Ibilbide berriarekin dator XIV. Izarraizko mendi lasterketa

Azpeitiko Izarraizko Atea parkean hasiko da lasterketa aurrenekoz. Ibilbide aldaketa dela eta, datorren zapatuan ibilbide berria ezagutzeko irteera egingo dute. Berrikuntza bezala, lasterketaren aurreko egunerako umeentzako lasterketak eta jolasak antolatu dituzte. Nuria Picas korrikalariaren hitzaldia ere izango da egun horretan.

Badu data XIV. Izarraizko mendi lasterketak. Aurten apirilaren 29an, igandez, egingo dute urtero Izarraizko txokoetan barrena egiten den mendi proba, eta berrikuntzekin dator. Izan ere, ibilbide aldaketa izango da aurtengo edizioan. Gainera, probaren aurreko egunerako beste ekintza batzuk prestatu dituzte antolatzaileek.

Aurrenekoz, Izarraizko Atea parkean hasiko da mendi lasterketa, eta Azkoitiko Plaza Berrian amaituko da. Bi ibilbide izango ditu. Lasterketa herrikoiak 10 kilometro eta 470 metrotakoa desnibel positiboa izango du. Proba nagusia, aldiz, 25 kilometrokoa izango da, eta 1.500 metrotako desnibel positiboa izango du. Ibilbide aldaketa dela eta, datorren zapatuan, hilaren 24an, bide berria ezagutzeko irteera prestatu dute XIV. Izarraizko mendi lasterketaren antolatzaileek.  Izarraizko Atea parkean jarri dute hitzordua, 08:00etan, eta nahi duen oro anima daiteke bertara. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “erritmo ezberdinetan” egingo dute bidea zapatuko saioan.

Dagoeneko eman daiteke probarako izena www.kirolprobak.com webgunean. Izena emateko azken eguna apirilaren 26a izango da. Probaren eta txiparen arabera, 23 eta 30 euro bitartean ordaindu beharko da izen-ematea. Probarako dortsalak egunean bertan jaso ahal izango dira 07:30etik 09:15era bitartean. Dena den, larunbatean ere banatuko dituzte dortsalak Izarraizko Atea parkean. Lasterketa, berriz, 09:30ean hasiko da.

Haurrentzako jolasak eta hitzaldia

Ibilbide aldaketaz gain, beste berrikuntza batzuk ere izango dira aurtengo lasterketan. Izan ere, probaren antolatzaileek umeentzat jolasak eta Nuria Picas korrikalariaren hitzaldia antolatu dituzte lasterketa egunaren bezperarako.

Apirilaren 28an umeentzako  lasterketak eta jolasak izango dira 15:00etatik aurrera Izarraizko Atea parkean. Ondoren, 19:00etan hasita, Nuria Picas korrikalari kataluniarrak hitzaldia eskainiko du Soreasu antzokian. Picasek Alpeetan egiten den Ultra Trail Montblanc mendi lasterketa ospetsua irabazi zuen iaz.

Izarraizko txokoeten barrena urtero egiten den mendiko proba da Izarraizko Mendi Lasterketa. Orain arte antolakuntzaren ardura Lagun Onak mendi bazkunaren eta Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunaren artean txandakatzen zen, baina aurten aldaketak egin dituzte antolakuntzan. Aurrerantzean bi elkarteek batera antolatuko dute lasterketa urtero eta ibilbide bera egingo dute aurtero.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend