Egitarau oparoa prestatu du Azpeitiko Udal Liburutegiak Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan

Urrestillan hileroko hitzordua izango dute gaur eta han egingo dute hil honetako Ipuinaren Ordua ere. Bihar arratsaldean liburutegia plazara aterako dute, 25 bat lagunek eman dute izena dagoeneko zapatuko genealogia tailerrerako, eta datorren astean ere hainbat hitzordu izango da Enparan dorretxean; tartean, Laura esaten zioten liburuaren gaineko literatur solasaldia.

Astelehenean, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren bueltan ohi duenez, egitarau berezia eta oparoa prestatu du aurten ere Azpeitiko Udal Liburutegiak.

Joan den astelehenetik ari dira ospatzen Liburuaren Nazioarteko Eguna Enparan dorretxeko liburutegian, herriko ikastetxeetako taldeen bisitekin. Gaur, berriz, Urrestillako balio anitzeko gelan dute hitzordua, 18:00etan. Hilean behin joaten dira liburutegikoak Urrestillara zerbitzua ematera, baina hil honetan Enparanen hilero egin ohi duten Ipuinaren Ordua kontaketa saioa ere han egingo dute, Urrestillako hileroko hitzorduari “indarra ematea” baitute xede.

Bihar, 18:00etatik aurrera plazan egongo dira Udal Liburutegiko arduradunak, Liburutegia Kalera egitasmoaren barruan. Aurtengo berrikuntzen artean, berriz, zapatu goizean genealogia tailerra egingo dute Enparanen. Aintzinako elkarteak emango du genealogiaren gaineko hastapeneko saioa izango dena; dagoeneko 25 bat lagunek eman dute izena 10:30etik 13:00etara egingo duten tailerrean, eta gustura daude liburutegiko arduradunak egitasmo berriak izan duen harrera onarekin. Zapatukoa hasierako saioa izango da, tailerrari jarraipena ematea da asmoa.

Astelehenean, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Irakurketa Errazaren festa egingo dute aurten ere. Irakurketa errazaren egitasmoan urtean zehar parte hartzen duten bi taldeak elkartuko dira goizean liburutegian, Eguneko Zentrokoa eta Goienetxe Fundaziokoa; poesia irakurketa egingo dute eta, ondoren, hamaiketakoa. Joxemari Karrerek ipuin kontaketa saioa ere eskainiko du egun horretan, arratsaldean.

Hitzordu gehiago ere izango dira Udal Liburutegian datorren astean; tartean, Laura esaten zioten liburuaren gaineko literatur solasaldia. Hau da prestatu duten egitarau osoa:

Gaur, osteguna

– Urrestillan Ipuinaren Ordua eta liburutegi zerbitzua, 18:00etan.

Bihar, ostirala

– Ikastetxeen bisitaldiak.
– Liburutegia Kalera. 18:00etatik aurrera, plazan.

Etzi, zapatua

– Genealogia tailerra, 10:30ean.

Apirilak 23, astelehena. Liburuaren Nazioarteko Eguna

– Irakurketa Errazaren festa.
– Ipuin kontaketa saioa, Joxemari Karrererekin, 4-8 urte arteko haurrentzat. 18:00etan.

Apirilak 24, asteartea

Laura esaten zioten liburuaren gaineko literatur solasaldia. Pako Aristik gidatuta, Leire Ibarguren idazleak eta Miren Odriozola protagonistak ere parte hartuko dute. 18:00etan.

Apirilak 25, asteazkena

– Irakurketa erraza.
– Margotze saioa, 17:30ean.<

Apirilak 26, osteguna

– Eskulan tailerra, LH3-LH6 arteko haurrentzat. 18:00etan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend