Zestoan egingo ditu Uemak gazteentzako aurreneko udalekuak

Udalerri euskaldunetako gazteak "euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko" antolatu dtuzte. Uztailaren 10etik 17ra izango dira Sastarrain aterpetxean, 50 lagunentzako lekua dago eta ireki dute izen ematea, maiatzaren 9a arte.
Miren Segurola (Uema), Uranga, Dobaran, Labaka eta Mendizabal, gaurko aurkezpenean. (Uema)

Miren Segurola (Uema), Uranga, Dobaran, Labaka eta Mendizabal, gaurko aurkezpenean. (Uema)

Iazko irailean Orion Salto! Gazte Topaketak egin ondoren, Zestoako Sastarrain aterpetxean egingo dituzten eta haien izen bera hartuko duten Salto! Udalerri Euskaldunetako Udalekuak antolatu ditu Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Gaur eman dute egitasmoaren berri Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Josu Labaka Uemako lehendakariak, Josetxo Mendizabal Zestoako alkate eta Uemako zuzendaritza batzordeko kideak, eta Jokin Uranga Uemako hezkuntza arduradunak.

Iaz Orion bezala, udalerri euskaldunetan bizi diren 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago Sastarrainen uztailaren 10etik 17ra egingo duten egonaldia. Hain zuzen ere, Orion jorratutakoak “modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko” asmoarekin antolatu dituzte udalekuak, gazteak “euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko” helburuarekin. “Azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa egin nahi da udaleku hauekin”, azaldu du Labakak. Dobaranek, bere aldetik, “udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan duten garrantzia” nabarmendu du: “Etorkizuna iraunkorra izateko ezinbestekoa da erabilera trinkotzea. Udalerri euskaldunek eta arnasguneek berezibiko garrantzia dute horretan. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek. Horiek eragile aktibo bihurtzea oso garrantzitsua da erabilerari eusteko, eta hori da udaleku hauekin lortu nahi dena”, gaineratu du.

Mendizabalen aburuz, Uemak lehen aldiz antolatu dituen udaleku Euskal Herriko gazteen artean Zestoa are gehiago ezagutzeko ere balioko dute. “Pozgarria da honelako ekimen bat gure herriarentzat. Gainera, Zestoa udalerri euskalduna da, eta Zestoako gazteek eta beste hainbat udalerri euskaldunetako gazteek elkarrekin aritzeko aukera izango dute, euskaratik eta euskaraz”.

Udalekuen nondik norakoak

Urangak eman ditu Salto! udalekuen xehetasunak. Honako hauek, hain zuzen:

Noiz eta non: Uztailaren 10etik 17ra egingo dituzte Salto! udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak, Zestoako Sastarrain aterpetxean.

Norentzat: Udalerri euskaldunetan bizi diren 15 eta 18 urte arteko gazteentzat.

Izena emateko epea eta modua:

– Izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 9a arte.

– Izena emateko, hezkuntza@uema.eus helbidera idatzi edota 943-81 66 99 telefonora deitu behar da (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara).

Prezioa: 249 euro ordaindu beharko du gazte bakoitzak.

Oharrak:

– 50 lagunentzako lekua izango da.

– Prezioan sartuta dago zazpi eguneko egonaldia mantenu osoan, otordu guztiekin. Baita eguneroko ekintzak, irteerak, tailerrak eta udalekuetan ohikoak diren gainerako jarduera guztiak ere.

– Salto Gazte Topaketetan parte hartu zuten gazteentzat, berariaz 10 leku gordeko dira.

– Gainerako 40 gazteak zozketa bidez hautatuko dira izena 40 lagunek baino gehiagok ematen badute, beti ere lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta.

– Zozketa egin behar izanez gero, Uemak maiatzaren 14an jakinaraziko die gazteei lekua egokitu zaien ala ez. Behin zozketaren emaitza jakinarazita, gazteek maiatzaren 19a arteko epea izango dute Uemaren kontuan ordainketa egiteko.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend