Zabaldu dute Zestoako udaleku irekietarako eta kirol udalekuetarako izen-ematea

Interesa dutenek ikastetxean, udaletxean edo gaztelekuan eman dezateke izena, eta horretarako azken eguna maiatzaren 4a izango da. Aizarnazabalen, Iraetan eta Arroabean ere egingo dituzte udaleku irekiak taldeak osatzen badira. Begiraleak eta koordinatzailea kontratatzeko lan-poltsak astelehenean zabalduko dituzte.
Ipuin kontaketa saioko une bat. (Zestoako Udala)

Ipuin kontaketa saioko une bat. (Zestoako Udala)

Eman daiteke izena Zestoako udaleku irekietan eta kirol udalekuetan. Gaur, asteazkena, zabaldu dute izen-ematea bi udalekuetan, eta maiatzaren 4an itxiko dituzte.

Udaleku irekiak 3 urtetik 8 urtera arteko haurrei zuzenduta daude, eta parte-hartzaileek erabakiko dute zenbat astez egongo diren udalekuetan. Ekainaren 25ean hasiko dira udalekuak, eta hiru asteko txanda aukeratzen dutenek uztailaren 13ra bukatuko dituzte. Lau asteko txanda, aldiz, uztailaren 20an amaituko da. Zestoako udalekuetan izena ematen duten haurrek goizez egingo dituzte ekintzak, 10:00etatik 13:00etara. Auzoetan, gutxienez 8 haurreko taldea osatu beharko da udalekuak auzoan bertan izateko. Auzoetako haurren adina 12 urtera artekoa izan daiteke.

Kirol udalekuetan 8 urtetik gorako gaztetxoek eman dezakete izena. Parte-hartzaileek goizez egingo dituzte kirol jarduerak, 9:30etik 12:30era bitartean. Ekainaren 23an hasiko dira kirol udalekuak eta uztailaren 20an amaituko dira.

Udaleku irekietan zein kirol udalekuetan interesa dutenek Zestoako ikastetxean, udaletxean edo gaztelekuan eman dezateke izena. Izen-emate orriarekin batera aurkeztu behar dira  haurraren osasun txartelaren kopia eta ordainketa agiria. Familia ugariek, langabetuek eta prestazio onuradunek beraien egoera ziurtatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute. Informazio gehiagorako Zestoako Gaztelekura (688 684 029) eta kiroldegira (943 147 942) deitu daiteke.

Begiraleen lan poltsa, astelehenean

Udaleku irekietan zein kirol udalekuetan begirale edo koordinatzile bezala aritzeko lan poltsa datorren astelehenean, hilak 16, zabalduko du Zestoako Udalak. Lan-poltsan izena eman ahal izateko ezinbestekoa izango da 18 urte beteta izatea edo aurten betetzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza titulua izatea, euskaraz hitz egiteko trebetasuna izatea eta delituengatiko aurrekari penalik ez izatea. Eskabideak apirilaren 27a baino lehen aurkeztu behar dira udaletxean, 08:00etatik 14:00etara bitartean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend