77 azpeitiarrek jaso dute 2017ko etxebizitza alokairurako diru-laguntza

Iaz 18 eta 35 urte bitarteko gazteak izan ziren alokairurako diru-laguntza jaso zuten gehiengoa. Eskatzaile guztien artetik 24 lagunek eskatu zuten aurrenekoz diru-laguntza; gainerako 53 herritarrek aurrez egina zuten eskaera. Udalak 200.000 euro bideratu zituen 2017an etxebizitza alokairurako diru-laguntzetara, eta kopuru bera bideratu du aurtengo aurrekontuetara.

2017an 77 herritarrek jaso zuten Azpeitiko Udalak ematen duen etxebizitzen alokairurako diru-laguntza. Udalak gaur jakinarazi ditu laguntza horien inguruko iazko datuak, eta horien arabera, 18 eta 35 urte bitarteko gazteak dira sustengu ekonomikoa jasotzen duten gehiengoa. Izan ere, iaz diru-laguntza eskatu zuten 77 lagunetatik 67 ziren kolektibo horretakoak. 70 urtetik gorako hiru herritarrek zein banandutako zazpi lagunek ere jaso zuten etxebizitza alokairurako diru-laguntza.

77 herritarretatik 24k iaz eskatu zuten aurrenekoz alokairurako diru-laguntza. Gainerako 53 herritarrek, aldiz, bigarrengoz edo hirugarrengoz egin zuten eskaera. Etxebizitzen kokapenari erreparatuta, 29 ziren Alde Zaharrean kokatutako alokairuko etxebizitzak. Udalak ezarritako oinarrien arabera, gune horretan kokatzen diren etxebizitzek hilean 50 euro gehiagoko laguntza jasotzen dute. Udalak “Alde Zaharra eraberritzeko eta biziberritzearen aldeko apustuaren baitan hartutako erabakia” da hori.

Udalak 200.000 euroko partida jarri zuen iaz alokairuko diru-laguntzetarako, 2016an baino 50.000 euro gehiago. 2018ko aurrekontuetara iazko kopuru bera –200.000 euro– bideratu dituela esan du Udalak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend