Azkoitiko umeen danborrada, eguraldiari begira

Eguraldiak laguntzen badu zapatuan egingo dute danborrada Azkoitiko gaztetxoek. Baina eguraldi txarra egitekotan, igande goizean izango da danborren festa. Antolatzaileek larunbateko 16:00etarako hartuko dute erabakia.
Azkoitiko haurren danborrada

Azkoitiko haurren danborradan abarketarien jantziekin (Nerea Uranga/Hitza).

Joan zen martxoan hasi ziren Azkoitiko berrehundik gora gaztetxo danborrak astintzen entseguetan, zapatuan, apirilaren 7an, egitekoak diren haurren danborradan hutsik ez egiteko. Baina astebururako iragarrita dagoen eguraldia dela eta, danborradaren antolatzaileak zerura begira egongo dira azken unera arte. Izan ere, eguraldi txarra egingo balu, igandera pasatuko dute danborrada. Dena den, oraingoz, zapatuan dute jarrita hitzordua, eta haurren danborradaren gaineko zenbait azalpen eta xehetasun eman dituzte gaur.

Antolatzaileen aurreikuspenean arabera, 280 haur inguru irtengo dira aurtengo umeen danborradan. Hala ere, zapatuko festan parte hartzeko izen-emate guztiak ez daude itxita. Azkoitiko Udalak gaur jakinarazi du bost urteko haurrek oraindik badute danborradan irteteko parada. Interesa dutenek, udaleko Kultur sailera jo dezakete informazio zehatzagoa jasotzeko. Horretarako, bulegora bertara joan edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu dezakete.

Umeen danborrada zapatuan egitekotan, danborjole gaztetxoak 17:30ean irtengo dira Balda plazatik. Antolatzaileek larunbateko 16:00ak baino lehen jakinaraziko dute hartutako erabakia, eta orduan zehaztuko dute zapatuan edo igandean entzungo diren danbor hotsak Azkoitian. Hitzordua igandera mugituko balute, danborrada 12:00etan irtengo litzateke Balda plazatik. Horrenbestez, parte-hartzaileek han egon behar lukete 11:30etarako.

Honako hau da danborjoleek egingo duten ibilbidea: Balda plaza, Santa Klara, Trino Uria, Julio Urkixo etorbidea, Balda plaza, Plaza Berri, Kale Nagusia, herriko plaza, Umore Ona elkartea, Kale Nagusia, Aingeru kalea, frontoia.

Azken urteetan umeen danborradako jantziak berritzen ari dira, aurrekoak zaharkituak geratu direlako. Aurten, sukaldari jantziak estreinatuko dituzte; aurreko hiru urteetan, pilotari, zalduntxo eta abarketari jantziekin egin den moduan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend