Pagoeta Mendi Lasterketa, lasterkari guztien neurrira egina

Hilaren 29an jokatuko dute Pagoeta Mendi Lasterketa. Aurten ere proba nagusia eta mistoa daude aukeran. Mistoko ibilbidea luzatu egin dute, hasierako pilaketak saihesteko.
Ezkerretik hasita, Igor Etxeberria, Iñigo Garcia eta Gari Urdanpilleta, aurtengo lasterketako elastikoarekin. (Aritz Mutiozabal)

Ezkerretik hasita, Igor Etxeberria, Iñigo Garcia eta Gari Urdanpilleta, aurtengo lasterketako elastikoarekin. (Aritz Mutiozabal)

Hiru urte dira Salbatore Mitxelena Ikastolak lekukoa hartu eta Pagoeta Mendi Lasterketa antolatzen hasi zela. Harrezkero, hainbat aldaketa eta egokitzapen izan ditu, eta, aurten, apirilaren 29an jokatuko den XV. ekitaldian, iaz zehaztutako ereduari eutsiko diote. Parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: alde batetik, 21 kilometroko bakarkako proba nagusia, eta, bestetik, 8 kilometroko bikotekako proba mistoa.

Iaz antolatu zuten estreinakoz proba mistoa, eta “arrakasta handia” izan zuela gogoratu du Iñigo Garciak: “Ehun bikoterentzako parte hartze muga jarri genuen, eta bete egin zen. Hori ikusita, aurten 125 bikoterentzat zabaldu dugu izen-ematea”. Parte hartze kopuruaz gain, ibilbideak ere berrikuntza txiki bat izango du: 7,5 kilometrokoa izatetik 8 kilometrora luzatu dute. “Iaz, lehen bi kilometroetan, Munantxoko bidean, pilaketak sortu ziren, eta hori saihesteko asmoz aldatu dugu hasierako zatia”.  Iaz, Krabelinsorotik irten eta Frantzeskuako zubitik KSB Itur aldera jo zuten lasterkariek; aurten, zubia zeharkatu ondoren, Arizia aldera hartu beharko dute, eta handik jaitsiko dira KSB Iturrera.

Igor Etxeberriak adierazi du ibilbide mistoa “aproposa” dela mendi lasterketetan hasteko; batez ere, gorabehera gutxiko ibilbidea delako, zailtasun teknikorik gabekoa, eta ariketa fisikoa erregularki egiten duen edonork egiteko modukoa. Era berean, emakumeak mendi lasterketetan parte hartzera animatzeko egokia dela nabarmendu du.

Eskarmentua dutenentzat

Lasterketa nagusiak maratoi erdi izaera hartu zuen iaz, 21 kilometrorekin, eta aurten ibilbide zirkular bera gainditu beharko dute parte hartzaileek. Etxeberriaren esanetan, bi zati nagusi ditu: bata, gorakoa, Pagoetako gurutzerainokoa eta Murukil tontorrerainokoa, eta bestea, beherakoa, Pagoetako parke naturaletik igaroko dena. “Hiru orduko denbora muga jarri dugu proba osatzeko. Beraz, lasterketa denbora horren barruan osatu ahal izateko, mendian eskarmentu pixka bat eduki beharko da. Agian, hasiberrientzako luze samarra izan daiteke, eta ez dugu haientzat gomendatzen”.

Bi lasterketak Krabelinsoro kalean hasi eta bukatuko dituzte, Aritzbatalde kiroldegi ingurutik; 09:30ean abiatuko dute nagusia, eta 09:45ean mistoa. Halaber, gogoratu dute oraindik ere izena eman daitekeela bi probetan, kirolprobak.com atarian.

Urtero bezala, “izaera herrikoia” mantendu nahi duela adierazi du Gari Urdanpilletak. Hori horrela, parte hartzaile guztiek elastiko eta jakiz betetako poltsatxo bana jasoko dute, eta haien artean hainbat opari zozkatuko dituzte. Gainera, helmugan hamaiketakoa eskainiko dute bertaratzen diren guztientzako.

Bestalde, abuztuko uholdeen eraginez Munantxo inguruan erreka zeharkatzeko zegoen zubitxoa puskatu egin zenez, lasterketarako plataforma bat prestatzen ari direla azaldu dute.

Sari berezia marka berria jartzen dutenentzat

Antolatzaileek lankidetza harreman berri bat adostu dute Zarauzko MRW mezularitza enpresarekin, eta horri esker, lasterketako markak hausten dituztenek 200 euroko saria jasoko dute. Gainditu beharreko denborak honakoak dira: proba nagusiko emakumezkoena, 02:00:56 (Elisabete Garate); proba nagusiko gizonezkoena, 01:33:26 (Andreu Simon); mistokoa, 36:03 (Uxoa Irigoien eta Igor Etxeberria). Mistoan, iazko denborari 2 minutu erantsi dizkiote, aurtengo ibilbidea 500 metro luzeagoa delako.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend