“Familiak uda honetan saharar umeak hartzera animatzen ditugu”

Etxeberria eta Mateos oriotarrak Saharako Auserd herrialdean izan dira. Maialenen familiak Mohamed Salem sahararra hartu zuen etxean 2000. urtean, eta orain hura bisitatu dute.

sahara2_contentEtxeberriak eta Mateosek Mohamed Oriora ekarri zutenetik asko jaitsi da haurrak hartzeko prest dauden familien kopurua. Aurtengorako ere jende gutxik eman du izena, eta Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko familiei zuzendutako epea zabaldu da, apirilaren 15era arte.

Noiz izan zen Mohamed Salem sahararra lehendabizikoz Orion?
Maialen Etxeberria: 9 urte nituela etorri zen Mohamed lehenengoz Oriora. Garai hartan hambi bat ume etorri ziren Oriora Oporrak Bakean ekimenaren barruan, udako hilabeteak herrian pasatzera.
Alex Mateos: Mugimendu handia egon zen, izan ere, lehenengo aldia izan zen sahararrak Oriora zetozela. Ondoren, familia dezentek errepikatu zuten esperientzia.

Behin bakarrik etorri al zen herrira?
M.E.: Ez. Guk hiru urtez jarraian izan genuen gure etxean. Hiru urte horiek igarota, ezin izan genuen gehiagotan ekarri, programak ezarritako gehienezko adina bete baitzuen.

Onuragarriak izan ziren Mohamedentzat Orion igarotako hiru udak?
M.E.: Zalantzarik gabe. Hemen egon zen bitartean begi batean ebakuntza egin zioten, eta hori oso lagungarria izan zen beretzat, han ez baitu halako operaziorik egiteko aukerarik. Ebakuntza tarteko, azken urtean Mohamed gurean abendura arte egon zen –saharar umeak Oporrak Bakean programaren barruan uztaila hasieran etorri ohi dira Euskal Herrira, eta iraila hasieran itzuli–. Orion eskolan hasi zen tarte horretan. Gure nahia zen berak ikasturtea herrian amaitzea, baina ez zen posible izan.

Agurrak ez dira inoiz gozoak izaten…
M.E.:  Sekulako pena eta tristura sentitu genituen.
A.M.: Nik gogoan dut Orioko futbol taldean gurekin jokatzen hasia zegoela, eta denok sumatu genuen ondoren haren falta.

Nola ikusi duzu Mohamed? Aldatuta?
M.E.: Oso pertsona ona da. Baina han azkenean, gizonezkoa izanda eta 28 urterekin, bere ilobek eta bera baino gazteagoak diren senideek izugarrizko errespetua diote.
A.M.: Zentzu horretan, hierarkia bat dagoela esan genezake; gizarte atzerakoia da, baina gurekin bazekien beste portaera bat izaten. Bere ilobek, guztiak emakumeak, eramaten zuten etxearen martxa, eta Mohamedi ikaragarrizko errespetua zioten. Izatez, oso gertuko pertsona da, baina hango ohiturak tarteko, bertan beste estatus bat du.

Oporrak Bakean proiektuak ahalbidetzen die euskal familiei bi hilabetez Saharako neska-mutilak etxean hartzea. Orioko familiak animatuko al zenituzkete horretara?
M. E.: Zalantzarik gabe. Gure etxean Mohamed lehenengoz hartu genuenean, esperientzia ederra izan zen. Asko aberasten zaitu kultura zeharo desberdina duen pertsona bat etxean hartzeak. Eta haientzako hau beste mundu bat da, etorkizunean eta betirako, beraiengan izugarrizko aztarna uzten duen esperientzia bat.
A.M.: Ikusita han nola bizi diren, edozer emateko prest daudela, eta zeharo eskuzabalak direla, hemen hilabete batzuk igarotzeko aukera izateak, eta, batez ere, osasun arazoak artatzeko aukera izatea, beraientzat sekulakoa da. Oriotarrak animatuko nituzke uda honetan etxean saharar umeak hartzera. Ni hamar egunez egon naiz han, eta dauden egoeran egonda, irribarrea, umore ona eta eskuzabaltasuna eskaintzen dizkizute une oro. Izugarri ikasi dugu.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend