Azpeitian Sare Eguna antolatu dute maiatzaren 19rako, ‘Motxilak erantzi, egin jauzi’ lelopean

Azpeitiko Sarek "euskal presoen sakabanaketak eta urruntze politika sistematikoak" dituen ondorioak salatuko ditu
Azpeitiko Sare Egunaren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean (Nerea Uranga).

Azpeitiko Sare Egunaren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean (Nerea Uranga).

Sare Eguna antolatu du maiatzaren 19rako Azpeitiko Sarek, Motxilak erantzi, egin jauzi lelo hartuta. Egun guztirako egitaraua osatu dute askotariko ekitaldiekin, euskal presoek jasaten dituzten “sakabanaketak eta urruntze politika sistematikoak” hainbat ondorio eragiten dutela salatzeko, eta “euskal presoen seme-alabek beren gurasoen ondoan hezteko duten eskubidea” aldarrikatzeko. Besteak beste, kros herrikoia, umeen kros txikia, paella txapelketa, herri bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak izango dira. Gaur eguerdian aurkeztu dituzte egun hori eta horren bueltan antolatutako ekitaldiak, Sanagustin kulturgunean.

“Azpeitian badugu motxiladun ume bat, Joseba Segurola presoaren urtebeteko alabatxoa. Eta, beste hamabost adin txikiko azpeitiarrek ere, beren senideak bisitatzeko bidaia luzeak egin behar izaten dituzte Alacant, Mont de Marsan eta Lannemezaneko espetxeetara”. Egoera horrek, haur horiei eskola orduak eta eskola kanpoko jarduerak galtzea eta neke fisikoa eta psikologikoa eragiten dizkiela salatu du Sarek. Horrez gain, bidaia horietan auto istripu eta ezbehar bat baino gehiago gertatzen dela kritikatu du. “Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, 400 ezbehar baino gehiago izan dira errepideetan eta hamasei pertsonek galdu dute bizia presoak bisitatzera zihoazenean”.

Presoen senide diren adin txikikoek “bizi duten injustizia” hori herriratzeko, azken hilabeetan hainbat ekimen egiten ari da Azpeitiko Sare: “Adin txikikoekin harremana duten eragile, instituzio zein adituei egoeraren berri eman diegu. Gure helburua, injustizia honen inguruan hausnartzera bultzatzea izan da. Ideologiaz haratago, ezberdinen artean injustizia honekin bukatzeko pausoak eman nahi ditugu, elkarlanean eta ume hauen egoera erdigunean jarrita”.

Azpeitiko Sarek aipatu du baita ere, ETAren amaieraren ondoren “euskal presoen egoera aldatzeko dinamika berriak zabalduko dira, eta Saretik, elkarlanean, horiek indartzeko ahaleginean arituko gara”.

Sare Eguneko egun osoko egitarauaz gainera, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Sarek: atzo, Motxiladun umeak dokumentala ikusteko ehun ikasle inguru bildu ziren Sanagustinen. Horrez gain, maiatzaren 10etik 13ra Motxiladun umeak erakusketa jarriko dute Sanagustin kulturgunean. Maiatzaren 10ean, goizean, aurkeztuko dute erakusketa hori, eta maiatzaren 13an ekitaldi bat egingo dute bertan bertso, musika eta ipuin kontaketarekin.

Sare Egunerako antolatutako helduen Kros herrikoian eta Paella Txapelketan parte hartzeko izena emateko epeak zabalik daude, eta bazkari herrikoirako txartelak ere salgai jarri dituzte. Horiez gainera, Sare Egunerako kamisetak saltzen ipini dituzte Orkatzen.

Sare Eguna: maiatzak 19, larunbata.
11:00.
Kros herrikoia, plazatik irtenda. Izena emateko tokiak: Azkoitian Elkargunean eta Azpeitian Aitzaki kirol dendan, Igerilekuan eta Orkatzen. Internetez: kirolprobak.com webgunean.
11:30. Umeen Kros Txikia. Ez dago izena eman beharrik. Alde Zaharrean itzuli bat egingo dute, Ekaintxouk animatuta.
12:00. Ekaintxou ikuskizuna, dantza eta jolasak.
13:00. Paella Txapelketa, plazan. Parte hartzeko izena emateko tokiak: Orkatz eta Sanagustin kulturgunea. Maiatzaren 14rako eman behar da izena.
14:30. Herri bazkaria, Berdura plazan. Bazkaritarako txartelak daude salgai Orkatzen eta Sanagustinen.
Bazkal ondoren, umeentzako gunea.
18:00. Manifestazioa, plazatik irtenda.
Manifestazioaren bukaeran, polka erraldoia dantzatuko da plazan, Erokomeri taldeak girotuta.
22:30. Kontzertuak: Erokomeri eta Hesian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend