Zabalik dago Azpeitia-Bilbo 2018ko bigarren etaparako izen-ematea

Bigarren ibilaldia, Debatik Lekeitiora artekoa, otsailaren 24an egingo dute, eta bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 22a baino lehen eman beharko dute izena.

Zabalik dago Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren bigarren etapan parte hartzeko izen-ematea. Bigarren ibilaldia, Debatik Lekeitiora artekoa, otsailaren 24an egingo dute, eta bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 22a baino lehen eman beharko dute izena.

Parte-hartzaileak anbulatorio aurretik autobusez irtengo dira Debara, 08:00etan. Han ekingo diote ibilbideari, eta GR-121 errepitea jarraituta Mutriku eta Ondarroa igaroko dituzte. Ondoren, Berritxu aldetik Asterrikara joango dira, geroago Zelaia eta Mendexa ingurutik pasa, eta Lekeitiora iritsi arte. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, parte-hartzaileak 15:00-15:30 inguruan iritsiko dira Lekeitiora.

Ibilbidean zehar bi geldialdi egingo dituzte. Aurrena 15 minutukoa izango da, hamaiketakoa egiteko. Bigarrena, berriz, 30 minutukoa, bazkaltzeko. Norberak eraman beharko du jatekoa.

Izen-ematea www.lagunonakmb.org webgunean edo Xiriako gozotegian egin daiteke. Mendi bazkunako bazkideek 6 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta bazkide ez direnek, aldiz, 8 euro.

Joan zen urtarrilean jarri zuen martxan Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa Lagun Onak mendi bazkunak. Guztira, zortzi etapa antolatu dituzte, denak 20-25 kilometro artekoak dira, eta GR eta PR izeneko ibilbideetan zehar egingo dituzte. Honako hauek dira Azpeitia-Bilbo 2018ko hurrengo etapak.

2- Deba-Lekeitio. 21 kilometroko ibilbidea. Otsailaren 24an, larunbata.

3- Lekeitio-Elantxobe. 21 kilometro. Martxoaren 17an, larunbata.

4- Elantxobe-Bermeo. 23 kilometro. Apirilaren 14an, larunbata.

5- Bermeo-Bakio. 18 kilometro. Maiatzaren 12an, larunbata.

6- Bakio-Plentzia. 23 kilometro. Ekainaren 16an, larunbata.

7- Plentzia-Getxo. 22 kilometro. Irailaren 15ean, larunbata.

8- Getxo-Bilbo. 17 kilometro. Urriaren 20an, larunbata.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend