Arria V.ak ezin izan du nagusitu Iker Vicenteren kontrako aizkora apustuan

Vicentek 56 minutu eta 28 segundo behar izan ditu lan guztiak amaitzeko, eta hiru minutuko eta bederatzi segundoko aldea atera dio errezildarrari. Aizkora apustuak jendez goraino bete du Tolosako zezen plaza.

Iker Vicente aise nagusitu da Xabier Orbegozo Arria V.aren kontra jokatutako aizkora apustuan. Ikusmin handia sortu du gaurko hitzorduak, eta 1.200 lagunetik gora bertaratu dira Tolosako zezen plazara. Bi aizkolariek 12:00etan ekin diote desafioari.

Guztira, hogei enbor ebaki behar izan dituzte gaurkoan, hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako zortzi. Arria V.ak jarri ditu kanaerdikoak, eta Vicentek 60 ontzakoak. Bi aizkolariek beraiek jarritako enborrak moztu dituzte aurrena, eta ondoren hasi dira aurkariak jarritako materiala mozten. Lan erdiak eginda, Otsagabiako(Nafarroa) aizkolariak minutu bat eta berrogehita bost segundoko aldea kendu dio Arria V.ari. Txapeldunak 56 minutu eta 28 segundo behar izan ditu lan guztiak amaitzeko. Arria V.ak, aldiz, 59 minutu eta 37 segundo. Horrenbestez, Euskal Herriko txapeldunordeaVicentek hiru minutuko eta bederatzi segundoko aldea atera dio errezildarrari.  Otsagabiara joango dira jokoan zeuden 12.000 euroak.

Apustua bukatzean, “pozez zoratzen” agertu da Vicente. Hark esan duenez, azken hiru hilabeteetako prestaketa lanak “gogorrak” izan dira, baina gaurkoan ikusi da egindako lanaren emaitza. Arria V.ak nabarmendu du Vicente “oso ondo” aritu dela. Horrez gain, aizkolari gaztea gaur egun bera baino “gehiago” dela adierazi du Arria V.ak.

Errezilgo aizkolariak joan zen abenduaren 3an jokatu zuen azken desafioa Xabier Zaldua zumarragarraren aurka Azpeitiko zezen plazan. Orduan Arria V.a izan zen nagusi, Zalduari ia lau minutuko aldea aterata.

Gaur, apirilak 8, Tolosako zezen plazan jokatutako aizkora apustuan hartutako irudiak dira honako hauek. Argazki bilduma osorik, Tolosaldeako Atariaren webgunean.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend