Parte hartzaile kopurua mugara iritsita dator Kobaz Koba Trailen III. edizioa

Igande goizean izango da proba. 500 lagunek eman dute izena, eta itxaron zerrenda luzea osatu da. Proba luzea 09:00etan hasiko da, eta motza 10:00etan. Festa girorik ez da faltako herrigunean.
Jone Urkizu, II. Kobaz Koba Trail lasterketan. (Olaia Iraola)

Jone Urkizu, II. Kobaz Koba Trail lasterketan. (Olaia Iraola)

Iazko arrakastari segika dator aurtengo Kobaz Koba lasterketa. Igandean izango da mendi lasterketaren III. edizioa, eta dortsal guztiak saldu dituzte dagoeneko. Hain zuzen ere, 500 lagun daude izena emanda, eta itxaron zerrenda ere luzea da. Horrenbestez, itxita dago izen-ematea.
Agiro mendi taldeak eta Arazaik elkarlanean prestatutako lasterketak antzinako gizakiek egindako ibilbideak ditu oinarrian; historiaurrearekin lotura zuzena du probak. Izan ere, Amalda, Erralla, Danbolinzulo, Arluze, Ekain, Erlaitz eta Irikaitz Historiaurreko haitzuloen eta aztarnategien ingurutik pasatuko dira lasterkariak.

Aurreko edizioetako moduan, aurten ere bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek: Artzei bidea (13 kilometro) eta Zaldei (25 kilometro). Lehen bi edizioetan 16 eta 17 kilometrokoak izan ziren ibilbide motzak, eta, aurten, kilometro gutxiago izango ditu.

Bi probak, luzea eta laburra, herrigunean hasi eta bukatuko dira. Dena den, ordutegia desberdina izango da: Zaldei ibilbidea edo proba luzea egingo duten parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira; aldiz, proba laburra edo Artzei egin behar dutenak 10:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dute 10:15ak aldean iritsiko direla lehen lasterkariak helmugara, eta azkenak 13:00ak aldera.

Sari banaketa ekitaldia 12:30ean hasiko da. Lehenik, Artzei bideko lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte dagozkien sariak, eta, ondoren, Zaldei bidekoek. Lehen zestoarrek ere jasoko dute saria, baita proba oinutsik edo oinetako bereziekin egin eta aurrena helmugaratzen den kirolariak ere. Gainera, parte hartzaile guztiek opariz betetako poltsa bana jasoko dute proba hasterako, eta hainbat zozketa ere egingo dute parte hartzaile guztien artean proba bukatzean.
Probarako dortsalak ostiralean eta  larunbatean banatuko dituzte, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:30era, Zestoako Turismo Bulegoan. Probaren egunean, berriz, kiroldegian, 08:00etatik aurrera.

Proba bukatzean kiroldegian, Iraetako futbol zelaian eta eskolan dutxatu ahal izango dute parte hartzaileek.

Egitaraua

09:00. Zaldei bidea lasterketa.
10:00. Artzei bidea proba.
10:00. Trikitilariak Laranjadi plazan. Gainera, hainbat produktu dastatu ahalko da bertan.
10:15. Lehen lasterkariak iritsiko dira herrigunera.
12:30. Sari banaketa ekitaldia. Lehenik, Artzei bideko kirolariek jasoko dituzte, eta, ondoren, Zaldei bidekoek.
13:00. Azken korrikalariak iritsiko dira helmugara

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend