Denetariko ekintzak, Zestoako Gaztetxearen 29. urteurrena ospatzeko

Ostegunean hasi eta apirilaren 28ra bitarterako hainbat jarduera prestatu ditu Zestoako Gaztetxeak. Besteak beste, Umeen Eguna, Rural Zombies eta Sofa taldeen kontzertuak eta bertsio gaua antolatu dituzte 29 urteak ospatzeko.
Gaztetxea. Zestoa. Urteurrena. Askaria. Merienda.

Umeekin Zestoako Gaztetxean egindako ekitaldi bat.
(Danbolin)

Zestoako Gaztetxeak iragarri du 29. urtemuga ospatzeko prestatutako egitaraua. Urtemugaren atarian, denetariko ekintzaz jositako egitaraua prestatu dute apirilerako, eta hil osoan zehar izango da zer egin eta zertaz gozatu Zestoako Gaztetxean. Ostegunean, hilak 5, ekingo diote prestatutako jarduerei, Askapena erakunde internazionalistaren 2018ko brigaden aurkezpenarekin.

Osteguneko saioa 18:30ean hasiko da, eta bertan Askapenako kideek hizpide izango dituzte udan Latinoamerikara, Ekialde Hurbilera eta Europara egingo dituzten brigadak. Ostiralean jarraituko dute urteurrenaren harira prestatutako egitarauarekin, eta Plazatik Gaztetxera txapelketako saioak hartuko du lekukoa. Manex Astigarraga, Aissa Intxausti, Mikel Iturriotz, Ane Peñagarikano, Lurdes Ondaro eta Beñat Torres bertsolariak ariko dira kantuan, 22:30ean hasita. Sarrera doakoa izango da. Apirilaren 13an Umeen Eguna ospatuko dute gaztetxean, eta oraindik xehetasunak jakinarazi ez badituzte ere, umeentzako jolasak eta otorduak antolatuko dituztela aurreratu du Zestoako Gaztetxeak. Hilaren 27an musika izango da protagonista, eta Sofa eta Rural Zombies taldeak igoko dira gaztetxeko oholtzara, 23:00etan hasita. Urteurren festa nagusia apirilaren 28an egingo dute, larunbatez. Egun horretan bazkaria, kalejira eta bertsio gaua izango dira Zestoako Gaztetxean. Dagoeneko hasi dira Bertsio Gaua prestatzen, eta joan zen asteazkenean egin zuten aurreneko bilera. Hala ere, nahi duen orok har dezake parte bertan, eta antolatzaileek dei egin diete Zestoako zein inguruetako gazteei bertara anima daitezen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend