Igandean ekingo dio Azpeitiko Gaztetxeak orain arteko Gazte Asterik luzeenari

Azoka kulturalak irekiko du Gaztetxeak antolatutako Gazte Astea. Astelehenetik aurrera, aldiz, "hausnartzeko eta ikasteko" hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira protagonistak. Besteak beste, honako gaiez arituko dira: "Kapitalaren turismoaz, langile autodefentsaz, kontsumo kulturalaz, Euskal Herriko langile mugimenduaren historiaz eta Venezuelako proiektu komunalaz". Bingo musikatua, film laburren txapelketa eta karaokea gehitu dituzte aurtengo egitarauan.
Iazko Gazte Asteko parodia kritikoko irudia. (Azpeitiko Gaztetxie)

Iazko Gazte Asteko parodia kritikoko irudia. (Azpeitiko Gaztetxie)

Aste batek baino egun gehiago izango ditu aurten Azpeitiko Gaztetxeak urtero antolatzen duen Gazte Asteak. Igandean, apirilak 22, botako dute txupinazoa, eta maiatzaren 1era bitarterako denetariko ekintzak prestatu dituzte. Gaztetxeko kideen nahia da “eztabaidatzea, hausnartzea, ondo pasatzea eta bazterrak astintzea”, eta herritarrei dei egin diete prestatutako ekintzetara anima daitezen.

Urtero bezala, Gazte Astean ez dira faltako hitzaldiak, mahai inguruak, kontzertuak, parodia kritikoa, parrillada, eta txokolatada. Baina horiez gain, aurtengo egitarauan zenbait berrikuntza gehitu ditu Gaztetxeak. Izan ere, film laburren txapelketa, bingo musikatua eta karaokea ere antolatu dituzte inoiz baino luzeagoa izango den Gazte Asterako.

Gaztetxeko kideek aurreratu dutenez, hitzaldi eta mahai-inguruetan hizpide izango dituzte honako gai hauek: “kapitalaren turismoa, langile autodefentsa, kontsumo kulturala, Euskal Herriko langile mugimenduaren historia eta Venezuelako proiektu komunala”. Horretarako, hainbat hizlari gonbidatu dituzte Gaztetxera, hala nola, Iratxe Retolaza literatura-kritikaria eta euskal hizkuntza eta komunikazioan aritua, Donostiako Hotel+ kolektiboa, Jon Kortazar historialaria, Latinoamerikako historian doktorea den Luismi Huarte nazioarteko analista eta Andrea Bartolo EHUko zientzia politikoen graduko irakaslea.

Iazko Gazte Asteak eman zuena bideoan laburtu zuten Gaztetxeko kideek, eta lotura honetan ikus daiteke.

2018ko Gazte Astearen egitaraua osorik, hemen:

Apirilak 22, igandea:

VI. Azoka Kulturala

12:00etan: Gazte Asteko txupinazoa eta Azoka Kulturalaren irekiera, plazan. Ondoren, Ostomila txotxongiloaren Osaba untxiaren istorioa emanaldia.

14:00etan: Bazkaria.

16:00etan: Mikrofono irekia: Poesia, ipuinak, narrazioak, bertsoak…

17:30ean: Kontzertu akustikoak. Apalatxe eta Isuo Sasiia.

Apirilak 23, astelehena:

18:00etan: Literatura, kontsumo kulturala edo sormenaren kultura? hitzaldia, Iratxe Retolazaren eskutik. Ondoren, afari tertulia.

Apirilak 24, asteartea:

18:00etan: Venezuelako proiektu komunala hitzaldia, Luismi Huarteren eskutik. Ondoren, afari tertulia.

Apirilak 25, asteazkena: 

18:00etan: Kapital akumulazioa eta turismoa Donostian hitzaldia, Hotel+ ez kolektiboko kideen eskutik. Ondoren, afari tertulia.

Apirilak 26, osteguna:

18:00etan: Euskal Herriko langile mugimenduaren historia hitzaldia, Jon Kortazarren eskutik. Ondoren, luntxa.

22:00etan: Film laburren txapelketara aurkeztutako ikus-entzunezkoen emanaldia.

Apirilak 27, ostirala:

21:00etan: Parrillada, udaletxeko arkupetan.

Ondoren, gaztetxeko kideen parodia kritikoa.

Apirilak 28, zapatua:

14:30ean: Bazkaria Gaztetxean.

Bazkalostean, kantaldia Tony Rocket abeslariarekin.

20:00etan: Luntxa. Ondoren, bingo musikatua.

22:30ean: Karaokea.

Apirilak 29, igandea:

19:00etan: Peputz bakarlariaren emanaldia eta txokolatada.

Apirilak 30, astelehena: 

18:00etan: Langile autodefentsa hitzaldia Andrea Bartolo eta RAeko kide baten eskutik. Ondoren, afari tertulia.

Maiatzak 1, asteartea:

Goizean (ordua zehazteko dago), mahai ingurua Gaztetxean.

14:00etan: Bazkaria.

19:00etan: Langile boterea eraiki lelopean manifestazioa plazatik abiatuta.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend