Kanpai hotsen faltan, eraso sexisten aurkako aldarriek girotu dute Zestoako danborrada

Santa Kutz festetatako helduen danborrada egin zuten atzo gauean, Zestoan. Giro aparta nagusitu bazen ere, izan zen zeresana eman zuen konturik: Zestoako Txoko Feministak eraso sexistak salatzeko plazan jarritako pankarta mugiarazi zuen udalak, eta jokabide hori salatu zuten hainbat herritarrek.

Santa Kutz festetan murgilduta dira Zestoan, eta atzo izan zuten festetako hitzordu nagusietako bat: helduen danborrada. 22:30ean hasi zen danborrada, eta eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, giro aparta nagusitu zen herriko kaleetan. Urtero bezala, zortzi taldek parte hartu zuten bertan; 250 bat lagun irten ziren danborrak eta barrikak astintzen, eta Zestoako eta Azpeitiko bandetako musikariekin eta abar, guztira, 400 bat pertsona ibili ziren kalez kale festa girotzen.

Giro polita nagusitu bazen ere, izan zen zeresana eman zuen konturik atzokoan. Hain zuzen ere, Zestoako Txoko Feministak pankarta bat jarri zuen herriko plazan, Emakumeen aurkako indarkeria orori ez! Aski da! Biktimak gogoan lelopean, eta pankarta hori mugiarazi egin zuen udalak, “gai sentibera” dela argudiatuta. Talde feministak udalaren jokabidea salatu du, uste baitu “gizarteak bere egiten duen aldarrikapena” dela hori. “Gu minduta, kezkatuta eta haserre gaude udal ordezkarien jarrerarekin. Ez dugu ulertzen beraien jokaera”, azaldu dute.

Haserre hori adierazteko, hainbat ekintza egin zituzten atzoko danborradan. Batetik, Aldrebesak taldeko danbor jotzaileak plazan beren kokalekutik kanpo jarri ziren –baztertutako pankartaren azpian–, eta, bestetik, 00:00etako kanpai hotsen faltan –Zestoako parrokiako kanpandorrea apurtu zuen tximista batek–, “ez da abusua, bortxaketa da” zioten oihuak entzun izan ahal ziren ozen. Horrez gain, hainbat banderadun baztertutako pankartaren parean jarri ziren banderak astintzen, eta haiek salatu dutenez, zinegotzi batek bidali egin nahi izan zituen handik.

Arratsaldean, umeen danborrada

Gaur, Santa Kutz egunez, 18:00etan hasiko da umeen danborrada. Aurten, danborradan ateratzen duten karroza alokatutakoa izango da, “denbora faltagatik” ezin izan dutelako, ohi zutenez, herrian bertan atondu. Gainerakoan, Zestoako Herri Eskolako 200 bat ikaslek parte hartuko dute festan.

Hona hemen atzoko helduen danborradako argazkiak eta bideo bat:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend