Hezkuntza publikoan greba deitu dute sindikatuek

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, greba izango da Urola Kostako ikastetxe publikoetan. Lanuztearekin batera, hainbat jarduera izango dira herrietan.
GREBA_HEZKUNTZA_PUBLIKOAN

Artxiboko irudian, Orokietako langile batzuk protestan. (Orokieta Herri Eskola).

Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean, biharko eta etzirako greba deitu dute hezkuntza publikoan Steilas,  ELA eta LAB sindikatuek. LABek, ordea, mobilizazio dinamikak eten ditu sukalde eta garbiketa, Haurreskola eta heziketa berezien sektoreetan; irakasleen sektorearen protestak bakarrik mantendu ditu. Grebak jarraipen zabala izango du eskualdeko ikastetxe publiko gehienetan, baina gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, esaterako, lanuztearekin bat egingo dute; baina hainbat zerbitzu eskainiko dituzte bihar eta etzi, mailaz maila era desberdinean, jantokian eta zaintzan. Urola Ikastola BHIn, % 60k egingo du greba. Uztaro haurreskolan, bestelakoa da egoera: normaltasunez zabalduko dute.

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan, jarraipen zabala izango du lanuzteak: bertako langileen %76k egingo du greba, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Azkoitia BHIn, aldiz, greba %70ek egingo dutela aurreikusi dute; baina gaur bertan erabakitzeko aukera izango dute hezitzaileek. Atezainak, zuzendaria eta greba egiten ez duten irakasleak joango dira lanera. Xabier Munibe haurreskolan, hezitzaile bakar batek egingo du greba.

Errezilgo San Martin Herri Eskolan eragin handia izango du deialdiak, lantalde ia osoak egingo baitu lanuztea. Irakasle bakar bat joango da lanera, gutxieneko zerbitzuak berma daitezen.

Zestoako Herri Eskolan, % 92k egingo du greba, eta hezitzaile bat soilik izango da lanean. Arroako Herri Eskolan ere antzekoa izango da egoera: lanuztea egingo dute ia hezitzaile guztiek, eta gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko zabalduko dute. Aizarnazabalgo Basakaitz Herri Eskolan ere greba egingo dute.

Zumaiako Herri Eskolan irakasleen %77k hartuko du parte lanuztean. Institutuko aurreikuspen zehatzik ez badute ere, deialdiak eragina izango duela aurreratu dute. Bi haurreskola publikoetan, aldiz, ez dute lanuzterik egingo, LAB sindikatuak deialdia atzera bota duela eta. Oikiako eskolan ere ez dute lanuzterik egingo, ezezkoa atera delako bozketan.

Iturzaeta Getariako Herri Eskolan, hezitzaile eta langileen %80k hartuko du parte lanuztean. Gainera, Getariarrok ere hezkuntza eraiki! lelopean ekimenak antolatu ditu Txikota Elkarteak eta Eskubide Sozialen Kartak elkarlanean biharko eta etzirako: Porrotx eta Uxue Alberdi Alondegian izango dira bihar, 18:00etan, eta Belen Zabala eta Argizka Zulaika irakasleekin solasaldia izango da ondoren. Etzi, berriz, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean, plazan.

Zarauzko Orokieta Herri Eskolan, hezitzaileen %87,5ek egingo du lanuztea. Zarauzko haurreskola, aldiz, normaltasunez irekiko dute bihar eta etzi; greba deialdiak ez baitu aurrera egin.

Orioko Zaragueta Herri Eskolan, HHko langile guztiek, LHko %94k eta DBHko %75ek egingo du lanuztea. Aiako Lardizabal Eskolako langile denek egin dute bat grebarekin; hala ere, gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko irekiko ditu ateak Aiako eskolak.

Manifestazioa Gasteizen
Lanuztearekin batera, hainbat jarduera izango dira herrietan eta ikastetxeetan; eta horietan parte hartzera deitu du EHIGE  gurasoen elkarteak.

Manifestazioetako bat Gasteizen egingo dute bihar, 12:00etan; Legebiltzarretik Lakuarako bidea egingo dute. EHIGEren arabera, biharko eta etziko protesta deialdien helburua da eskola publikoan inbertsio handiagoa exijitzea, langile kopurua handituz, gaur egungo langileen behin-behinekotasuna jaitsiz eta ordezkapenak lehen egunetik eginez.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend