Igon Lertxundi: “Asanbladari eta klubei dagokie erabakiak hartzea, ez batzordeari”

Orioko Arraun Elkarteko presidentea zen Igon Lertxundi (Orio, 1976) oriotarrek 2007an Kontxako Bandera irabazi zutenean. Kontxa oriotarrentzat «berezia» dela uste du, baina arraun munduan liga gero eta garrantzi gehiago hartzen ari dela iruditzen zaio Lertxundiri. TKE ligako batzordekide da urtarriletik, eta elkarteko diruzain ardurak betetzen ditu, gai ezberdinen inguruan hausnartu eta TKEko asanbladari proposamenak egiteaz gain.

igon
Orioko Arraun Elkarteko presidentea izan zinen, eta elkartetik sortu da TKE ligako batzordekide izateko proposamena.
TKEko zuzendaritza taldea klub ezberdinetako partaideekin osatzen da. Aurten, Orioko zuzendaritza talde horretan sartzeko eskatu ziguten, aspaldi ez zelako egon.

Orio Arraunketa Elkartetik deitu zidaten laguntza eskatuz. Haiek lan asko zuten, eta ongi dakit hori, hor egon naizelako. Orioren izenean zuzendaritza taldean sartzeko mesedea eskatu zidaten. Baietz esan nien.

Orioko Arraun Elkarteko presidentea izan zinen urte askoan.
2006 eta 2009 urteen artean izan nintzen OAEko presidente. 2007an Kontxako Bandera irabazi genuen, eta hamar urte geroago, iaz, berriz ekarri genuen Kontxako Bandera Oriora.

Nola gogoratzen duzu 2007an Oriok Kontxa irabazi zuen unea?
Oso urte ona izan zen, bai ligan eta baita Kontxan ere. Bandera asko ekarri genituen. Kontxako Bandera hura irabazteak, ordea,  ilusio handia egin zigun oriotar guztioi. Gainera, irabazteko faboritoak ez ginela esango nuke. Urdaibairen trainerua ere hor zebilen, eta urte osoa haiekin borrokan pasatu genuen. Azkenean, Kontxako bi igandeetan irabaztea lortu genuen, eta Orioko herriak harrera ederra egin zigun. Izugarria izan zen. 2017an bezala, urte hartan bandera irabazteko gose handia zegoen. Urte askoren ondoren, 2000n ekarri zen, eta 2001ean Castrorekin lehian ibili ginen eta ez genuen lortu. Irabazi gabe hainbeste denbora pasatu ondoren, polita izan zen.

Zein funtzio izango dituzu TKEn?
Diruzain bezala sartu naiz TKEko zuzendaritza taldean, urteko lehenengo batzarrean. Presidenteaz gain, beste hiru batzordekide egongo gara. Zeregin asko ditugu: gai ezberdinak lantzea, arraunaren inguruan hausnartzea eta TKEko asanbladari proposamenak egitea, besteak beste. Bi aste daramatzat oraindik, eta OAEko presidente nintzenean asanblada horietan parte hartzen nuela oroitzen dut. Garbi neukan erabaki guztiak hartzeko boterea klubek izan behar zutela.

TKEren asanblada hamabi klubez osatuta dago, eta hamabi klub horiek erabakitzen dute zein gauza eta nola egin. Azken finean, asanbladari eta klubei dagokie erabakiak hartzea, eta ez batzordeari.

Azken urteetan zertan aldatu da arrauna arraunlarientzat?
Ekonomikoki ez dira gauzak aldatu, eta negatiboa iruditzen zait hori. Profesionalak bezala egiten dute lan arraunlariek, eta ez dute dirurik ikusten. Zentzu horretan, arrauna ez da beste kirol batzuk bezalakoa. Azken urteetan ez du egoera ekonomiko horrek hobera egin, eta kasu askotan, okerrera egin duela ere esan genezake.

Garai batean, Castrok, Astillerok eta horrelako klubek indar handia zuten, diru asko zutelako. Oso ondo mantendu ziren urte haietan. Aurten, dirurik ez dutela eta, ez da Kantabriako trainerurik izango ligan. Ezberdintasun handia da hori. Ez dute dirurik gabe mantentzen jakin, eta horrek harrobirik ez zutela esan nahi du. Pena da horrelako klubak maila galtzen ari direla eta TKEn parte hartuko ez dutela ikustea. Arreta deitzen didan gauzetako bat da.

Hala ere, emakumezkoen arraunean aurrerapausoak eman direla esango nuke. TKEn 2009. urtean izan zen lehenengo emakumezkoen liga, eta selekzioarekin egin behar izan zuten, oso klub gutxik zituztelako  emakumezkoen arraun taldeak; Gipuzkoan gutxi batzuk bazeuden arren. Orain, bederatzi urte geroago, hogei klub baino gehiago daude emakumezkoetan, eta kluben bidez egiten da liga. Horrez gain, gero eta emakume gehiago animatzen ari da arraunean egitera.

TKEtik emakumezkoen estropada gehiago antolatzeko asmoa al duzue?
Oraindik ez dut gaia asko lantzeko aukerarik izan, baina duela bi aste asanblada bat izan genuen. Gai hori atera zen mahai gainera, eta horren inguruan eztabaidatu genuen. Klub guztiak  emakumezkoen traineruei eta arraunari protagonismo eta ikusgarritasun gehiago emateko formula ezberdinak bilatzen ari dira.

Ezberdinak dira Kontxako Bandera eta TKE liga. Azken urteetan liga garrantzia handiagoa hartzen ari dela esango al zenuke?
Bai, zalantzarik gabe. Hamabost urte egingo ditu laster ligak, eta denboraren poderioz, sendotzen ari da. Hasieran zalantza askorekin jaio zen, eta ziur aski batzuk ez zuten pentsatuko gaur egun horrelako indarra izan zezakeenik. Gero eta garrantzizkoagoa da liga edo ligako estropadak irabaztea. Bestelakoa da Kontxa: estropada berezi bat da. Traineru oso ona izan behar duzu, eta zortea izan behar duzu… bere xarma du. Eta, oriotarrentzat, are gehiago. Beti izan dugu jomugan, oriotarrentzat irabazi beharreko estropada bat delako Kontxa. Hori beti horrela izango dela uste dut, beti egingo digu ilusio gehiago. Kontxako Bandera gehien dituen taldea da Orio.

Hala ere, ligak hartu duen garrantziarekin, eta orain arte Oriok liga irabazi ez duela ikusita, badakit liga irabazteak ere ilusioa egingo zigula. Hori heldu beharreko gauza bat da.

Zein erronka ditu TKEk datozen urteetarako?
TKEz gain KAE ligak ere badaude, eta guztiak eskutik emanda elkarrekin joatea erronka handia da. Hitzarmenak baditugu ligen artean, baina bakoitzaren interesak berak ez direla ikusten dugu. Elkarrekin lan egingo bagenu, arrauna aterako litzateke irabazten. Liga guztiak kohesionatzeko egin behar dugu lan.

Diru sarrerak mantentzea eta, ahal izanez gero, hobetzea ere bada beste erronka bat. Babesleei esker lortu duguna mantendu behar dugu, babeslerik gabe ez litzatekeelako posible izango estropadak antolatzen diren bezala antolatzea. Gainera, kluba TKE ligan baldin badago, errazagoa egingo zaio babesleak aurkitzea. Ez da erraza izaten, eta arrauna kirol minoritario bat dela kontuan hartu beharra dago.

Bestetik, lehen esan bezala, emakumezkoen arraunari protagonismo eta ikusgarritasun gehiago ematea erronka garrantzitsua da etorkizunerako.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend