Boluntariotza hamabostaldia Azpeitira iritsiko da asteartean

Argazki erakusketa, hitzaldi zikloa eta boluntarioen azoka antolatu dituzte datozen asteetarako. Egitasmoaren helburua da lan solidarioa bistaratzea eta boluntariotza sustatzea.
Azpeitiko hainbat eragiletako boluntarioak, Estitxu Elduaien zinegotzia eta Miren Gurrutxaga Gizaldeko kidea. (Maialen Etxaniz)

Azpeitiko hainbat eragiletako boluntarioak, Estitxu Elduaien zinegotzia eta Miren Gurrutxaga Gizaldeko kidea. (Maialen Etxaniz)

Sareginez plataformak sustatuta, boluntariotza hamabostaldia izango da Azpeitian maiatzaren 2tik 10era bitartean. Gipuzkoako hainbat boluntariotza-erakundek eta taldek osatzen dute Sareginez, eta Azpeitiko zenbait eragilerekin elkarlanean prestatu dute aurtengo hamabostaldia. Lan solidarioa sustatzea eta ikustaraztea xede, argazki erakusketa, hitzaldi zikloa eta boluntarioen azoka eguna antolatu dituzte, informazioa emateko, kezkak elkarbanatzeko eta herritarrak boluntariotzara gerturatzeko.

Miren Gurrutxaga Gizaldeko –Sareginez plataformakoelkarte bat da Gizaldea– kidea da, eta hark azaldu duenez, egitasmoaren hastapenetan, Donostian egiten zuten boluntarioen azoka, urtero. Baina Gipuzkoan lan solidarioa egiten zuten elkarteen sarea “aberatsa” zela iritzita, egitasmoa hiriburutik atera, eta beste herri batzuetara mugitzea erabaki zuen Gizaldek. Orduz geroztik, Irunen, Zumarragan eta Tolosan egin dute azoka, eta orain Azpeitian egingo dute geldialdia.

Azokaren bueltan prestatutako ekintzetako bat dagoeneko iritsi da herrira: argazki erakusketa. Sanagustin kulturgunean jarri dute argazki bilduma asteazkenean, eta maiatzaren 9ra arte egongo da ikusgai. Bertan, boluntarioen “eguneroko” irudiak erakutsi nahi izan dituzte. Horretarako, hainbat esparrutako boluntarioak lanean ageri diren argazkiekin osatu dute erakusketa.

Hamabostaldirako prestatutako egitarauaren barruan, lau hitzaldiz osatutako solasaldi sorta bat ere antolatu dute. Hizlari lanetan arituko dira Caritaseko, Hurkoako, Aspaceko eta Europe Direct zentroko kideak. Hitzaldi guztiak Sindikatu Zaharrean eskainiko dituzte.

Lan solidarioa indartzeko azoka

Argazki erakusketaz eta hitzaldi sortaz gain, boluntariotza azoka antolatu dute Sareginez plataformako kideek, maiatzaren 5erako. Gipuzkoako hainbat boluntariotza-erakundek eta Azpeitiko beste batzuk postuak jarriko dituze plazan, elkarte bakoitzaren inguruko informazioa emateko. Horrez gain, zenbait tailer eskainiko dituzte, eta jolas kooperatiboak egiteko aukera ere izango da.

Egitasmoaren sustatzaileek gizarte lanetan aritzen diren herriko elkarteak eta taldeak ere gonbidatu dituzte beren egitarauan parte har dezaten. Modu horretan, besteak beste, bat egin dute egitasmoarekin Nagusilanek, Atzegik, Loiola Zentroak, odol emaileek, Misio Taldeak, Janari bankuak, Gurutze Gorriak eta Caritasek. Azpeitiko Udalak ekimena babestu du, eta Estitxu Elduaien zinegotziak boluntarioen lanaren balioa eta boluntariotzaren garrantzia azpimarratu ditu.

Boluntariotza hamabostaldirako prestatutako egitaraua osorik, hemen:

Maiatzak 2, asteazkena

16:00etan: Nola izena duzu? Nik… Harrera hitzaldi-elkarrizketa kontatua Sindikatu Zaharrean, Ane Eizagirre Karitaseko gizarte langilearen eskutik.

Maiatzak 5, zapatua

Goizean zehar, boluntariotza azoka, plazan.

Maiatzak 8, asteartea

16:00etan: Pertsona helduak: behar zaituzte, behar dituzu hitzaldia Sindikatu Zaharrean, Hurkoa fundazioko Andikona Uriarteren eskutik.

Maiatzak 9, asteazkena

16:00etan: Boluntariotza garun paralisia dutenekin egiteak inklusioa dakar hitzaldia Sindikatu Zaharrean, Aspaceko kideen eskutik.

Maiatzak 10, osteguna

11:00etan: Nazioarteko boluntariotzaz hitzaldia, Ainhoa Martin Europe Direct zentroko kidaren eskutik.

Janari Bankua, laguntza beharrean

Azpeitiko Janari Bankuko lagunak kide berrien faltan dira, eta horretaz kezkatuta, dei berezia egin nahi diete herritarrei. Janari Bankuan boluntario lanetan aritu nahi duen pertsonarik balego, Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegora jo besterik ez du, udaletxera bertaratuta, 943-15 71 92 telefonora deituta edo gizartezerbitzuak@azpeitia.eus helbidera mezu bat idatzita. Gizarte Zerbitzuetako langileak arduratuko dira herritarrak Janari Bankuko kideekin harremanetan jartzeaz.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend