Jon Alberdi: “San Frantziskoko bizilagun askok ikusten dituzte Euskal Herriko pilota partidak asteburuero”

San Frantziskotik (AEB) iritsi berri da Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) pilotaria. Han Euskal Pilota Federazioaren ordezkari izan da astebetez, Ibai Arratibel ataundarrarekin eta Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitarte hernaniarrekin batera. Lau pilotariek San Frantziskoko Euskal Etxearen urteurreneko jaialdian hartu dute parte zenbait pilota partida jokatuz, erakustaldi modura. Esku pilotan jokatu bai, baina ondo pasatzeko eta bidaiaz gozatzeko tartea ere hartu du Alberdik.
Jon Alberdi (ezkerretik bigarrena) eta beste hiru pilotariak, atzean San Frantziskoko Golden Gate zubia dutela.

Jon Alberdi (ezkerretik bigarrena) eta beste hiru pilotariak, atzean San Frantziskoko Golden Gate zubia dutela.

Zer dela eta joan zara San Frantziskora (AEB) Euskal Pilota Federazioko ordezkari bezala?

Pilota federazioak antolatzen dituen bi txapelketetako irabazleak izaten dira ordezkari San Frantziskon. Iaz jokatutako Euskal Ligaren eta Zumarragako Elite Txapelketaren artean erabaki zen nork egingo zuen bidaia San Frantziskora. Gu azpitxapeldunak izan ginen Euskal Ligan, baina irabazleek arrazoi ezberdinak medio ezin izan dute bidaia egin, eta guri ezin hobeto etorri zaigu.

Zenbat eguneko egonaldia egin duzue han?

Astebete pasatu dugu San Frantziskon. Hilaren 14an hartu genuen joaneko hegazkina, eta asteazkenean itzuli ginen. Egia esan, pixka bat edo puxka bat gehiago luzatuko genukeen bidaia.

Zer egin duzue egonaldiak iraun duen bitartean?

Ahal bezainbeste zukutu dugu egonaldia. San Frantzisko hiria nahiz inguruko beste zenbait leku bisitatu ditugu, erosketak egiten ibili gara, Euskal Etxeko giroarekin asko gozatu dugu eta lo egiteko tartea hartu dugu, behar baino gutxiago agian, baina… (barreak). Parrandaren bat edo beste ere egin dugu, baita kontatzeko modukoak ez diren gauzak ere (barreak). Eta noski, pilota partidak jokatu ditugu Euskal Etxean.

Euskal Etxeak urtero antolatzen du Euskal Astea. Han ezagutzen al dute euskal kultura? 

Bai, Euskal Herritik San Frantziskora bizitzera joandako jende asko dago bertan. Haiek ondo ezagutzen dute euskal kultura, baina badira bertan jaio eta euskara ikasten ari diren lagunak ere. Ni harrituta gelditu naiz euskaraz zenbat hitz egiten den ikusita.

Horrelako jaialdiak egitea esku pilota ezagutarazteko garrantzitsuak direla uste al duzu?

Bai. Dena den, esku pilota ezaguna da han. San Frantziskoko bizilagun askok ikusten dituzte Euskal Herriko pilota partidak astebururo. Guk jokatu genituen neurketak ikustera ere jende ugari bertaratu zen. Zapatuan jokatu genuen lehen partida, eta 600 pertsona inguru hurbildu zen Euskal Etxeko frontoira partidak ikustera.

Esperientzia ona izan al da? Zer balorazio egiten duzu?

Bizipen ederra izan da. Asko gozatu dugu, baita barre ugari egin ere. Laukote ederra elkartu gara esperientzia honen bueltan, eta oso harreman ona egin dugunez, giro ederrean ibili gara.

Etxera bueltan zara dagoeneko. Zertan zabiltza orain? 

Zoritxarrez edo zorionez, bukatu da esperientzia, eta bakoitza bere herrira itzuli da jada. Nekatuta iritsi ginen asteazkenean, hegazkineko bidaia luzea egin zitzaigun eta. Dena den, ohiko martxa hartzea eta ahalik eta azkarren errekuperatzea komeni zaigu, betiko jardunari berriro heltzeko. Izan ere, zapatuan partida bat dut, eta asteazkenean beste bat.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend