‘Tumatxa’ komiki liburua kaleratu du Talai Berri txakolindegiak umeentzat

Anjel Lertxundik idatzi ditu testuak, eta Antton Olariagarenak dira marrazkiak. 25 urte bete ditu txakolindegiak, eta bisita gidatuak antolatu ditu familientzat eta haurrentzat.
Tumatxa komiki liburuaren aurkezpena Talai berri txakolindegian.

Anjel Lertxundi, Itziar Eizagirre, Ixidor Larrañaga eta Antton Olariaga, Talai Berrin (Onintza Lete Arrieta)

Txakolindegiak helduen topaleku izan ohi dira. Edo, hala uste du jendeak; Anjel Lertxundirentzat, izan ere, umeen toki ere badirelako. “Txakolindegietan familiak aritzen direla lanean, eta familiek haurrak izaten dituzte. Beraz, hango parte dira umeak ere”. Tumatxa komiki liburuxkaren aurkezpenean egin dituen hitzok idazleak. Antton Olariaga marrazkigileak eta biek egin dute liburua, Talai Berri txakolindegikoen enkarguz. Umeei zuzendutako lana da, eta gaur egin dute aurkezpena.

Itziar Eizagirre da txakolindegiko arduraduna, eta berak azaldu du 25. urteurrenaren harira bisita gidatu bereziak egitea erabaki dutela: «Ohiko bisitez gain, saio bereziak egingo ditugu familiekin, nahiz umeekin bakarrik. Helburua da familia giroan gozatzea txakolindegiaz». Hala, 9-12 urte arteko umeentzako bisita bat Pazko Asteko ostegunean egingo dute, eta beste bat apirilaren 30ean. Asteburuetan umeek kirol ekitaldiak edukitzen dituztelako aukeratu dituzte bi data horiek. “Ikusiko dugu nolako harrera izaten duten bisita horiek, eta horren arabera antolatuko ditugu gainerakoak”, esan du Eizagirrek. Familientzako bisitak, berriz, uda garaian egingo dituzte, uztailean eta abuztuan.

Hain zuzen, bisita horietan parte hartzen duten umeentzat argitaratu dute liburuxka. Euskaraz 1.000 ale dauzkate, eta gaztelaniaz, 500.

Bixente eta Gema komikian

Anjel Lertxundik eta Antton Olariagak urte askotako harremana dute, eta elkarrekin lan asko egindakoak direla gogoratu dute. Biek esan dute Talai Berriren enkargua ilusioz hartu zutela, eta txakolindegiarekin duten harreman ona ere azpimarratu dute. Komikiaz, Lertxundik esan du ez daukala zerikusirik bisita gidatuetan kontatzen denarekin. “Edozein ingurune natural da ekosistema bat, eta hor hainbat elementu daude: dago natura, dago historia, eta dago jendea, eta eguna eta gaua, eta mahasti batean ere hori guztia dago. Horretatik pixka bat jaso nahi izan dugu lan honetan”.

Komikian mahastiko sekretuak eta misterioak ageri dira eta, pixka bat fijatuz gero, Talai Berriko kide batzuk ere ezagutu daitezke. Protagonisten artean daude, izan ere, Bixente Eizagirre eta Gema Beristain jabeak. Eizagirre sarri agertzen da, eta Beristain, berriz, orrietako batean ikus daiteke. Olariagak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den ondo pasatzea lan bat egiteko prozesuan: “Zu dibertitzen bazara, itxaropena duzu liburuaren bestaldean dagoenak ere ondo pasako duela”.

Liburuxka Turismo Bulegoaren laguntzarekin argitaratu du Talai Berrik.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend