Garazi Larrañaga: “Beldurrezko pertsonaiak karakterizatzea gustatzen zait”

Inauterien zaleak dira Garazi Larrañaga (Zestoa, 1991) eta haren familia. Mozorroei esker hasi zen makillaje artistikoa lantzen, eta urratsa eginda, berriki ekin dio lehiatzeari.
Garazi Larrañagak makillaje artistikoa lantzea du zaletasuna. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)

Garazi Larrañagak makillaje artistikoa lantzea du zaletasun. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)

Espainiako NYX Face Awards makillaje artistiko lehiaketan parte hartu berri duzu. Nolatan animatu zara?

Ama izan nintzen 2016ko urrian, eta bajan nengoen bitartean, The Walking Dead zonbien telesaila ikusi nuen Interneten. Ondoren, makillaje artistikoa lantzen zuten bideoak-eta ikusten hasi nintzen Youtuben, eta egundoko inbidia eragin zidaten. Harrigarria da zenbaitek nola karakterizatzen dituen pertsonaia ospetsuak edo Disneykoak. Orduan izan nuen NYX Face Awards lehiaketaren berri, baina titiko umea nuen artean, argazki eta bideokamerarik ere ez nuen fundamentuz ezer grabatzeko, eta ez nintzen aurkeztu. Beroaldi hartan, ordea, nire urtebetetze egunerako argazki kamera bat oparitzeko eskatu nion senarrari, hurrengo lehiaketara aurkezteko ilusioa bainuen.

Zer nolako esperientzia izan da txapelketan parte hartzea?

Aurkeztutako lan guztien artean 30 onenak hautatu dituzte, eta, gero, hiru kanporaketa jokatuta erabakiko dute irabazlea nor den. Izugarrizko maila du jendeak, eta ni txapelketatik kanpo geratu naiz. Nire helburua ez zen irabaztea, trebakuntzarik ere ez dut-eta jardunbide horretan. Lehiaketara aurkezte hutsarekin oso gustura nago, izugarri gozatu dut eta.

Inauterietako mozorroekin hasi zinen makillaje artistikoaren mundua ezagutzen, ezta?

Karnabaletan, urtero, egundoko zirkoa izaten da gure etxean! Izugarri gustatzen zaigu mozorrotzea, aurpegia margotzea eta arropa prestatzea. Horretan amaren antza dut. Eskulanekin eta pinturarekin zerikusia duen oro izugarri gustatzen zaigu; aitona ere egurra zizelkatzen aritzen zen. Iazko karnabaletan, esaterako, beldurrezko pailazoz jantzi nintzen, eta duela lau urte, berriz, mexikar garezurra margotu nuen; karakterizazio hark lagunak-eta asko harritu zituen. Urte batean, ahizparen kuadrillakoak Alizia lurralde miresgarrian ipuineko pertsonaiez jantzi ziren, eta 13 lagun neuk margotu nituen.

Makillaje artistikoa ikasteko zer-nola trebatu zara?

Neure kasa. Interneteko tutorialetan besteek nola margotzen duten ikusi eta ondoren neuk esperimentatuta joan naiz teknika hartzen. Karakterizazioaren mundua izugarri gustatzen zait, eta ikastarorik egin ez izanaren pena dut. Halere, badut asmoa saioren batean izena emateko, baita asteburuetan Madrilera joan behar badut ere.

Karakterizazioarena, momentuz, zaletasuna duzu. Zein da zure ogibidea?

Arte Ederrak edo ilustrazioa ikasi nahi nuen txikitan, baina ez nuen utzi nahi etxea Bilbora edo Gasteizera joateko. Azkenean, batxilergo artistikoa eta diseinu grafikoa ikasi nituen, baina ez naiz inoiz horretan aritu. Amatasun baja bukatu ondoren, iaz, familiak Zestoan duen Miantxa elikagai dendaren ardura hartu nuen. Lehengoan senarrak galdetu zidan makillajearen mundu horretatik bizitzea gustatuko litzaidakeen. Ez da nire ametsa, baina bizipoza ematen dit afizio honek.

Lehiaketara aurkezteko bideo bat igo behar izan duzu Youtubera. Zer esan dizute ingurukoek eta lagunek?

Bideo hori medio, askok jakin dute nire zaletasunaren berri herrian, eta dendara etortzen direnak harrituta geratzen dira, nire fazeta ez zutelako ezagutzen.

The inmortality flower lanean bi pertsonaia karakterizatu dituzu. Zer nola moldatu zara bideoa lantzeko garaian?

Basoan marrazten nagoela sorgin gaizto bat agertzen zait, eta harengandik ihes egin nahian erori egiten naiz. Kolpearen ondorioz, hilezkorra den neska bat bihurtzen naiz. Makillaje aldetik lanik handiena sorginak du. Niri beldurrezko pertsonaiak karakterizatzea gustatzen zait. Noski, makillajeaz gain, bideoak ere ondo egindakoa izan behar du, eta nik horretan ez nuen ideiarik, baina Interneten saltsan ibili ondoren ikasi dut. 13 urteko anaiak lagundu dit grabatzen.

Halako pertsonaia bat makillatzeak zer lan du atzean?

Hastea da gehien kostatzen zaidana. Zenbaitek aurpegia margotzen hasterako aurretiazko zirriborroa egiten du, baina ni zuzenean azala margotzen hasten naiz. Aurpegiko inperfekzioak estaltzeko oinarri argi samarra ematen dut aurrena, eta, ondoren, azalean ditugun zimur guztiak markatzen ditut. Bekainak ere hauts zuriz estaltzen ditut, eta, gero, masailalboak-eta argi-ilunekin markatzen ditut sakontasuna emateko.

Harrigarria da lau marratxok aurpegia zenbat aldatzen duten, ezta?

Bai. Egunero makillatzen naiz, eta izugarria da errimelaren edo arkatz beltzaren ukitu soilak nola aldatzen gaituen. Jendeak uste du egundoko pintura pila dudala etxean, baina eguneroko makillajeaz gain, apenas dut ezer gehiago. Berriki paleta bat, hortzetako esmalte beltza eta odola irudikatzeko gela erosi ditut Interneten.

Hona hemen Larrañagaren hainbat karakterizazioren irudi:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend