Segurolaren azken jaitsiera

Hiru hamarkada luzez aritu da Antxon Segurola Kofradiako bandera jaisten festen amaieran. Erretiroa hartzear dago, eta herenegun jaitsi zuen azkenekoz bandera.
Erdiko argazkian, ezkerraldean, Antxon Segurola txapelarekin, familiartekoez eta lagunez inguratuta. (baleike.eus)

Erdiko argazkian, ezkerraldean, Antxon Segurola txapelarekin, familiartekoez eta lagunez inguratuta. (baleike.eus)

ZUMAIAN_SANTELMOAK(1) ZUMAIAN_SANTELMOAK2 ZUMAIAN_SANTELMOAK3

“Gauerdian bandera jaistea eta santelmoei agurra”, zioen herenegun amaitu ziren San Telmo jaien egitarauak. Urteen poderioz, gorpuzten joan den ekitaldia da bandera jaitsierarena, eta ekitaldira jendetza bertaratu izan da azken urteotan. Ohikoa bihurtu den bandera jaitsiera, ordea, era inprobisatu batean hasi zen 1980ko hamarkadan.

Horren jakitun da Antxon Segurola, makina bat urtez arrantzale kofradiako eraikinean bertan dagoen Justa tabernako barraren atzean lanean jardun dena. Edariak, pintxoak eta haragi egosi platerak ateratzeaz gain, beste ardura bat izan du Segurolak azken hiru hamarkada hauetan: astebete luzez, igoeraren egunetik kofradiako mastatik zintzilik egon den bandera jaistea, hain zuzen ere.

“Lehen ez zen jaitsierarik egiten, ez zegoen ez festa amaierarik ez ezer. Buitraker kuadrillakoak hasi ziren kontu honekin. Zioten, sanferminetan festa amaierako ekitaldia dagoen bezala, hemen ere zerbait egin beharko zela. Behean jarri ziren kantuan eta nik, balkoira irtenda, bandera jaitsi nuen. Hala hasi zen guztia. Hasieran kantuekin hasi ginen, gero tabernako bozgorailuak topera jartzen nituen kaletik entzuteko eta handik urte batzutara txaranga bat agertu zen banderaren jaitsierara. Behean jarri ziren musika jotzen, eta orain arte”, zioen Segurolak orain hiru urte Baleike aldizkarian egindako elkarrizketa batean.

Jada nekatzen hasita zegoela ere esaten zuen Segurolak elkarrizketa hartan. Hala izanda ere, herenegunera arte berak jaitsi izan du bandera. Aurtengoa izan da, ordea, bere azkeneko jaitsiera, erretiroa hartuko baitu. Horren jakitun, omenaldia eskaini zioten familiartekoek eta lagunek: gauerdia oraindik heldu ez zela, txapela jantzi zioten, baita oroigarri bat eman ere.

Gauerdian, une horretarako bakarrik elkartzen den txarangak San Telmo Martxa jo zuen balkoi azpian, eta Segurolak, pixkanaka, bandera jaitsi zuen. Ohi bezala, bandera astindu ere egin zuen, musikaren doinuekin dantzan jarriz.

Gero, bandera eskuetan eta ondo inguratuta, azken argazkia atera zuten. Jaiei amaiera emateko une hunkigarria izan zen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend