Bizi korapiloak askatzeko kontakizunak

Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleek '7 korapilo' lan grafikoa ondu dute. Zazpi istorio jaso dituzte, itsasoarekin lotutakoak. Berria egunkariak argitaratutako albistea.
Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria. (@ApalEstudio)

Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria. (@ApalEstudio)

Ohiko gaia da itsasoa literaturan. Hamaika olerki, narrazio eta komiki eskaini dizkiote hainbat eta hainbat idazlek eta marrazkilarik. Marinelak, kortsarioak, enbatak eta piratak izaten dira protagonista horrelako ipuinetan. Unibertsaletik harago, ordea, tokiko gaiak lantzeko aukera ematen du itsasoak. Modu horretan heldu diote lemari Jon Mikel Udakiola marrazkilariak eta Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleek 7 Korapilo eleberri grafikoan. «Ez dugu soilik itsasoari buruz idatzi, itsasoak metaforikoki esan nahi duenaz baizik», azaldu du Martin Etxeberriak. Eleberrian azaltzen diren korapiloak, hortaz, norberak barnean dituen loturak dira, edota gizarteak askatu beharreko matazak. Gaixotasuna, indarkeria matxista, ekologismoa, antimilitarismoa… itsasoaren babesean gai horiei guztiei heldu diete egileek zazpi ipuinez osatutako lanean.

Aldez aurretik ezagutzen zuten elkar marrazkilariak eta idazleek. Udakiolak egina zuen lan bat Xabier Etxeberriarekin lehenago. Horren ondoren sortu zen Martin Etxeberriarekin lan egiteko aukera, eta horrela osatu zuten Azken balea ipuina. «Izatez, poesia bat da kontakizuna», azpimarratu du Udakiolak. Marrazkilariak egin zuen gidoi proposamena, eta Etxeberriak, berriz, olerki bat itzuli zion komikira egokitzeko. «Ez da ohiko prozesua izaten marrazkilariaren gidoia jasotzea eta ostera testua ipintzea», dio Etxeberriak. Ohikoa ere ez da komiki baterako olerki bat jasotzea. Emaitzarekin, baina, bi sortzaileak gelditu ziren gustura, eta erabaki zuten proiektuarekin aurrera jarraitzea.

Artikulua osorik irakurtzeko: Berria.eus

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend