunean. Beste batzuekin, berriz, hizkuntzak ere ez du balio elkar ulertzeko”.

Batez ere, gauza batek piztu du Larrañagaren arreta: “Topiko bat dirudien arren, gutxien daukanak ematen duela gehien ikusi dut. Betiko kontua da, baina horixe da egia gordina. Hori argi eta garbi ikusi dut, daukanak ere zerbaitegatik daukala”.

Alde onak ez ezik, abenturak ere, gauza guztiek bezala, alde ilunagoak ere badituela konturatu da Larrañaga. “Bidaia nire ustez gogorra da: bakarrik egotea, esfortzu fisiko handia, ahal den bezala elikatu beharra… Baina gogorrena da zure buruarekin bakarrik egotea, pentsatzeko denbora asko izatea. Hasierako bizpahiru hilabete gogorrak egin zitzaizkidan, pare bat aldiz bururatu zitzaidan bidaia uztea. Hori bai, behin ja buelta emandakoan, zoragarri joan da dena. Orain ja pozten naiz erretiratu ez izanaz”. Helburuetako bat hori zela dio: “Bakarrik egoten ikastea, eta, zorionez, lortu dut”.

Hotza izan du bidaiako beste arerio nagusia azkoitiarrak. Zero azpitik hamar graduko tenperatura izan da bizitzea tokatu zaion hotzena. “Pentsa, eskuko telefonoak zera esaten zidan: ‘Itzali telefonoa, hotz handiegia egiten du’”. Beste une batean ere ez zuen ederki pasatu: “Kanpin denda muntatzen ari nintzen,  dardarka, eta pentsatu nuen: ‘Ostia, hil egin behar diat!’ Sekula ez dut horrelako hotzik pasatu. Zaku barruan sartu nintzen, eta zera pentsatu nuen: ‘Ima, eskuetatik joaten ari zaik!’. Neukan arropa dena jantzi eta zakuan sartu nintzen, ‘ea bihar eguzkia irteten den’, pentsatuz”.

Bi urte eta erdi Azkoitira etorri gabe egon ostean, laster iritsiko da Larrañaga herrira. “Gustatuko litzaidake karnabaletarako iristea, baina zaila ikusten dut”, dio barrez. Parrandarako itzuliko ez bada ere, ez da girorik faltako haren iritsieran. “Lagunek esan didate nire zain egongo direla bizikletekin, eta azken 10-15 kilometroak nirekin egingo dituztela”.

Iritsi eta lehen gauza zer egingo duen galdetuta, argi dio: “Pentsatzen dut Deanera edo Zakelara joan beharko dudala jendeari kasu egitera”. Amak hala esan omen dio: “Aurrena etxera etorri beharko duk ba!”. Ezetz semeak: “Aurrena, kaletik pasatuko naiz, eta gero joango naiz etxera”. Barrez dio Larrañagak: “Oraingo honetan behintzat abisatu diet banatorrela”.

Bere bizipenak kontatzean, denetarik entzutea tokatu zaio Larrañagari: “Ezagutzen nautenek ulertzen naute, baina beste askok ez”. Haren ausardia miresten duenik ere bada: “Hik bai mundua ezagutu, eta hara eta hona ibili eta…”, esan izan diotela azaldu du. Halakoei argi erantzuten die: “‘Nik ez daukat pasaporte berezirik, zurea bezalakoxea daukat!’. Eta esaten didate: ‘Baina nik ja etxea daukat eta kotxea…’. Jontxo, nik ez daukat ezer momentu honetan, bizikleta bat baino ez!”.

Gauza bat argi dago: bizitzeko mila era daudela, eta norberak aukeratzen duela gehien atsegin duena.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend