Iñaki Segurola ‘Puntuka’: “Azkoitiarekin senidetua”

Gure Azpeitiko herri maite hau Hazparnerekin dago senidetua ofizialki. Badakizue zer izaten den herrien arteko senidetze hori: hitzez, herrien eta hirien arteko ezagutza eta laguntza indartzeko dira, eta, egitez, izaten dira udal agintarien eta teknikarien bizimodu latza ekitaldi folkloriko-turistikoekin arintzeko.

Hola senidetutako herriei twin towns deitzen zaie ingelesez: herri bikiak. Eta emanber bikitasun hau izenean bertan bilatu dela gure kasuan: haitz baten beheko/barreneko aldean egongo lirateke Az-peitia eta Haz-parne. Bidenabar esanda, eta izenera bagoaz, Lapurdiko Hazparne izan beharrean izan zitekeen Arabako Asparrena gure herri bikitua, baina hori oso motza eta menoxa izango zen azpeitianismoarentzat, eta ez hain “nazionala” ere azpeitianismo abertzalearentzat.

Baina herri biki baten bila hasi munduan, eta munduak berak esango liguke zein den benetan gure herri bikia. Eta esango liguke denok dakiguna: badugula herri biki bat izenaren hiru-laurdenetan (Az-itia) bat gatozena eta izanaren hiru-laurdenetan ere bat gatozena, nahiz-eta itxurak egin ez dela hala. Eta hauxe astintzera nator orain, psikoanalisiaren laguntzarekin.

Freud jaunaren arabera, gertukoenen eta antzekoenen artean sortzen da etsaitasun bat, hitzezko etsaitasun bat, bereizi-behar batek dakarrena. “Alde txikien nartzizismoa” deitzen dio: alde txikiena zeinekin, eta harexekin xextrarik haundienak. Freud-entzat, etsaitasun nartzizista honek gizakiaren joera edo grina agresiboa asetzen lagunduko luke modu eroso ez-odoltsu batean, hitzezko erasoaren eta gutxiespenaren bitartez.

Ez dut esan nahi gure bi herri senide biki ez-ofizial hauen arteko aldea etsaitasun nartzizista hutsak azaltzen duenik, eta azpitik ez dagoenik benetako alderik, ez hurrik eman ere. Gehitu beharra dago, gainera, bi herrien arteko aldea edo etsaitasuna berdintzen edo desagertzen dela “kanpotik eta kanpora”: batetik, kanpokoek berdintzat hartzen gaituzte edo ez gaituzte bereizten, baina, bestetik, kanpokoei buruz berdintsu pentsatzen dugu eta hor herri bakarra bagina bezala jokatzen dugu: adibidez, eta urrutira jo gabe, zestoarrei buruz dugun iritzi topikoa berbera da (erdizoruek eta hori dena). Eta Zestoa dioenak mundua dio. Bi herriak elkarri begira jartzen garenean hasten dira komeriak, eta horixe izan ohi da, dakigun bezala, senideen arteko atarramentua lautik hirutan.

Herri-senidetze ofizialen muina esan dugu direla ezagutza eta laguntza. Hasteko (eta orain “gureatik” jardungo dut, ez “beaxeatik”), azpeitiarrek ez dute Azkoitia ezagutzen, eta ez da harritzekoa, zeren zapatu gauean mozkorrera edo Matadeira guayena egitera joanda ez baita herri bat ezagutzen. Galdezka ibili naiz eta ia inork ez daki zer diren Porrukalie, Baztarrikaldie, Atzekoaldie edo Uxerraldie; askok ez dakite Urratei edo Martittera nondik igotzen den, ez hango Errebala non dagoen ere, eta Plaza Berrixe sekula aditu ez duenik ere bada. Azpeitiarrek ez dakite badirela azkoitiarrak ogixe ez baizik-eta ogiye esaten dutenak (Martitte eta Kukuerrikoak). Eta… bo, azpeitiarrek ez dakite ia ezer!

Ezagutza utzi eta laguntzara baldin bagatoz, aitortu beharra daukagu badugula guk azkoitiarren laguntzaren premia galanta. Nik hala sentitu izan dut oso aspalditik: laguntza emozionala behar dudala haiengandik. Herri xeriyue gara; herri tente-lehorra gara eta, aldi berean, txoro-lerdue (edo holakoak askotxo gara Azpeitian, hola esatea nahiago bada). Nahasketa horretan harrapatuak gaude. Xabier Saldias da, nere iritzirako, azpeitiartasun tipikoenaren teoriko onena; hark esana da: “azpeitiarrak, dabilen tokian, atentzioa eman beharra dauka, eta azkenerako egiten duena da denak nazkatu”. Azkoitiaren beharra daukagu sanotzeko, xanotzeko, lerdo-haizeak menderatzeko eta tentekeriak eta beste tontokeria batzuk sendatzeko.

Garbi dago nere proposamena: Azpeitia ofizialki Azkoitiarekin senidetzea. (Azkoitiarrei ezin zaie antzekorik eskatu: azpeitianismoak burla gehiegi egin die historikoki.) Parre egingo du munduak, parre egingo du Zestoak, harrituko da Azkoitia bera, baina eredua izango gara denentzat. Benetan senidetuta gaudenekin senidetuko gara ofizialki ere, eta senidetuko gara goxotik eta xumetik, ipuin eta ponpoxidade folkloriko-turistikoak atzean utzita.
Munduko hiritarrak? Bailarako herritarrak izaten badago hemen nahiko lan!

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Maite Garmendia
    19 apirila 2018 at 14:34 - Reply

    Ez daukak arrazoian faltarik. Ez diagu ez Azkoitia asko ezagutzen azpeitiarrok zoritxarrez.
    Sinadurak jaso behar badira anai/nebakidetze edo dena delakorako nirea hor izango duk. Ea historikoki azpeitiarrok axkoitiarrekiko izan dugun harroputzero ospe horren aitortza egiten dugun eta apaltasunez jarraituko dugun zina egin.
    Dena den gu mestizajearen fruitu gaituk. Ama axkoitiarra ginean eta axkoitiarrenganako izan dugun mira natural xamarra izan duk beti.
    Gora ta gora beti axkoitiarrak!

  • Send this to friend