ERREAKZIOAK: ETAren desegitea, Urola Kostatik

ETAk bere ibilbidea amaitu duela iragarri ostean, eskualdeko hainbat laguni iritzia eskatu die UROLA KOSTAKO HITZAk, bi galdera hauei erantzuteko eskatuta:

– Zer balorazio egiten duzu ETAren desegiteaz?

– Aurrera begira, zer?

Hauek dira orain arte jasotako erreakzioak; tartean, zenbait eragilek plazaratutako iritziak ere txertatu dira. Datozen ordu eta egunetan gehituko zaizkie gehiago, jaso ahala.

Imanol Lasa (Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea eta Gobernantza diputatua)

“ETAren desegitearekin, gure herriaren historiaren eta bizitzaren aro ilun bat bukatzen da. Sufrimendua, mina eta oinaze handiak eragin dituen aroa. ETAren indarkeria bukatzea da albiste ona da eta zama handia kentzen digu.

Etorkizunean jarri behar dugu orain azpimarra. Aro baten bukaerarekin, berri bat hasten da, ate asko zabaltzen dituena. Elkarbizitzan aurrerapauso handiak eman ditugu azken urteetan, 2011az geroztik, baina lanean jarraitu behar dugu berradiskidetzea eta elkarbizitza finkatzeko. Nola? Zintzoki, memoria inklusiboa landuz, eta biktima guztiengandik gertu egonez. Indarkeriak eragindako zauriak jostea eta zubiak berreraikitzea dagokigu orain, enpatiaz. Lanketa horretan topatuko dugu herri honen aspirazioak gauzatzeko eta etorkizuna eraikitzeko giltza”.

Joseba Permach (Iratzar Fundazioaren kidea)

“Nire iritziz, ETAren erabakia berri ona da euskal gizartearentzat. Iritzi ezberdinak izango ditugu iraganari buruz, denok ez dugu aukera bera iraganaren inguruan pentsatzen eta sentitzen duguna esateko, baina garrantzitsuena ondoko hau iruditzen zait: lehenik, aro berri bat irekitzeko aukera ematen du. Aitzakiak amaitu dira. Gatazka politikoaren erroari heltzeko aukera paregabea irekitzen da. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko, hau da, herritar orori eragiten dizkiguten erabaki guztiak hartzeko dugun eskubidea berreskuratzeko, unea iritsi da.

Bigarrenik, aurreko zikloa ondo itxi behar da. Lehenik, oraindik orain ihesean edo kartzelan daudenen egoera konpondu behar da. Sufrimenduak lehenbailehen amaitu behar du, haiena eta haien senideena. Eta jakina, era berean, gatazkak eragin dituen biktima guztien min eta zauriak sendatzeko ekimenak eta urratsak behar dira ere.

Beraz, gaurtik aurrera, atzera begiratu beharko dugu sufrimenduarekin behin betirako amaitu eta bake iraunkorra eraikitzeko eta, bereziki, aurrera begiratu beharko dugu eskubide guztiak herritar ororentzat bermatuko duen Euskal Herria guztion artean eraikitzeko”.

Edur Epelde (Euskal Herriko Bilgune Feministaren kidea)

“Prozesuak, ibilbideak, hasi eta bukatu egiten dira eta ETAk bere amaierara iristea erabaki du eta honek, Herri gisa, aukera eta bide berriak sortzen dizkigula uste dut. ETA desegiteak ez du esan nahi herri honetako gatazkak amaitu direnik. Egun oraindik gatazka eta sufrimendu egoera ugarik ezaugarritzen dute gure bizikidetza, gatazkek pluralean. Honen adibide dira, nazio-auziaz gain, indarkeria sexista eta emakume erailketak, urtero hiltzen diren langileak, Altsasuko gazteen epaiketa, gerretatik ihesi datozen errefuxiatuen egoera, presoen sakabanaketa, atzerritik datozenen prekarizazioa edota pobreziaren areagotzea.

Nire ustez, urgentea da sufrimendu egoerekin amaitzea, horregatik uste dut lehentasunezkoa dela euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak herriratzea, egun sufrimendu asko dagoelako, bidaietan, barruko bizi baldintzetan eta abar. Horrekin batera, herri honetan bizi izan den minaren errekonozimendua egitea tokatzen da, bakoitzari berea, minari tokia egin behar diogu eta ondoren min hau osatze prozesuan jarri. Horretarako, elkar entzuteko txanda da, baita kontatzekoa ere, hau zaila izango dela aurreikusten dut. Niretzat garrantzitsua da datozen belaunaldi berriekin gertatu denaz hitz egiteko gai izatea, isiltasuna eta amorrua beraien oinordeko izan ez daitezen. Herritarren gogo gorputzetan dauden zauriak, gatazken eraginak identifikatu, partekatu eta aurre hartzea dagokigu. Inperialismoak, neoliberalismoak eta patriarkatuak sortzen dituen aztarnak ikusteko gai izan eta aldaketa prozesuak irekitzen segi, maila pertsonal, sozial nahiz politikoan. Orain arte bezala, lanean jarraitu behar dugu, herri eragileek bereziki, baita alderdi politikoek, sindikatuek, edota eskolek ere. Horretarako, bakoitzak beretik, egunez egun, aldaketa txiki handien bitartez, herritar libreak sortzen ari gara. Bizitzak erdigunera ekarriz, pixkanaka libreago eta zoriontsuago den herri bat izateko”.

Imanol Murua (kazetaria eta unibertsitateko irakaslea)

“ETAren bukaerako datarik esanguratsuena 2011ko urriaren 20koa dela esango nuke. Orduan bukatu zen ETAren borroka armatua eta, hortik gaur artekoa, ETAk berak esan duen bezala, orduko erabakiaren ondorio logikoa izan da. Espainiako Gobernuak Aieteko orriari jaramonik egin ez izanak eta konponbideari oztopoak besterik jarri ez izanak, zorionez, ez du eragotzi armagabetzea, aurrena, eta erakundearen desegitea, gero. Alde horretatik, baldintza zail hauetan Aietetik Kanborainoko bidea egin dutenek, eta bide hori egiten lagundu dutenek, arduraz eta eraginkortasunez jokatu dutela azpimarratuko nuke. Etorkizun hurbilari begira, ETAren desegite honek presoen egoeran hobekuntzak ekarri ahal izatea desio dut eta, baikor jarrita, baita espero ere”.

Ludger Mees (EHUko Gaur Egungo Historiaren Katedraduna)

“Guztiz ekintza txalogarria da, nahiz eta oso berandu datorren. Euskal Herriko jendea aspaldi da horixe bera eskatzen ari zela. Urteak eta urteak dira jendeak ez zuela ulertzen zergatik jarraitu behar zuen horrelako erakunde armatu batek bere ekintzekin horrenbeste sufrimendu sortzen. Horregatik, berandu baldin bada ere, onuragarria da hori gertatzea. Hori bai, nahiz eta ETAren ibilbidea amaitu, ETAk utzitako historia ez da amaitu: etorkizunean eztabaida benetan sakona egin beharko da hainbat konturen inguruan. Batez ere, ezker abertzalean balorazio bat egin beharko lukete hausnartzeko zergatik iritsi den hain berandu desegitea, zergatik behar izan duten ezker abertzale barruan horrenbeste denbora ETA mugiarazten hasteko eta amaiera eskatzeko, zergatik ibili diren horrenbeste urte ETAren ekintzak txalotzen… Memoria historikoaren inguruan ere hainbat galdera daude. Beste batzuk ere galderak egin beharko dituzte: euskal gizarteak bere osotasunean zergatik onartu zuen horrenbeste denboran horrelako fenomeno bat, zergatik ez zen askoz ere jende gehiago askoz ere lehenago mugitzen hasi ETAren aurkako protesta kalera eramateko, zergatik aprobetxatu duten beste eragile batzuk ETAren existentzia beren helburu politikoetarako…

Horrekin lotuta, orain erabat deseginda geratu ondoren, presoen kontu hori laster aldatzen hasiko dela eta inguratzen hasiko direla iruditzen zait. Ez daukat zalantzarik nahiz eta horrek denbora beharko duen oraindik. Euskal Herrian politika askoz ere modu lasaiago batean eta demokratiko batean egin daiteke orain, eta hainbat gauzen inguruan hitz egin daiteke. Ezker abertzaleari dagokionez, berarentzako historikoki berria den fenomeno bat kudeatu beharko du. Duela oso gutxi arte ezker abertzalearen barruan hierarkia oso garbia zegoen: goian zegoen abangoardia militarra deritzona, eta behean zeuden bere beso politiko eta sozialak. Aginte katea goitik behera zetorren, orain, goikoa desagertzean, egoera berria sortzen da eta hori kudeatzen ikasi beharko dut”.

Gorka Landaburu (kazetaria)

“Lehenik eta behin, albiste garrantzitsua da ETA desegitea. Aspalditik itxaroten ari ginen albistea da, denbora gehiegi, baina iritsi da eta poztekoa da. Bigarrenik, tamalez, erakunde terroristaren bukaera iragarri duen komunikatu honetan ez dago gutxieneko autokritikarik. Ez dakit ETAk zer-nolako prestutasuna izango duen kontzeptu honetan, baina uste dut autokritika sakonago bat falta dela urteetan pasatu diren gauza guztien inguruan. Positiboa da bere amaieran iragarri duelako, baina negatiboa ez dituela biktimak aipatzen eta ezertarako balio izan ez duen indarkeriari buruzko autokritikarik ez duelako egiten.

Etorkizunari dagokionez, guztiok eman behar dugu geure hondar alea elkarbizitza egonkortu dadin Euskal Herrian, eta, batez ere, irekita dauden orbain guztiak sendatu behar ditugu. Orrialdea pasatuko dugu, baina orrialdea pasatu aurretik goitik behera irakurri behar dugu, azken hizkiraino, gai hau eta Euskal Herrian izan diren indarkeria guztiak lantzeko. Kontakizunaren garaian gaude orain, eta bakoitzak konta dezala kontatu beharrekoa, baina oraindik bide luzea dago oraindik irekita dauden zauri hauek guztiak orbaintzeko.

Jende askok egin behar du eskatzen dugun autokritika hori. Lehenik eta behin, ETAk eta baita ezker abertzaleak ere; izan ere, ezker abertzaleko sektore inportante bat lagun izan duelako eta txalotu egin duelako denbora luzez. Era berean, eskatu behar zaie instituzioei eta, bereziki, Espainiako Gobernuari eta Mariano Rajoyri presoen gerturatzearekin hasi daitezela. Hori garrantzitsua da guztiok behar dugun elkarbizitzari ekiteko”.

Zarauzko EH Bildu

“ETAren amaierarekin, gure herriaren historiaren aro bati amaiera ematen zaio. Herri eta herritar gisara sasoi gogorra izan da eta gatazka politiko eta armatuak mota guztietako sufrimendua sortarazi du alde guztietan. EH Bilduk gogoan hartu nahi ditu sufritu duten eta oraindik ere sufritzen ari diren pertsona guzti-guztiak.

Urte hauetan guztietan asmatzeak eta akatsak izan ditugu eta horietatik guztietatik asko ikasi dugu. Orain herri gisara urratsak emateko beste abagune bat ireki dela uste dugu. Baliatu dezagun aukera hau elkarbizitzan eta justizia sozialean sakontzen jarraitzeko.

Oraindik ere, bakerik eta askatasunik gabeko herria da gurea eta EH Bilduk hori eraldatzeko bidean lanean jarraituko du etenik gabe eta lortu arte”.

Gloria Vazquez (Zarauzko PSE-EEko kide eta Jose Luis Lopez de Lacalle elkarte sozialistako idazkari nagusia)

“ETAk bere desegitea iragarri duela eta, Zarauzko sozialistok gure maitasuna agertu nahi diegu terrorismoaren biktima guztiei. Gure oroitzapena eta elkartasuna haiekin daude, eta, bereziki, eraildako Zarauzko 16 bizilagunekin. ETArekin bukatu dugu, baina eragin zigun izuaren ondorioek oraindik jarraitzen dute. Asko dira, gehiegi, hil, zauritu, bahitu eta erbesteratutako gure herritarrak, lagunak eta familiakoak; ahaztu gabe estortsionatuak, mehatxatuak… Pozten gaitu ETAren desegiteak, baina ospakizunik gabeko eta tristura handiko poztasuna da.

Terrorismoa garaitu dugu ordainik gabe. ETA historiara pasatuko da 800 pertsona erail zituen talde terrorista bat bezala, bere ideiak inposatzeko 50 urtez biolentzia, sufrimendua eta txantaia egin ziona gizarte oso bati, eta, azkenean, dememokraziak menderatu duena. Mina besterik eragin ez duen biolentzia izan da. ETAk bere proiektu politikoekin bat egiten ez zituenak hil ditu, pentsatzeagatik hil du; eta hori ezin dugu inoiz ahaztu, gertatutakoa ezagutzea, oroitzea eta deslegitimizatzea baita berriz ez gertatzeko modurik onena.

Terrorismoa deslegitimizatzeko beharraz gain, zintzilik dugu biktimez arduratzea eta gazteak nahiz helduak balio demokratikoetan eta giza balioetan heztea. Ezin dugu ahaztu nazionalismo erradikalean kokatutako gizartearen zati batek ETArekin kolaboratu duela eta babes politikoa eman diola, eta sektore horrek duen gorrotoa desintoxikatu behar du eta erailtzea injustua izan zela eta ez zuela inoiz ere gertatu behar aitortu behar du.

Terrorismoaren biktimei eskertu behar diegu izan duten erabateko aldarte demokratikoa eta eskuzabaltasuna. Haiek erakusten digute etorkizun baketsu bat lotzeko jarraitu beharreko bidea. Memoria, egia eta justizia zor diegu”.

Zarauzko Eusko Alkartasuna

“Gauzatu den ETAren desegitea egunez egun, pasa diren 40 urte luzeegi hauetan Euskal Herriko gizartearen gehiengoak amestu dugun une historikoa zorionez heldu da. Kanbon ETAren bizitza luze eta ankerra amaitu da.

Gaur, orain arte bezala, biktima guztiak eta oinaze oro gogoan ditugu. Hamarkada luzeetan sortutako oinazea ez da berehalakoan desagertuko baina gaur ziur dakigu ez dela berriro errepikatuko eta oinarri hori guztiok barnebilduko gaituen elkarbizitza eraikitzeko erabiliko dugu.

Gaur pendiente ditugun gaiak gogoratu behar ditugu ere. Batetik, gatazkaren ondorioei erantzuna eman behar diegulako eta bestetik, gatazka politikoa ez delako amaitu.

Garai berri honekin batera preso, exiliatu eta deportatuei salbuespeneko neurriak aplikatzen jarraitzeko aitzakiak amaitu dira ere eta pertsona hauen eskubideak bermatu behar dira.

Garai berri honetan ere, ETArekin zerikusia ez duen gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eman behar zaio. Bakean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri librea izan da beti gure helburu eta bide horretatik jarraituko du lanean Eusko Alkartasunak, normalizazio politikoa lortu arte.

Soilik bide demokratiko eta baketsuetan oinarritutako eztabaidak eman dezake herri honetan hain beharrezkoak diren ezberdinen arteko akordioak. Eusko Alkartasunak badu bere esperientzia lan horretan sakontzeko eta dudarik gabe ETAren desagerpenak horretan lagunduko du”.

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea, EH Bildu)

“Ez sinestekoa. Ni jaio nintzenean ETA zegoen eta nire bizi guztian zehar ETA ezagutu dut. Orain, bukatu dela jakiteak emozioz betetzen nau, erabaki historiko baten aurrean gaudela nabarmena da. Une batean, herri honetan sufritu eta sufritzen duten guztiez oroituz jabetzen zara garrantziaz eta benetan pausoa erraldoia izan dela, dudarik gabe bake bidean jartzen gaitu. Beraz, erabaki oso egokia eta positiboa dela esango nuke eta herri hau beste egoera eta bide batzuetan jartzeko balioko duela. Bada ere garai, une honetan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketekin bukatzeko, presoen etxeratzea aitzakiarik gabe gizarte osoaren aldarrikapena bihurtu behar litzateke, baldin eta benetan giza eskubideetan sinesten badugu. Hala ere, errespetuz eta arretaz ibili beharko gara guztiok. Egia da orria pasatu behar dela baina, orria pasatu aurretik, orria irakurri egin behar da; eta irakurtzeko, errealitatean gertatu zena idatzi behar da.

Herri zahar honek herri gisa dituen eskubideak aitortuak izatea aspaldiko nahia da. Euskal herritarrak ETAren askoz aurretik ari dira Euskal Herria aitortua izan dadin eskatzen, eskaera historiko bat da euskal herritar belaunaldi askorentzat, eta orain ere eskaera eta nahi horrek hor jarraituko du. Oraindik ere nahi politiko hori hor dagoenez, gauzatzeko estrategiak eta ekimenak egongo dira”.

Aitor Gorrotxategi (EAJren zinegotzia Azpeitian)

“Albiste ona da ETA desegitea, baina biktima guztiak gogoratu behar ditugu eta guk, bereziki, herrikoak. Denon artean memoria errelatoa egin beharra dago, horrelako talde baten beharrik ez dagoela adosteko.

Etorkizunari begira, denon artean aurrera egin behar dugu etorkizun baketsua desiratuz, baina pasatu dena ahaztu gabe eta oinarri sendoak errotuz, berriro gerta ez dadin”.

Ekaitz Agirre (Azpeitiko Sorturen kidea)

“Momentu politiko historiko batean bizi garelako egin du ETAk, beste behin ere, hartu duen erabakiarekin bere ekarpena. Denok berdin baloratuko ez dugun arren, balioa eman behar diegu jarduera armatua alde batera utzi zuenetik ETAk gaur arte eman dituen urratsei. Beti ere Euskal Herriari begira, gatazkaren ondorioen konponbidea edota burujabetza prozesua erraztu eta indartzeko asmoz.

Frankismoaren hasieratik gaur arte, sufrimendu ugari izan da gure herrian eta kostatuko zaigu hori norabidetzea. Herritar guztiok egin beharko dugu ahalegina bake justu, oso eta iraunkor baten alde. Kontuan izanda, gainera, oraindik sufrimenduak jarraitzen duela, nire laguna bisitatzera joateko bere guraso zaharrek 16 ordu pasatu behar izaten dituzte errepidean. Gatazka politikoa ez zen ETArekin sortu, ETA gatazka zegoelako sortu zen eta zapaldutako herri baten aktibazio itzela ekarri zuen. Beraz, gatazka politikoa ez da amaitu. Herri honetako eskubideek errespetatu gabe jarraitzen dute, herri honek ez du erabakitzeko eskubiderik, zapaldutako herria izaten jarraitzen dugu.

Baina era berean, orain 60 urte sortu zen herri aktibazio horrek barreiatutako haziak prest daudela iruditzen zait datorren zikloari erantzuteko. Hainbat mugimendu eta dinamikak hori erakusten dute. Herritarren ilusioa puri-purian jartzera doa. Preso eta iheslari politikorik gabeko Euskal Herri demokratiko eta aske baterako oinetakoak aldatu eta bideari ekin diezaiogun, indarrak metatuz eta ezberdinen arteko elkarlana sustatuz”.

Ramon Etxezarreta (PSE-EEren kidea)

“Herritarren borondatearekin urte luzetan entzungor izan ondoren bere buruaz beste egin behar izan du. Parafernaliaz jantzi nahi izan dira bere agonia eta heriotza, baina umiliagarriak izan dira. Hainbeste urtetan bere gehiegikerien aurrean herritarrak makurrarazten saiatu zena, bere makurrean bihurrituz hil da, demokraziari ez diola beldurrik esanaz.

Berri pozgarria izan da benetan. Asmatu beharko dute oinordekoei zergatik eta zertarako, zer lortzeko, asesinatzen zuten kontatzen. Eurena izango da argitzearen ardura. Baina esango nuke inork ez diela sinestuko beharrezkoa zelako iraun zuela erakunde armatuak eta beharrezko ez zelako desegin zela euskal gizartean. Zer aldatu zaie? Zer aldatu zaigu? Zer aldatu dute hainbeste erail duten urte hauetan?

Aurrera begira libre izango da nork berea pentsatzea, libre nork berea esatea. Derrigorrezkoa izango da guztiak errespetatzea. Libre izango da aberria nork bere erara maitatzea, libre, bai eta, aberria ez maitatzea ere. Askatasuna praktikatzen ikasi beharko dugu. Zigorrak leundu eta kendu ahal izango dira, baina errua betirakoa izango da, eternoa. Euskaldunon izen ona bezala ia”.

Jabier Altuna (EAJren Azpeitiko Uri Buru Batzarraren burua)

“Horrelako gertaera historiko bat aztertzeko objektibitatea behar omen da eta gai honetan ni ez naiz batere objektiboa. Eta oso zehatza ere ezin izan, hitz labur hauek erabiliz.

Berri ona da, dudarik gabe, baina sentimendu kontrajarriak sortzen dizkit. Diktadura baten aurka, herriaren eskubideak defendatzeko sortu zen erakundeak, erailketa gehienak demokrazia garaian gauzatu ditu, eta herritarrak eta herritarron ordezkariak hiltzera iritsi da… Hildako guzti horien eta beren familien sufrimendua, ETAko militannteen sakrifizioa, beren familien sufrimendua, zertarako? Hau dena zertarako? Zer lortu dute? Orain dela 40 urte bide hori hartzera eraman zituztenek, hilerriak eta kartzelak bete dituen estrategia hartzea erabaki zutenek, herriaren izenean herriari kasurik egin ez diotenek ez al diote herriari azalpenik zor?

Egin duten barkamen eskaera hori ez zait inondik inora nahikoa iruditzen. Zeintzuk dira hiltzea merezi izan zutenak eta zeintzuk ez? GALek (eta norbaitek ardura hau hartu behar zuen aspaldi) egunen batean esaten badigu Lasa eta Zabala erailtzea konfliktoaren ondorio bat izan zela eta, beraz, barkamenik eskatu beharrik ez dutela, eta Juan Carlos Goenarena, berriz, sentitzen dutela, onartuko al dugu? Nik ez behintzat. Miguel Angel Blanco, Yoyes, Inaxio Uria gerra garbia, eta Lasa eta Zabala, Segundo Marey gerra zikina?

Ondorioak hor daude, hilerrietan eta kartzeletan. Bakoitzak bere mina du, eta gorrotoa kasu askotan. Zoritxarrez, hilerrietan daudenek ez dute konponbiderik; espetxe politikak, bai. Iraganari edo etorkizuneko elkarbizitzari emango diogu garrantzia handiagoa? Ez da erraza, ez motza izango. Uste dut Bernardo Atxaga izan dela gizartea adiskidea lortzeko bi belaunaldi beharko direla esan duena. Ez dakit bat, bi, edo hiru izango diren. Oraindik Gerra Zibileko zauriak itxi gabe ditugu…

Joan den astean, Juan Carlos Garcia Goenaren alaba etorri zitzaigun ikastetxera bere testigantza ematera. Entzuten ari ziren Batzilergoko lehen mailako ikasleek 10 urte zituzten ETAk armak utzi zituela adierazi zuenean. Gaurko gazteek, orokorrean, ez daukate ideiarik herri honetan zer gertatu den, gauzak nola izan diren, eta jakin behar dute.

Etorkizuneko elkarbizitzak egia izan beharko du oinarri, bestela ez da benetakoa izango”.

Arritxu Marañon (PSE-EEren zinegotzia Zumaian)

“Nire partetik, gaurko eguna biktimak gogoratzeko izan da, bereziki Zumaiakoak. Behin eta berriro esan behar da hilketek ez zutela inolako zentzurik izan. ETAk gaur azken itxiera jarri dio 50 urteko historia beltzari, baina nik esango nuke ETA 2011n bukatu zela. Orduan demokraziak irabazi zuen, zuzenbide estatuak. ETAk hiltzeari utzi zion ezin zuelako gehiago. ETAk ez du bere jardunaren kritikarik egin, ez die barkamenik eskatu biktima guztiei. Baina horrek, egia esan, ez nau batere harritu. Dena den, esan dezaket pozik nagoela, eta ni bezala euskal gizarte osoa.

Nik uste dut 2011tik ari garela lanean, gizarte honetan benetako elkarbizitza lortzeko. Eta uste dut asko aurreratu dugula eta bide horretatik jarraituko dugula. Badaude garrantzia handia duten zenbait gai baina, bat aipatzearren,  gertatutakoaren egiazko kontakizuna landu behar da. Hor ezin diogu tarterik utzi itxuragabetzeari, manipulazioari. Terrorismoa bere larruan sufritu zutenentzat funtsezkoa da hori. Baina, orohar, uste dut bidea ari garela egiten”.

Alex Oliden (EH Bilduren zinegotzia Zumaian)

“Gaurko egunak izugarrizko poza eragin dit, duela zazpi urte ETAk jardun armatua gelditu zuenean bezalaxe. Uste dut gaurko iragarpena aurrerapauso lojikoa dela, eta uste dut ekintza sinboliko hutsa baino zerbait gehiago dela.

Duela zazpi urte ETAk jardun armatua uztea erabaki zuenean pentsatu nuen indar sozialak askatzeko balioko zuela. Nire iritziz, jardun armatua balazta bat zen, gehiegi baldintzatzen zuen gizartean egin zitekeen ibilbidea. Nik uste dut pauso honek lagunduko duela indar sozial horiek askatzen, bilakaera berri bat bilatzeko aukera emango duela, erronka handiak baitauzkagu aurrean herri modura. Konponbide zaharrek ez dute balio. Herrian, behetik gora lortutako adostasun zabalak behar dira dinamika berri bat martxan jartzeko. Agian, nahi baino denbora gehiago eskatzen du, baina hori da aurrera begirako bide bakarra. Bestalde, lehenbailehen askatu beharreko korapiloa da presoen egoera. Horrek bai duela presa”.

Edurne Egaña (EAJren Zumaiako Uri Buru Batzarraren burua)

“ETAren desegiteak sentimendu kontrajarriak sortu dizkit. Alde batetik poza sentitu dut. Hainbeste urtetan eskatu eta itxaron izan dugun ETA-ren desagerpena behingoz egi bihurtu delako poza. Bestaldetik tristura ere sentitu dut. Bizi izan ditugun egoera gogor eta mingarriak, eta batez ere Zumaian bizi izan ditugunak, berpiztu egin zaizkit eta haiek eragindako zauri sakonen ziztada sentitu dut. ETAren biktima guztiak datozkit burura, alde batekoak zein bestekoak; denak bai dira ETA-ren biktimak. Eta haien oroimenarekin; alferrik galdutako bizitzen eta izandako nekearen eta miñaren tristura sentitu dut.

Aurrera begira indarkeriak utzitako zauri sakon horiek sendatu eta pendiente dugun bizikidetza lortzeko gai izan gaitezela espero dut. Galduta dugun elkarrenganako konfidantza berreskuratu eta beradizkidetzea josteko beharrezko zintzotasuna eta eskuzabaltasuna izateko gaitasuna izan eta belaunaldi berriei oroimenaren transmisio zintzo eta zuzena egiten jakin eta bakearen balioa irakasten asmatzeko gaitasuna izatea espero dut”.

Jose Manuel Castillo (Zumaiako Iparra gazte mugimenduren kidea)

“Ikuspegi politiko batetik ikusita, argi dago gaurko egunak garrantzia berezia duela. Gaur, ofizialki aro bat itxi baita Euskal Herrian, 60ko hamarkadan hasi eta 2011ra arte herri honen egoera politiko-soziala guztiz markatu duen borroka armatuaren aroa. Pertsonalki, ordea, ez diot garrantzi berezirik ematen. Kontuan izan, ETAk bere jardun armatua uzten zuela iragarri zuenean, 16 urte eskas nituela. Badakit generazio zaharragoentzako borroka eta erresistentzia erreferente izan dela hamarkada luzez ETA, baita ere, sufrimendu eta injustizia ugariren erruduna. Dena den, uste dut gazteriaren artean ETA ez dela izan azken urteetan lehentasunezko aktore politiko bat. Are gehiago, bere funtzio politikoa herri honetan duela hamarkada batzuk iraungi zela uste dut.

Balorazioari dagokionez, lehenik eta behin, nire errespetua erakutsi nahiko nien hamarkada luzez espainiar erregimenaren aurka borrokan jardun duten hainbat eta hainbat euskaldunei. Baina, uste dut egungo gazteria ez dela politizatzen ari 1970eko edota 1980ko hamarkadetako askapen nazionaleko borroka gordinea;, aitzitik, gazteria 2008an lehertu zen krisi ekonomiko kapitalistaren testuinguruan ari da politizatzen. Horregatik, pertsonalki, uste dut ezker “iraultzaile” edota emantzipatzailearen ikuspegi batetik behintzat, ETAk argitaratutako azken komunikatuen hainbat aspektu gogor kritikatu behar direla. Alde batetik, ETAk bere jardun armatua uztearekin ez da bakea iristen Euskal Herrira. Klase zapalkuntza areagotzen ari den honetan, sistema kapitalistak sortutako biolentzia estrukturala gero eta nabariagoa da: etxe kaleratzeak, murrizketak, emakume erahilak, gerra inperialistak, hezkuntza erreforma pribatizatzaileak, marjinazio estrukturala, Auzitegi Nazionaleko epaiketa fartsak… Hauei guztiei erreferentzia oso gutxi entzungo dugu egunotan, bakea hitza desitxuratzen ari dela uste dut. Egun, borrokarako (ez ulertu borroka armatu moldean izan behar duenik borroka politikoa) inoiz baino arrazoi gehiago ditugu eta gazteriaren sektore bat honetaz konturatu da. Ezen aktore politikok, ETAk barne, uste dut ez duela eskubiderik egungo gazte zein langileriari borrokarako ateak ixteko.

Esan bezala, uste dut sistema kapitalista eta patriarkalak eragindako injustiziak areagotzen ari direla, eta horren isla dira Zumaian maiatzak 1 honetan kalera atera ziren langile klaseko sektore ezberdinak: feministak, ikasleak, gazteak, Astilleros Balenciagako langileak, pentsiodunak… Beraz, gaurkoa, egun bat gehiago da niretzat, gaur langile klasea politikoki artikulatzen eta langile botere bat sortzen jarraitzeko eguna da. Benetan, sistema kapitalistak, espainiar Estatua honen tresna zuzen gisa ulertuz, eragiten dituen esplotazio eta zapalkuntza forma oro gainditu nahi baditugu, langileen arteko elkartasun sareak sustatzen jarraitzea da gure helburua. Nire partetik, eta gazte militante gisa, gazteriaren papera hor kokatzen dut. Ezin gaitezke galdu Kanboko jauregiko korridore distiratsuetan, iraganeko etapa bat itxi da gaur. Baina, oraindik ere, etorkizun komunitario, justu eta gizatiarrago irabazteko dugu eta horretan lanean jarraitzea da nire hautua”.

Jon Maia (bertsolaria)

“Gaurkoa egin beharreko pauso bat izan da. Duela urte batzuk idatzitako gidoian zegoen. Alde bakarreko gidoia izan da, beste aldeak ez duelako berea bete. Lehenago egin balitz hobe, baina ez da erraztasunik egon. 2011n hartu zuen ETAk erabaki nagusia, emotiboena. Gaurkoa desagertze ofiziala da, eta denok pozik egotekoa da, gatazkaren muina konpontzeko pausoak ematen lagunduko duelako. Gatazkaren sintomarik bortitzena desagertu da, baina gatazkak hor segitzen du.

Gatazkaren ondoriok hor daude eta arreta jarri behar zaie. Epe motzean, lehentasuna dute biktima guztien erreparazioak eta presoen sakabanaketak. Epe ertain-luzera begira, gatazkaren arrazoiak konpontzeko erabakitzeko eskubidea da irtenbidea. Bestetik, uste dut berritu beharko ditugula orain arte fosildutako automatismo asko. Denok dauzkagu eroritako zubiak, bai politikan, bai bizitza pertsonalean. Horiek konpondu egin behar dira, eta horretarako denok dauzkagun aurreiritziak deseraiki behar dira. Garai berriak hizkuntza berria, jarrera berria, adostasun berria eskatzen ditu, eta lan hori daukagu aurretik”.

Xabier Garmendia (EAJren zinegotzi ohia Zumaian)

“Gaurko egunak orain urtebekoarekin desberditansunik ez du, ez ta gehiegi ere orain hamar urtekoarekin, niri dagokidanez. Garrantzi gehiegi eman izan zaio borroka armatuaren gaiari, sakoneko arazoak herriaren izenean gutxiengo batek proiektu politiko bat inposatzeko asmoa eta herri honekiko atzerriko inposaketa asmoak izan direnean, eta asmo horiek berdin jarraitzen dute, nire ustez. Herri borondatea eta ideiak ezin dira inposatu, ez bertatik ez kanpotik, eta gatazka honek tinko dirau oraindik, borroka armatua aurreko helburuetarako tresna huts bat delarik, honegatik uste dut sakonean gauzak gehiegi ez direla aldatu.

Aurrera begira, gure herri honek bere buruaren jabe izateko, zintzotasunez eta arduraz elkarlanean hasteko beharra nabaria da, orain hamar urte zen bezalaxe. Tamalez, herri honetako politikagintza kutsatuegi ikusten dut horrelako zerbait gertatu dadin. Herri bezala hemendik 50 edo 100 urtera zer izan nahi dugun zintzoki eztabaidatzeko ez asmo, ez gogorik, ez imintziorik ez dut ikusten, eta honek galbidera eramango gaituen beldurra dut. Zintzotasunez esanda, ez dut uste gure herriaren egoera hobetuko denik denok seriotasun gehiagorekin hartzen ez badugu etorkizunak ekarriko diguna, eta hau zaila ikusten dut orain arteko erakunde politikoak bizirik dirauten bitartean”.

Juanjo Alvarez (katedraduna)

“Objektiboki, albiste ona da ETAk bere zikloaren amaiera iragartzea, ETA desagertzea euskal herritar gehienen gogoa zelako; azken agiriko testuan erabilitako idazkeraz, ziurrenik ekidiezina izan da, baina ausardia gehiago nahiko nukeen, zintzoki onartzea nazioaren eraikuntza ezin dela inoiz oinarritu indarkeriaren erabileran, baizik eta indar metaketan eta gizarteko adostasun zabalean.

Lehenik eta behin, bidegabekeriaz indarrean egon diren salbuespenezko zigor eta espetxe legediari eusteko premisa bertan behera gelditu da; bigarrenik, bake prozesuaz ezagutzen duguna gure esku gelditu da orain, herritarron esku: elkarrekin bizitzeko gai izan behar dugu, aniztasunean bat eginik, gure egitasmo sozial eta politikoak defenditu politika eginez eta soilik politika eginez. Eta, oraindik goiz den arren, iraganeko tabu zaharrak gainditu behar ditugu, abertzaleen arteko akordioetan aurrera egin, inor baztertu gabe baina, aldi berean, gure izaera anitza eta naziotzat errekonozitua izateko daukagun gogoa indartzeko”.

Joseba Ossa (Elkarriren kide izandakoa)

“Egun ederra izan da. Historikoa. Beranduegi etorri da, baina tira, ongi etorria izan dadila. Askoz gehiago poztu ninduen Lizarra-Garaziko garai hark. Askoz ederragoa litzatekeen orduko akordio zabal eta indar-metaketarekin iritsi izan balitz behin betiko desagertzea. Baina tira. Izan bedi ongi etorria!

Askok kritikatu dute eszenifikazioaren kontua. Eta ulertzekoa da. Baina esango nuke beharrezkoa zela halako zerbait egitea. Norbanakoen heriotzaren ondoren hileta ospakizunak egiten ditugun bezalaxe, hemen dolu-prozesu kolektibo bat bizi izan dugu, eta prozesu horren dolua ondo bizitzeko erritual moduko ekitaldiak behar ditugu. Xehetasun batzuk gorabehera, nik uste dut bete-betean asmatu dutela prozesu honen amaiera antolatu dutenek. Bejondeiela! Eskertzeko moduko lana egin dutela esango nuke.

Eta ia bizitza osoa borroka armatua kritikatuz eta hari aurre eginez igaro badut ere, haren ondorioak sufritu baditut ere, onartu beharra daukat une honetan, zurrunbilo mediatikoaren erdian, galdera eta kezka hau ere sortzen zaidala: ETAren historia, oro har, desastre bat izan bada ere, ez al dugu ezer esan behar testuinguruaren inguruan? Zein baldintzatan eta nola sortu zen? Frankismoaren diktadura gogor baten testuinguruan, gerra zibil basati baten ondoren, askatasun eta justizia sozialik gabeko egoera larri batean. ETAk eragindakoa izugarria da, eta ez dauka justifikaziorik (800dik gora hildako, milaka mehatxatu, milaka familia hautsi…). Izugarria. Hala ere, bere testuinguruan jarrita, esango nuke ETAko kideak ‘indarkeria ikasleak’ besterik ez direla izan, indarkeriaren monopolizatzaile handien alboan, eta hasierakoek, bederen, ideal eder batzuen alde borrokatu zirela.

Eta badaezpada ere berriro esango dut: testuinguruan jartze hori ez da borroka armatua justifikatzeko, historia hobeto ulertzeko baizik. Bereziki gazteengatik diot hori. Izan ere, oso urrun ikusten ditut gaurko gazteak kontu hauetatik, eta ikuspegi osoa izan nahi badugu, ezin dugu testuingurua albo batera utzi, frankismoa existitu ez balitz bezala. Eskolan euskaraz ikastea ‘betidaniko’ kontua balitz bezala, hauteskundeetan botoa ematea betiko kontua balitz bezala, ikurrina lasai erabiltzea beti baimendua izan balitz bezala. Pertsonon memoria ahula da. Azkar uzten ditu atzean kontu desatseginak. Baina ahanztura horrek beste injustizia bat eragin dezake. Eta hori ere kalterako izango litzatekeelakoan nago.

Aurrera begira, hasteko, elementu distortsionante bat gutxiago izango dugu herri honetan. Horrek zertxobait erraztu beharko luke aurrera egiteko pausuak. Bereziki presoen hurbilketaren gaian. Baita milaka pertsonaren sufrimendua arintzeko bidean ere. Horra hor bi erronka garrantzitsu epe labur-ertainean.

Bestetik, espero dut pixka bat erraztea Euskal Herriak behar-beharrezkoa duen elkar ulertze eta elkarlana. Lizarra-Garazikoaren antzeko zerbaitekin amesten dut. Familia txikia gara, arazo handi eta zail bat daukagu aurrean, eta ezin ditugu indarrak alferrik galdu geure arteko borroka partikularretan eta alderdikerietan.

Kataluniako kasuak erakutsi duen bezala, Espainiako gobernuak botere handia du, eta kultura demokratiko eskasa. Beraz, prest dago indarra eta indarkeria erabiltzeko bere arerioen aurka. Alde horretatik, epe labur eta ertainean ez daukat itxaropen handirik burujabetzaren bideari dagokionez.

Baina bizitza hori baino askoz zabalagoa eta konplexuagoa da, eta arazo eta erronka berri asko ditugu jadanik esku artean. Adibidez, indarkeria politikoaren desagerpenak ageriago utzi duen beste basakeria bat: hainbeste gizonek emakumeen aurka erabilitako indarkeria, Iruñako bortxaketa basatia, etab. Bazen garaia gai horiei dagokien garrantzia emateko.

Eta are gehiago esango nuke: feminismoan, ekologismoan, mundu mailako desoreka ekonomiko, politiko, militar eta abarrean erronka handiak ditugun bezala, ezin dugu ahaztu zenbat sufrimendu eta heriotza eragiten duen gaur egun depresioak, antsietateak, bakardadeak eta bizitzako arazo sakonen aurrean dagoen hutsuneak. Agian gure gizarte (ekonomikoki) aberats eta teknologikoetan bizitzen ari garen tragediarik handiena, heriotza eta sufrimendu gehien eragiten ari dena, isilean eta oharkabean gertatzen ari da. Komunikabideak eta gizartea beste arazo batzuetan katramilatuta dabiltzan bitartean.

Baina tira, hori beste upeleko sagardoa da. Poztu gaitezen aurrera emandako pausoaz, bakearen bidean egindako urrats garrantzitsu honetaz”.

Jabier Zubizarreta (Azkoitiko alkatea, EAJ)

“Beldurrez inor biziko ez den herria nahi dut. Ideologia politikoengatik pertsonak juzkatzen ez diren herri bat. Elkarbizitza eta giza eskubideak ezeren gainetik babesten dituen herri bat. Hori da nire esperantza eta horren alde egingo dut lan. Tamalez, hamarkadetako zauriak ez dira egun batetik bestera ixten eta guztion ardura izango da herri honi normaltasuna bueltatzea. Horretan, adiskidetasunak baino lehen adostasunak bilatu behar ditugu”.

Xabin Juaristi (Azkoitiko Sareren kidea eta preso ohia)

“ETAren desegite ekimenak konponbideari eta bakerako ibilbideari ekarpen sendoa egiten dien ustea dut.

Ekimenak bi adierazpen garrantzitsu elkarlotzen ditu: batetik, eragindako kaltearen aitortzarena, inolako aurrekaririk gabea erakundearen ibilbidean; eta, bestetik, desegite adierazpena, nazioarteko komunitatearen egiaztatzeaz lagundua

Akaso, ekimen hau zuzenean bizi izanak ez digu duen garrantzia politikoaz jabetzen uzten. Baina denboraren lerroak historia garaikideko gertakari garrantzitsuenen artean kokatuko du, duda izpirik gabe.

Konponbiderako eta bakerako aurrekaririk gabeko aukera dugu aurrez aurre. Zentzu honetan, euskal presoen auziari irtenbidea emateak inoiz baino presenteago egon behar du, aukera hau hauspotzen jarraitu nahi badugu behintzat. Besteak beste, presoei irtenbidea eman ahal izateko, espetxe politikaren desegitea da orain lortu beharrekoa. Eta bultzada hau, norbanako, eragile eta instituzioek, geure gain hartu beharrekoa da”.

Iraitz Otaño (EH Bilduren zinegotzia Azkoitian)

“Beharrezkoa zen pauso hau gure herrian bakea eraikitzen bidea egiteko. Urteetan Euskal Herriko jendarteak egindako lanak ekarri digu azkenean emaitza. ETAk ziklo bati amaiera eman dio eta denon ardura da etorriko den ziklo berriaren mailan egotea. Une historiko honek irekitzen dizkigun aukera berrietaz baliatu behar gara Euskal Herri hobe baten alde lanean jarraitzeko.

Hemendik aurrera egiteko asko izango dugula uste dut. Alde batetik, ETAren amaierarekin ez dago aitzakiarik euskal preso politikoak etxeratzeko eta hau ezin dugu utzi alde batera, ezta denbora pasatzen ere. Bestalde, urte hauetan mota guztietako biolentzia pairatu duten biktima guztien aitortza ezinbestekotzat ikusten dut Euskal Herrian benetako bake sendo bat eraiki nahi baldin badugu”.

Asier Altuna (Azkoitiko Sorturen kidea eta preso ohia)

“ETAk 2011n Aieteko adierazpenaren ostean eman zuen jarduera armatuaren amaiera. Orduztik, bere gain hartutako ardura guztiak betetzen joan da, oztopoz beteriko bidean. Kontuan izan behar da aldebakarreko erabakia izan dela. ETAk egindako kaltea ere aitortu zuen. Zalantzarik gabe, ETAren agiria eta Kanbon bizitakoa berri pozgarriak dira, nahiz eta batzuek triste eta haserre jaso duten notizia.

Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka politikoa ETAren aurretik dator, eta egoera berri honetan, nire ustez, are gehiago azaleratuko da. Espainiatik ez dator gure herriarentzako soluziorik.

Gatazkaren ondorioei aterabide bat ematea dagokigu eta orain lehentasuna euskal preso eta iheslari politikoen aferari irtenbidea ematea da. Hurrengo hilabete eta urteetan guztion artean egin beharreko lana dugu. Baita biktima guztien aitortza ere. Aurrera begira, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea izango da euskaldunon beste erronka. Katalanek bezala, guk ere gure prozesu independentista abian jartzea, herritarren gehiengoak horrela nahi badu. Gure herrian etapa berri bat zabaltzera doa”.

Nika Lertxundi (Getariako alkatea, EH Bildu)

“ETA ren amaiera berri pozgarria izan da neretzat. Azken hamarkadetan Euskal Herrian izandako egoerak alde guztiei eta bereziki gure herriari sufrimendu handia ekarri dio.

Orain, gertatutako guztia, eta guztia azpimarratu nahi dut, ahaztu gabe aurrera begiratzeko eta etorkizuna demokrazian, giza eskubideetan eta justizia sozialean oinarrituta eraikitzeko garaia da. Oraindik lan asko dugu alde guztiok egiteko: biktima guztien errekonozimendua eta erreparazioa, espetxe politikaren aldaketa, herriari erabakitzeko eskubidea ematea onartzea…

Euskal Herriak benetako bakea eta askatasuna behar ditu, eta hori lortzea denon eginbeharra izango da, era baketsu batean eta hitzei indarra eta protagonismoa emanez”.

Haritz Alberdi (Getariako Eskubide Sozialen Kartako kidea)

“Gatazkari soluzio justu bat emateko Aieteko Nazioarteko Konferentziak bide bat markatu zuen, eta ordutik hona alde batek eskatu zitzaion guztia bete du: borroka armatuaren bukaera, armagabetzea eta, azkenik, bere bukaera. Niretzat, esperotako albistea izan da, logikoa, eta ausarta ere bai, ikusita beste aldeak zenbat oztopo jarri dituen herri honek hainbeste amesten duen bakea oztopatzeko. Aipatu eta goraipatu nahiko nuke, bakearen alde nazioarteko pertsona eta erakunde desberdinek jokatu duten papera, eta bereziki, jendarte zibilaren inplikazioa. Zoriontzekoa, benetan.

Benetako bakea lortu nahi badugu, ezinbestean gatazkaren ondorioak gainditu egin behar dira: preso eta iheslari guztien etxeratzea, jasan dugunaren aitortza eta erreparazioa, eta desmilitarizazioa. Baita, eta derrigorrez, behingoz estatuek herri bezala dagozkigun eskubide nazionalak errespeta ditzatela ere, nire ustez hori baita gatazka politikoaren oinarria. Egoera berri honek Euskal Herrian demokrazia eta bakea lortzeko beharrezkoak izango diren herritarren arteko konplizitate eta konpromiso berriak eraikitzen lagunduko du. Konbentzituta nago gurean ere askatasunaren eta bakearen aldeko tsunami berri bat sortuko dela”.

Aitor Urresti (EAJren zinegotzia Getarian)

“Gazi-gozoa izan da niretzako. Ia 60 urteren ondoren, etapa beltz honen amaiera iritsi da. Baina ezin dut ezkutatu nire etsipena, esperantza neukan amaierak beste tonu bat izango zuela, baina ez da horrela izan. Hainbeste urtetan sorturiko minaren gaitzespena eta biktimekiko aitortza falta izan dela iruditzen zait,  autokritika beharrezkoa dela, onartzea euskal gizarteari urtetan eragin dion kaltea. Nire ustez, gizarteari zor dio, eta zorretan geratuko dela dirudi.

Hemendik aurrera, ETAren mamu hori gabe, ‘motxila’ izugarria kentzen dugu gainetik. Eta pozgarria izango da etorriko diren belaunaldi berriek ez dutela jasango biolentzia hori, beldurra… zatituriko gizarte bat. Baina hau ez da ETAren desegitearekin amaitzen. Ezagutarazten jarraitu behar da, hirstoria ezin da ahaztu, eta nahiz eta jasan ez, ezagutu behar dute belaunaldi berriek ere. Oraindik lan asko dago egiteko, kapitulu bat itxi baita, baina liburu osoa dago idazteko, gizarte guztiak konpartituko duen errelato bat idazteko, gizarteko hausturak josteko baliagarria izango den errelatoa. Beraz, justizia, erreparazioa eta aitortza oinarri hartuta memoria bat sortu behar dugu, etorkizun argitsu bat izateko”.

Mikel Arregi (EH Bilduren zinegotzia Zestoan)

“Zalantzarik gabe, berri oso baikorra izan da eta euskal gizartearen gehiengo handi batek horrela hartu duela esango nuke. Aurreko astean ETAk argitaratu zuen idatzian egindako autokritika eta eragindako minaren aitorpena ere oso kontuan hartzekoak dira, nahiz eta eragile politiko asko aitorpen hori gutxiesten saiatu diren. Eta hau da benetan penagarria, klase politiko oso hipokrita daukagu eta norberak egiten ez duena besteari eskatzeko joera da nagusi.

Hemendik aurrera, bizikidetza eta normalizazio politikoan jarri beharko genituzke gure indarrak. ETAk eragindako sufrimenduaz gain, estatuak eragindako eta aitortu gabeko sufrimendu asko dago. Presoen dispertsioak eragindako biktimak, milaka torturatu, gerra zikinak eta estatuaren indar polizialek eragindako hildakoak… Min guzti hau eragin dutenek ere egindakoa aitortuko balukete askoz errazagoa litzateke; baina, zoritxarrez, zenbait alderdik alde bateko biktimen mina ezker abertzalea politikoki zigortzeko erabili nahi dute, eta tamalez, jarrera horrek bizikidetza zaildu egiten du. Kuriosoa eta esanguratsua izan da, baina bizi osoa ETAri desegiteko eskatzen egon direnak ETA desegin denean inoiz baino haserretuago daudela dirudi. Iparraldean eragile politiko ezberdinen artean lortu duten adostasunaren antzeko zerbait lortu beharko genuke Hegoaldean ere”.

Xebero Agirretxe (Errezilgo alkatea, EH Bildu)

“Balorazioa oso baikorra da. Borroka armatuaren bukaeraren eta armagabetzearen ondoren, azken hillabete hauetan euskal gizarteak ilusioz beteta espero zuen une historikoa.

Aurrera begira, lan asko dago egiteko Bergizarteratzea, bakea, biktima guztiak, erreparazioa… ETA desagertu da, baina gatazka ez da amaitu eta gatazka horren ondorioz oraindik preso eta iheslariak hor dauzkagu. Gertu behar ditugu, etxean behar ditugu, denok batera Euskal Herri aske eta independente baten alde borrokatzeko”.

Nekane Zinkuneg i (EH Bilduren zinegotzia Errezilen)

“Uste dut garrantzitsua izan dela. Agiri argia plazaratu du desagertu egin dela adierazteko, zalantzarako aukerarik utzi gabe. Hala ere, gatazkaren hasiera eta amaiera ez daude ETAren sorreraren eta desegitearen arabera. Beraz, horretan tematu direnek haien ardurari heldu beharko liokete. Eta herri honek pairatzen dituen gainerako indarkeriek ere desagertu behar dute. Are gehiago, ETAk egindako mina aitortu eta biktimekiko errespetua erakutsi duenean.

Hasteko, gatazkaren ondorioei konponbidea eman behar zaie. Elkarbizitzan aurrerapausoak eman behar dira, inor baztertu gabe. Errepresaliatu politikoen egoera alda dadin, gradualki bada ere, gerturatzen eta etxeratzen joan daitezen. Eta, horrez gain, salbuespen neurriak gainditu eta herritarron eskubideak bermatzeko agertokia eraiki behar da, horretara begirako lana egin beharko lukete pentsamolde guztietako mugimendu sozial eta politikoek elkarlanean”.

Mari Karmen Arregi (Aizarnazabalgo alkatea, EH Bildu)

“Balorazio positiboa egiten dut. Herri honek, gatazka politikoaren ondorioz, sufrimendu eta min asko jaso du alde guztietatik. Erabaki hau bakerako pauso haundi bat izango da, alde denok elkarlanean aurrera egiten badugu.

Aurrera begira, bakearen eta askatasunaren alde lanean jarraitzea izango da gure helburua. Pausoak eman badira ere, helburua betetzeko baitago oraindik”.

Jose Angel Zaldua (Orioko alkatea, EAJ)

“Ondo iruditzen zait, horren zain geudela denbora da. 2011n esan zuten ez zutela atentaturik egingo, eta disoluzioaren zain geuden. Euskal Herri guztiak eskatzen zion desegiteko, ez zuen zentzurik jarraitzeak. Ikuspuntu horretatik ona izan da herriarentzako azken agiria.

Ez dakit biktima guztiekin ikuspuntu bera izango den. Batzuk badaude oraindik hau berandu iritsi dela esaten dutenak. Nire ustez, aurrera begiratu behar dugu, atzera begira ez dugu ezer lortuko. Biktima guztiak erreparatu behar dira, baina positiboki ikusi behar dugu”.

Emeterio Iribar (EH Bilduren zinegotzia Orion)

Armagabetzean bezala, ETAren amaiera iragarri den honetan, herritar eta eragile askoren lan isil eta ausarta jarri nahiko nuke balioan. Duela zazpi urte, borroka armatuaren amaiera iragarri zenetik hona, oztopoak besterik ez dira izan prozesu hau modu ordenatuan burutu ahal izateko. Egoera honetara iristeko, ezinbestekoa izan da gizarte zibilaren inplikazioa eta, nahi baino beranduago etorri den arren, pozteko albistea izan da.

Eskubideetan eta demokrazian oinarritutako euskal gizarte bat eraiki nahi badugu, beharrezkoa ikusten dut bukatu den zikloan eragindako sufrimendu guztiak aintzakotzat hartzea, arretaz eta zintzotasunez. Zentzu horretan ez zait iruditzen asko laguntzen dutenik alderdien arteko ika-mikek eta interpelazioek; hobe litzateke zalaparta gutxiagoekin diskrezioz jardungo baginateke.

Amaitu beharra dago baita ere, sufrimendua eragiten jarraitzen duten egoerekin, presoena bereziki baina baita ere Altsasuko gazteen epaiketa bidegabea baliotzen duten legediekin ere”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend